Itzalaldiaren eraginez, 5.000 milioi euro inguru galdu ditu Facebookek

Facebook, Whatsapp eta Instagram sei orduz egon dira etenda, konfigurazio akats bategatik

Frances Haugen Facebookeko langile ohia, atzo, AEBetako Senatuan agerraldia egin aurretik. DREW ANGERER / EFE.
urtzi urkizu
2021eko urriaren 6a
00:00
Entzun

Astelehen arratsaldea zen Euskal Herrian, 17:25. Whatsapp aplikazioko mezuak ezin ziren bidali eta ez ziren iristen. Ez zebilen. Facebook eta Instagram sare sozialak ere ez zebiltzan, ezta Messenger ere. Guztiak dira konpainia berekoak: Mark Zuckerbergen Facebookenak. Eta horrela, sei orduz, gauerdi partean berriro martxan ziren arte. Munduko 3.500 miloi erabiltzaileri eragin zion itzalaldiak. Horren ondorioz, 5.000 milioi euro baino gehiago galdu ditu konpainiak. Akzioek burtsan nabarmen egin zuten beherantz.

Ikusi gehiago:«Kaixo literalki guztioi», eta sare sozialen erorikoak utzitako hainbat mezu

Antza, zerbitzarien konfigurazioan izandako aldaketa batzuen ondorioz gertatu zen konexioaren galera. Konfigurazio aldaketak eragina izan zuen domeinu izenen zerbitzarietan.

Lehen azterketen arabera, bazirudien akatsa Interneteko joan-etorria bideratzeko ezinbestekoa den azpiegitura batean zegoela, hau da, aplikazio horientzat lanean ari diren DNS domeinu izenen zerbitzarietan. Horiek itzultzen dituzte URL helbideak (www.facebook.com, esaterako) makina batek uler dezakeen IP identifikadore gisa. DNSak ez zuen erantzuten, eta, horren ondorioz, Facebooken eta beste aplikazioen zerbitzariak Internetetik ezkutatu lirateke. Facebook konpainiak berak, ordea, aitortu du konfigurazio aldaketan egindako huts egiteak eragin zuela zerbitzuen itzalaldia. Facebookeko azpiegituren presidenteorde Santosh Janardhanek zera argitu du: «Sareko trafikoa koordinatzen duten routerretan konfigurazioa aldatu zen, eta, horrek huts egitean, kate efektua izan zuen datuek komunikazio sisteman, zerbitzuak geldiarazita». Konpainiako ordezkariak nabarmendu duenez, itzalaldiak ez du eraginik izan erabiltzaileen datuetan.

Whatsapp aplikazioaren itzalaldiak eragina izan zuen herritarren komunikazio moduetan: hala, Telegramek 50 milioi erabiltzaile berri lortu zituen herenegun, eta 500 milioi dira orain.

Haugenen salaketak

Itzalaldia ez zaio garai gozoan gertatu Facebooki. Are gehiago, egun nahasietan heldu zaio. Egun bateko arazo teknikoak baino sakonagoa da Frances Haugen konpainiako langile ohiak AEBetako Senatuan atzo egindako agerraldiaren mamia. «Facebook gure demokrazia ahultzen ari da, eta gazteei kalte egiten ari zaie», salatu zuen Haugenek. «Enpresako buruzagiek badakite Facebook eta Instagram seguruago nola bilakatu, baina erabaki dute halakorik ez egitea». Senatarien galderei erantzunez, langile ohiak ohartarazi zuen Instagramek eta Facebookek nerabe asko anorexia izatera eramaten dituela, eta ziberjazarpena pairatzen duten nerabeak ere asko direla azaldu zuen. AEBetako Senatuari neurriak hartzeko eskatu dio, Facebooken eragina kontrolatzeko.

Wall Street Journal-ek argitaratu duenez —Haugenen filtrazioen bitartez—, enpresak berak onartzen du Instagram «toxikoa» dela gazteentzat, «bereziki neskentzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.