TVEk Beriain eta Fraile omenduko ditu gaur bi dokumentalen bidez

La2 kateak 'Los ojos de la guerra' eta 'Morir para contar' lanak emango ditu, 23:00etan

David Beriain eta Roberto Fraile kazetariek makina bat lan egin zuten elkarrekin. JORGE FERNANDEZ MAYORAL.
urtzi urkizu
2021eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
David Beriain Afganistango gizarteari buruz hizketan: «Galdetu izan diot neure buruari zer egingo ote nukeen Afganistango gerrako gizon horietako bat banintz». Roberto Lozanok duela hamar urte egin zuen Los ojos de la guerra dokumentalean mintzo da Beriain, gatazketan lan egiten duten beste kazetari batzuekin batera. TVEk Beriain eta Roberto Fraile omentzeko emango du gaur lana, 23:00etan, La2 kateko La noche temática saioan. Burkina Fason berriki hil dituzten bi kazetariei aitortza egingo die horrela kate publikoak.

Los ojos de la guerra laneko kameraria, halaber, Roberto Fraile bera izan zen. Afganistango gerraz gain, Balkanetako gerra, Irakeko inbasioa eta Kongoko gatazka armatua aztertzen dituzte zenbait kazetarik. Tokian bertan gatazken berri eman izan duten kazetariak dira protagonista nagusiak; tartean, Mikel Aiestaran ETBko eta Vocentoko berriemailea —urteak daramatza Ekialde Hurbileko gatazken berri ematen—, Gervasio Sanchez argazkilaria, Sergio Caro kazetaria eta Hernan Zin Argentinan jaiotako berriemaile, zinemagile eta ekoizlea.

Dokumentalak giza eskubideen aldeko alegatu bat izan nahi du. Horretarako, Lozanok gerretako izugarrikeriak plazaratzen ditu zenbait lekukotzaren bitartez. Halaber, dokumentalak Afganistan, Kongo, Irak eta Balkanetako tokiko prentsaren berri ematen du. Gerrak biktimengan duen eragina aztertzen du, eta kazetariek gatazkak nola tratatu behar dituen islatzen du. Bidenabar, gerretan lan egiten duten berriemaileek bizi ohi dituen arriskuak geratzen dira agerian.

Ondorio pertsonalak

Bai Beriain eta bai Fraile beren esperientziaz hizketan agertzen dira Morir para contar dokumentalean —Los ojos de la guerra amaitu bezain laster emango dute—. Hernan Zin zinemagileak Vietnamgo gerratik 2017ra arteko bidaia bat egiten du bertan, gatazketan lan egiten duten kazetarien bitartez.

Gerra batean lan egiteak kazetariengan duen pisu psikologikoa agerian gelditzen da lanean. Era berean, estres postraumatikoa jasan izan duten kazetariei ematen zaien laguntzaz mintzatzen dira.

Dokumentalean azaltzen dira Estatu Islamikoak bahitutako kazetariak, Sirian zauritu dituztenak, eta lankide zein lagunak galdu izan dituztenak Bosnian, Sierra Leonan, Iraken edo Afganistanen. Ahoan bilorik gabe mintzo dira gatazketako berriemaileak, gerren kontakizun oso gordinak plazaratuz. Funtsean, dokumentala bera omenaldi bat da, herritarrak informatuak egon daitezen beren bizia arriskuan jartzen dutenei eginikoa.

Morir para contar dokumentala ikusgai dago Netflix plataformako katalogoan ere. RTVEk eta Contramedia Films eta Quexito Films ekoiztetxeek ekoitzi zuten.

Beste alde batetik, Beriainek ekoitzitako azken lanetako bat, Palomares dokumental saioa, Movistar Plusen ari dira ematen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.