'The New York Times'-ek 9,7 milioi harpidedun ditu, eta hazten ari da

Egunkariaren harpidedun kopurua %8 handitu da. Luxuzko publizitateak ere gorakada izan du

The New York Times egunkariaren eraikina, hiriko Zortzigarren Etorbideko 620. zenbakian. ALEX TORRENEGRA / EFE.
urtzi urkizu
2023ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Okerrik izan ezean, hemendik gutxira hamar milioi harpidedunen langa gaindituko du The New York Times AEBetako egunkariak. Harpidetza kopuruak goranzko joera dauka; harpidetza digitalek, zehatzago esanda. Izan ere, paperezko harpidedunak egun 710.000 dira, eta iaztik hona %10 gutxiagotu dira. Paperezko harpidetzak eta digitalak batuz gero, bestalde, urteko lehen hiruhilekoan %8 hazi dira iazko datuekin alderatuz gero. Egunkariak 9,7 milioi harpidedun ditu, horietatik bederatzi digitalak. Gainera, irakurle batzuek harpidetza bat baino gehiago dituzte, eta zerbitzuen harpidetza kopurua 11 milioitik gorakoa da.

Harpidedun digital berriak 790.000 inguru izan dira azkeneko urtean. Joera hori baikortzat jo dute hedabideko arduradunek. Egunkariak espero du 2027. urtearen amaieran 15 milioi harpidedun bereganatzea.

Meredith Kopit Levien konpainiako kontseilari ordezkariak nabarmendu du harpidetza arloak lortzeko estrategian «bide garrantzitsua» duela egiteko datozen urteetan.

Publizitate sarrerak

Urteko lehen hiruhilekoaren datu ekonomikoei dagokienez, The New York Times-ek 515 milioi euroren sarrerak izan ditu—aurreko urtean baino %4,3 gehiago—. Harpidetzei esker lortutako sarrerak %6,9 handitu dira. Aldiz, publizitate bidezko diru sarrerak %8,6 gutxiagotu dira egunkariarentzat: 97,5 milioi eurokoak izan dira. Luxuzko publizitatea ez da txikiagotu; are gehiago, handitu egin da produktu digital batzuei esker.

Egunkariarentzat azkeneko urtean pisu handia izan du The Athletic kirol hedabide digitalaren erosketak. Atari horrek 22 milioi euroren sarrerak izan ditu harpidetzetan, eta beste 3,85 milioi publizitatean. Baina, hala ere, The Athletic-ek 7,16 milioi euroren galerak izan ditu. Konpainiak ohartarazi du soilik bi hilabetez izan dela The Athletic-en jabe, eta horregatik direla behin-behineko galerak.

Finantzaketa zuzendaria

The New York Times-ek beste berritasun bat badu egunotan: Wiliam Bardeen Estrategia zuzendaria enpresako finantzaketa zuzendari berria izendatu dute, Roland Caputo ordezkatuz. Bardeen azken bost urteetan izan da estrategiaburu. Hemeretzi urte dira egunkarian lanean ari dela.

Egunkariak sektore desberdinetan ditu negozioak. Zinemarekin, telebistarekin eta inprimaketa komertzialarekin lotutako aktibitateetan, enpresak 52,3 milioi euroren sarrerak izan ditu urteko lehen hiruhilekoan: aurreko urtean baino %15,8 gehiago.

AEBetan sare sozialetan mintzagaia izan da New Yorkeko egunkaria beste arrazoi bategatik: Elon Musk Twitterreko jabe berriak hitz zatarrak egin ditu hedabidearen kontra, ez duelako Twitter Blue ordaindu. «Bere profila kakeriaren parekoa da», adierazi du Muskek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.