Caroline Muscat, Phan Doan Trang eta Eman al Nafjan saritu dituzte

Mugarik Gabeko Kazetariek Prentsa Askatasunaren Sariak eman dituzte, Berlinen

Caroline Muscat Maltako kazetariak Kazetaritza Independetziaren saria jaso du. BERRIA.
urtzi urkizu
2019ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Oztopoak oztopo eta zailtasun guztiak gaindituz kazetaritza independentea egiten ari diren hiru profesional saritu zituzten atzo Mugarik Gabeko Kazetariek: Saudi Arabiako Eman al Nafjan kazetariari Ausardiaren Saria eman zioten, Pham Doan Trang Vietnamgo kazetariari Kazetaritzako Eraginaren Saria, eta Maltako Caroline Muscat kazetariari Independentziaren Saria. 2019ko Prentsa Askatasunaren Sariak Berlinen eman zituzten aurreneko aldiz, atzo, Deutsches Theater antzokian. Izan ere, Alemaniako Mugarik Gabeko Kazetariek 25. urteurrena ospatu dute aurten, eta horregatik adostu dute haiek antolatzea ekitaldia. Sariak 1992. urtean hasi ziren ematen. TV5 Monde telebista kateak urtero parte hartu izan du sarien antolaketan, eta aurten beste bi eragile batu dira: Posteo mezularitza enpresa eta Intan komunikazio taldea.

Ausardiaren Sariaren bidez, Mugarik Gabeko Kazetariek komunikabide bati, erakunde bati edo kazetari bati aitortzen diote kazetaritzaren defentsan egindako ahalegina. Al Nafjan kazetaria emakumeen eskubideen defentsan aritu da azkeneko urteetan, eta SaudiWoman.me webgunearen sortzailea da. Hainbat kanpaina sustatu ditu Saudi Arabian emakumeek autoak gidatzeko eskubidea izan dezaten. Iazko maiatzean atxilotu egin zuten, emakumeen eskubideen alde borrokan ari diren beste aktibista batzuekin batera. «Segurtasun nazionalaren aurka jardutea» eta «atzerriko entitateekin harreman susmagarriak izatea» leporatzen diote, eta hogei urteko espetxe zigorra jasotzeko arriskuan da. Martxoan 28tik, behin-behinean aske dago.

Maltako ustelkeria argitara

Kazetaritzaren Independentziaren Sariaren bidez, bestalde, presio ekonomiko, politiko eta erlijiosoei erresistentzia erakusten dioten kazetarien lana aitortzen dute. Aurten, Maltako Caroline Muscatentzat izan da sari hori. Daphne Caruana Galizia kazetariaren hilketaren ostean, Muscaten The Shift News hedabide digitala sortu zuen, ikerketa lanak plazaratzeko asmoz. Maltako ustelkeria auziak eta prentsa askatasunarekin lotutako erreportajeak argitaratu dituzte bertan. Erresuma Batuko Henley & Partnerts enpresarekin lotutako edukiak kentzeko agindua jaso izan du webguneak, baina Muscatek uko egin dio horri.

Kazetaritzako Eraginaren Saria Vietnamgo Pham Doan Trangentzat izan da. Blogari arrakastatsua eta Luat Khoa aldizkari digitalaren sortzailea ere bada kazetari hori. Gaur egun, The vietnamese aldizkariko erredakzioburua da. Bi aldizkari horietan, ahalegin berezia egiten dute irakurleek Vietnamgo legeak ondo ezagutu ditzaten, eta, modu horretan, haien eskubideak zein diren jakin dezaten. Kazetari vietnamdarrak hainbat liburu idatzi ditu, eta horietako batek eragin handia izan du LGBT kolektiboaren eskubideen aurrerapausoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.