Athleticen finalerdiak, %46,5eko ikusle kuota; Realarenak, %36,4koa

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira 400.000 lagunek ikusi zuten zuri-gorrien garaipena

Athleticen eta Granadaren arteko partida, asteazkenean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
urtzi urkizu
2020ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Datuek erakusten dutenez, futbolak bereganatzen du ikusle gehien telebistan, eta horren adibide izan dira aste honetan jokatu diren Espainiako Kopako finalerdietako joaneko lehiak: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Athletic-Granada partidak %46,5eko ikusle kuota lortu zuen asteazkenean —400.000 herritarrek ikusi zuten finalerdia osorik telebistaz—; Reala-Mirandes partidak, berriz, %36,4ko ikusle kuota izan zuen—285.000 ikus-entzule—. Bi kasuetan, eguneko emanaldietan liderrak izan ziren, alde handiz: asteazkenean, gehien ikusi ziren emankizunetan bigarrena ETB2ko Teleberri1 izan zen, eta futbol partida baino 305.000 ikusle gutxiago izan zituen. Ostegunean, aldea txikiagoa izan zen futbolaren eta bigarren emankizunaren artean, Tele5ko La isla de las tentaciones saioaren finalak %25,3ko ikusle kuota bereganatu baitzuen.

Hego Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Espainiako datuak batuta, Athletic-Granada partidak 2,6 milioi ikus-entzule izan zituen Cuatro katean. Herrialde horiek guztiak kontuan hartuta, 2.321.000 lagunek ikusi zuten Reala-Mirandes lehia.

Athleticek Espainiako Kopan jokatu zuen aurreko kanporaketak ere antzeko emaitzak izan zituen: otsailaren 6an, final-laurdenetako Athletic-Bartzelona partidak %44,9ko ikusle kuota izan zuen Cuatron —366.000 ikus-entzule—. Real Madril-Reala partida, berriz, Interneteko Dazn plataformak eman zuen.

2015eko finala

Finalerdietako ikusle datuak handiak izan dira, eta gainditu egin daitezke finalean. Izan ere, 2015eko Espainiako Kopako finala Athleticek Bartzelonaren aurka jokatu zuen, eta orduko hartan %59,7koa izan zen ikusle kuota Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (447.000 ikusle). Apirilaren 18an jokatuko da aurtengo finala, Sevillan (Espainia), eta Mediaset taldeak emango du.

Espainiako Kopako Athleticen partiden oihartzuna handia da, baina are audientzia handiagoak lortu izan dituzte Espainiak Eurokopan eta Munduko Kopan jokatutako zenbait partidak. Esate baterako, 2018ko Munduko Kopan, Espainia-Errusia partidak %63,3ko ikusle kuota izan zuen, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan —txapelketa bereko finalak, Frantzia-Kroazia, %51,5eko ikusle kuota bereganatu zuen—. Inoizko ehunekorik handiena 2010eko Munduko Kopako finaleko —Espainia-Herbehereak— luzapenak izan du: %80,4ko ikusle kuota.

ETB1ek ere bere garaian datu oso-oso handiak lortu izan ditu zenbait futbol partidatan. 2012ko apirilaren 25ean, Txapeldunen Ligako finalerdietako penaltiek—Real Madril eta Bayern Munich ari ziren jokoan— %49,3ko ikusle kuota izan zuten —700.000 ikus-entzule—. Taldeak esan zuenez, hori izan zen ETBren historian ikus-entzule gehien bereganatu zuen emankizuna. Hilabete hartan, euskarazko kateak %3,1eko ikusle kuota izan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.