Albistea entzun

Zni TB aplikazioa sortu dute, euskarazko edukiak ikusteko tresna

Android duten sakelakoetan eta telebistetan instala daiteke. Youtubeko edukiak aukeratu dituzte
Youtuben dauden askotariko euskarazko edukiak ikus daitezke Zni TB aplikazioan.
Youtuben dauden askotariko euskarazko edukiak ikus daitezke Zni TB aplikazioan. ZER NON IKUSI Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2023ko maiatzak 31 - Donostia

Streaming plataformetan euskaraz zer aurkitu daitekeen erraz kontsultatzeaz gain, zinemetako estreinaldien inguruko informazioa ematen du Zer Non Ikusi taldearen webguneak: zernonikusi.eus. Youtuben dauden euskarazko edukien katalogoa ere bertan jarria dute. Orain, berriz, beste pauso bat eman dute: Zni TB aplikazioa sortu du euskaltzale talde berak. «Euskarazko edukiak sustatzeko eta kontsumitzeko aplikazio bat» dela nabarmendu du taldeak.

Aplikazioa Android gailuetan erabil daiteke, bai sakelako telefonoetan, bai tabletetan, bai telebista konektatuetan. Doan deskargatu daiteke dagoeneko Google Play dendatik.

Euskarazko edukien sortzaileei ikusgaitasuna emateko eta erabiltzaileei entretenimendua euskaraz eskaintzeko beharrari erantzuteko sortu dute aplikazioa. «Ideia Youtuben euskarazko kalitate handiko baina ikustaldi gutxiko edukiak aurkitzean sortu zen», azaldu dute tresnaren sortzaileek. «Askotan, eduki mordoaren aurrean zer ikusi erabaki ezinik egoten dira erabiltzaileak, eta Youtubeko algoritmoak aurkezten duen edukia soilik kontsumitzen dute». Eredu hori hautsi egin nahi dute aplikazio berriarekin, «euskarazko edukiak soilik erakustea bermatzen baitu, Youtubeko algoritmoa saihestuz». Alderaketa egin dute: «Youtube Kidsen bertsio aurrekonfiguratu bat izatea bezalakoa da, baina adin guztietarako».

Gaika sailkatuta

Aplikazioak gaika bereizitako hainbat atal eskaintzen ditu: telesailak, marrazki bizidunak, vlogak, podcastak, haurrentzako musika, bideojokoak, elkarrizketak, haurrentzako programak, websailak, umorea, hezkuntza eta sukaldaritza. Atal horien barruan Hamaika telebistaren eta ETBren programak daude, baina baita beste eragile batzuek ekoitzitakoak ere.

Aplikazioaren sortzaileek uste dute erabiltzaileek errazago aurkitu ahalko dituztela euskarazko edukiak. «Eta horrek, era berean, pertsona gehiago estimulatuko ditu euskarazko edukiak sortzera».

Zer Non Ikusi taldearen webguneak harrera ona izan du orain arte. Aplikazioak ere hala izatea espero dute. «Gero eta digitalagoa den mundu honetan, funtsezkoa da gure hizkuntza eta kultura zaintzea eta sustatzea». Zni TB aplikazioarekin euskarazko eduki sortzaileei plataforma bat eman nahi diete, erabiltzaile gehiagorengana iristeko. «Erabiltzaileei edukiak euskaraz kontsumitzea erraztu nahi diegu».

Denetarik topa daiteke Zni TB aplikazioan: BERRIAren Kinka podcasta, Marruma Kulturalak herri ekimeneko saioa, ETBko Brinkola telesaila, Belarri bero, bai esan websaila —Hamaikan ari dira ematen—, haurrentzako Loa eta Laia marrazki bizidunak, Game Erauntsiaren bideojokoei buruzko irratsaioa, Iparraldeko gazte batzuek egiten duten Bada saioa eta abar.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Mahats bilketan parte hartu zuten BERRIAlagunak, atzo, El Mozo Wines upategiko mahastietan. ©AITOR KARASATORRE / FOKU

Edan bai, bildu ere bai

Olatz Enzunza Mallona

BERRIAlagun batzuek mahats bilketa egin dute Lantziegoko El Mozo Wines upeltegian. BERRIAren 20. urteurrenaren harira antolatu dute ekitaldia, eta abenduan Hatsa ardo propioa ekoitziko dute.
 ©BERRIA

«ETAren armagabetzea kontatzea amesten nuen, eta lortu nuen»

Unai Etxenausia

«Irratiaren magiak konkistatu» zuen behin. Ordutik, lau hamarkada eman ditu Cobok SER irratian Euskal Herriko politika kontatzen. Joan den urtea amaitzearekin bat utzi zuen irratia, baina argi dauka ez duela kazetaritza sekula utziko.
 ©HITZETIK HORTZERA

«Bertso mundua etxea bezalakoa da niretzat»

Beñat Mujika Telleria

Hil honetan abiatu da 'Hitzetik hortzera'-ren denboraldi berria. Zenbait berrikuntzarekin itzuli da saioa; horietako bat, aurkezlea: Mirari Martiarenak hartu du Eider Perezen tokia saioaren gidaritzan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...