Protesta eta sabotaje artean egingo dute gaur Eurovisionen finala

Ekitaldia aurpegia zuritzeko erabiltzea egotzi diote palestinarren aldeko taldeek Israeli
Ekintzaileak, ostegunean, Eurovisionen finalerdian: «Ausart zaitez apartheidaren amaiera amestera».
Ekintzaileak, ostegunean, Eurovisionen finalerdian: «Ausart zaitez apartheidaren amaiera amestera». ABIR SULTAN / EFE

Edu Lartzanguren -

2019ko maiatzak 18
Ekintzaile batek Ausart zaitez apartheidaren amaiera amestera mezua zuen oihal bat aireratu zuen ostegunean, Expo Tel Aviv eraikinaren barruan, Eurovision jaialdiaren bigarren finalerdia egiten ari ziren bitartean. Jaialdiak aurten hartu duen leloarekin —Ausart zaitez amestera— jokatu zuten ekintzaileek, eta Palestinako banderarekin apainduriko elastikoak zituzten soinean. Gaurko finalaren aurreko azken protesta baino ez zen izan. Jaialdiaren aurtengo saioa Israelen egingo zela iragarri bezain pronto, protestak hasi ziren, eta gaurko finala ekintzaileen jomuga da, mundu osoan 200 bat milioi ikusle biltzea espero baita.

Asteartean, ustekabea izan zuten lehen finalerdia Kan Israelgo irrati-telebista publikoaren webgunearen bitartez ikusten ari zirenek. Zibererasoa izan zen gunean, eta, musika jaialdiaren ordez, bideo bat agertu zen, gezurrezko eraso baten berri emanez. «Israel ez da segurua, ikusiko duzue» mezua zabaldu zuten, Israelek Gazan eginiko bonbardaketen irudiekin batera.

Twitterren #BoycottEurovision2019 eta #EurovisionBoycott2019 traoletan ari dira kanpaina egiten. Eurovision 2019 Tel Aviv, Ez da kantuan egiteko modukoa leloa idatzita ibili dira Dublingo autobus publikoak aste honetan. Artearen bidez aurpegia zuritzen saiatzea leporatzen diote ekintzaileek Israeli.

Israelgo armadak Gazan berriki suntsituriko eraikin batean, «Eurovision alternatibo» bat egin zuten asteartean. Gazako hainbat musikarik kontzertua eman zuten eraikinen hondakinen artean. «Israelen okupazioa zuritzeko edozein kanpaina salatzen dugu, eta haren krimenak musikaren eta artearen bitartez salatzen ditugu», esan zuen Josour musika taldeko Kamel Musallamek, ekitaldian. Hurrengo egunean, Nakba edo hondamendiaren eguna gogoratu zuten palestinarrek, eta Israelgo estatuaren sorrera israeldarrek.

Boikot eskaera

Aurtengoa jaialdiaren 64. aldia da, eta 41 herrialdek hartu dute parte. Iaz Lisboan Netta abeslari israeldarrak irabazi zuelako egingo dute aurten Israelen.

Irailaren 7an, jaialdiari boikot egiteko eskatu zuten dozenaka musikari, aktore eta idazlek, Londresko The Guardian egunkarian argitaraturiko gutun baten bidez. Sinatzaileen artean zeuden Aki Kaurismaki eta Ken Loach zinemagileak eta Roger Waters (Pink Floyd), Brian Eno, Fermin Muguruza eta Lluis Llach musikariak. Gaurko finalaren aurretik, protesta ekitaldi bat egingo dute Expo Tel Aviv eraikinaren aurrean.

Urtarrilaren 19an, Parisen, Eurovision 2019 Israelen ez mezua zeramaten afixekin sartu ziren protestariak Frantziako ordezkaritza aurkezteko jaialdiaren agertokira. Laster kanporatu zituzten, baina mundu osoan ikusi zuten ekintza, zuzeneko emisioaren bidez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna