Elkarlanean agurtuko dute Korrika euskarazko telebista kateek

ETB, BERRIA, Hamaika, Kanaldude, Goierri TB eta 28 Kanala Donostiatik arituko dira bihar

Hasierako ekitaldiaren berri elkarlanean eman zuten hedabideek, Amurriotik. RAUL BOGAJO / FOKU.
ane insausti barandiaran
2022ko apirilaren 9a
00:00
Entzun

Elkarlanean egin zuten Korrikaren hasierako saioa, eta elkarlanean egingo dute amaierakoa ere: Berria telebista, ETB, Hamaika, Kanaldude, Goiena, Erlo, Goierri TB eta 28 Kanala eskuz esku arituko dira Donostiatik bihar, 11:30etik 13:00etara. 22. Korrikaren azken urratsen eta amaiera ekitaldiaren jarraipena egingo dute. Ilaski Serrano (ETB) eta Ekhiñe Atorrasagasti (Hamaika) arituko dira aurkezle lanetan. Berria Telebista, berriz, Nagore Arin kazetari eta bideogileak ordezkatuko du.

Korrika amaitu aurretik hasiko dute saio berezia, eta aurkezleak oholtzan egongo dira, azken kilometroen zuzeneko kontaketa egiten, eta hainbat gonbidatu elkarrizketatzen. Besteak beste, Ramon Agirre eta Itziar Ituño aktoreekin, eta Juan Gorriti Korrikako lekukoaren sortzailearekin hitz egingo dute.

Bestalde, berriemaileak Donostiako kaleetan barrena ibiliko dira, eta haiek ere euskal kulturako hainbat pertsonari elkarrizketak egingo dizkiete: Jon Maia Kukai dantza konpainiako dantzariari, eta Joxe Mari Agirretxe Porrotx-i eta Mertxe Rodriguez Marimotots-i, esate baterako.

Korrika helmugara iristearekin batera, 12:30ean gutxi gorabehera, itxiera ekitaldiaren zuzeneko emisioa egingo dute, eta, ezkutuko mezua irakurri ondoren, 13:00ak pasatuta, amaituko dute saioa.

Egitaraua, katez kate

Berria telebistari dagokionez, zuzeneko saioan parte hartzeaz gain, aurreko egunetako plangintzari eutsiko diote, aldaketa batzuekin: 10:00etan argitaratuko dute aurreko egunak emandakoa eta azken egunak dakarrena azaltzen duen kronika. Biharko kasuan, ordea, ez da elkarrizketarik egongo. Horren ordez, mezuaren irakurketarekin lotutako bideo bat argitaratuko dute. 20:00etan, berriz, hamaikagarren eta azken kanta kaleratuko dute; Gartxot Unsain musikariak egin du. Azkenik, Julen Aperribai BERRIAko kazetariak igandeko egunaren kronika egingo du, astearteko egunkarian argitaratzeko.

EITBri dagokionez, ETB2n emango dute biharko saioa, eta kaleko jai giroaren berri emango dute. Gainera, biharko Gaur egun eta Teleberri albistegiak Alderdi Ederretik egingo dituzte, eta baita kirol tarteak ere. Goizean, hainbat irratsaio egingo dituzte Donostiatik: Euskadi Irratiko Amarauna saioak gainerako euskal komunikabideekin elkarlanean emanaldi berezia egingo du, eta Radio Euskadiko Mas que palabras saiokoak ere Donostiatik arituko dira. Korrika amaitu ondorenerako, Egunean Behin partida flasha antolatu dute Korrikak eta EITBk, Bulebarrean, 13:30ean. Antton Telleriak gidatuko du saioa, eta hiru partida jokatuko dituzte parte hartzaileek; hainbat sari ere banatuko dituzte.

Hamaika Telebistak ere zuzenean emango du saioa 11:30etik aurrera, eta goizean, 08:00etan hasita, Korrikak iraun bitartean egin duten bezala, Korrika zuzenean emango dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.