'Irati' da azken astean gehien ikusi den filma Espainiako Prime Videon

Pelikula euskaraz eta gaztelaniaz dago ikusgai. Beste herrialde batzuetara zabalduko da laster

Edurne Azkarate aktorea Irati filmeko irudi batean. IRATI FILMA.
urtzi urkizu
2023ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Astebete beteko da bihar Amazon Prime Videok Irati filma bere katalogoan jarri zuenetik. Oraingoz,Espainiako Amazon Prime Videon baino ezin da ikusi —euskarazko zein gaztelaniazko bertsioak daude eskuragarri, eta azpidatziak ditu bi hizkuntzetan ere—. Eta Hego Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan, Galizian eta Espainian plataforma horretan azkeneko sei egunetan ikus-entzule gehien izan duen pelikula izan da Paul Urkijok zuzendutakoa. Gainera, plataforman sartzen den erabiltzaileak aurrez aurre topatuko du Irati.

Aurrekontu handiko filmen aurretik jarri da Urkijoren euskarazko zinta. Izan ere, bigarren tokian Guy Ritchieren Operation Fortune dago —Amazon Originals bat da—. Eta hirugarrenean, zientzia fikziozko 2050 filma. Eduki guztiak aintzat hartuz gero, azkeneko astean Citadel telesaila dago lehen tokian —plataformaren telesail garestienetan bigarrena—, eta bigarren tokian da Irati.

Manu Paino Irati filmaren ekoizleetako batek nabarmendu du euskarazko lana «sekulako harrera ona» izaten ari dela plataforman. «Azkeneko egunetan, plataformakoek mezuak bidali dizkidate, esanez emaitza oso ona izaten ari dela. Haiek ere oso pozik daude». Painoren arabera, agerian gelditu da filmak interesa piztu duela eta jendeak ikusteko gogoa duela. «Ikusleen artean egongo dira zinemara joaten ez direnak, eta egongo dira beste batzuk filma bigarren edo hirugarren aldiz ikusten ariko direnak».

Frantziako banaketa, aurki

Painok azaldu duenez, hainbat streaming plataformarekin izan zituzten elkarrizketak. «Baina Amazon Prime Videok izan zuen interesik handiena». Espainiako Amazonen arrakasta izateak lagun diezaieke beste herrialde batzuetako akordioei begira; izan ere, Amazonek bere irizpideak eta katalogoak ditu herrialde bakoitzean. «Dena den, aukerak daude filma beste herrialde batzuetako beste plataforma batzuetan zabaltzeko».

Zinema aretoetan 160.000 ikusle izan ditu Irati-k. Euskarazko film batek lortu duen kopururik handiena da hori. Frantziako banatzaile batzuk interesatuta daudela esan du Painok. «Espero dugu Cannesko jaialdira bitartean Frantziako banatzailearena ixtea». Ipar Euskal Herriko aretoetan estreinatuko litzateke horrela. Nazioarteko beste jaialdi batzuetara ere iritsiko da laster.

Bestetik, Primeran plataformaren iragarkia jarri zuen ETBko zuzendariak joan den astean Iruñeko jardunaldi batean, eta Irati-ren irudiak ageri dira bertan. Baina Irati aretoetan estreinatu eta 19 hilabetera eman ahalko du ETBk filma. Horrenbestez, 2024ko irailean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.