TV3 kateak 5G teknologia erabiliz emango du Diadako manifestazioa

Hamaikak ere Diadaren inguruko zuzeneko saio bat emango du gaur, 17:00etatik 19.00etara

Iazko Diadako manifestazioaren irudi bat, Bartzelonan. Gaur ere kaleak beteko dituzte independentistek. A. GARCIA / EFE.
urtzi urkizu
2019ko irailaren 11
00:00
Entzun
Katalunian, aurreneko aldiz 5G sarea erabiliko dute gaur zuzeneko telebista emankizun bat egiteko, espazio publiko eta ireki batean. Diadaren manifestazioan izango da emankizun hori, TV3 kate publikoan. Euskal Herrian ez dute halakorik egin orain arte. Katalunian, berriz, Ikus-entzunezko Hedabideen Korporazioak eta Kataluniako Generalitateak bat egin dute saiakera egiteko eta 5Garen aukerak ikus-entzunezko sektorean nolakoak diren probatzeko.

TV3eko lantalde bat Bartzelonako Espainia plazan ibiliko da gaur arratsaldean, eta berriemaile bakoitzak 5Gko telefono inteligente bat izango du. Manifestarien ikuspuntua jasoko dute, eta haien irudiaren konexioa ez dute bide tradizionaletatik egingo, baizik eta Vodafoneren 5G sarearen bitartez. Horrez gain, kamera bat Catalonia Plaza hoteleko logela batean jarriko dute. Kamera hori TV3eko egoitzarekin egongo da konektatuta, Samsung 5G terminal baten bitartez, eta backup-eko zuntz optikoa izango du. TV3en arabera, «paradigma aldaketa» ekarriko du horrek, orain arte emankizunetan zuntz optikoa erabili baitute lehen lotura moduan, eta sare mugikorra bigarren lotura gisa.

TV3 eta 3/24 kateek 16:00etatik 21:00etara emango dute Especial manifestació 11-S saio berezia. Gero, 21:00etan, albistegia iritsiko da, eta Diadan jarriko dute arreta.

Kataluniako kate publikoaren arabera, 5G teknologiaren bidez manifestazio handi bateko irudiak igortzeak kalitatea bermatuko du. «Bideo profesionalerako konexio baterako kalitatea ziurtatua egongo da», iragarri du TV3ek.

4Garen aldean, 5G teknologiak banda zabalera handia ahalbidetzen du, baita datuen transmisioaren abiadura nabarmen bizkortzea ere. Horri esker, aukera berriak sortuko dira zuzeneko emankizunen errealizazioan, edukietan eta beste arlo tekniko eta profesional batzuetan. Izan ere, kazetari batek telefono inteligente bat eta telefonoa egonkortzeko euskarri bat baino ez ditu beharko irudi eta soinu seinalea bidaltzeko. «Horrek mugimendu autonomia handia emango dio kazetariari, eta emanaldia hurbilagoa bihurtuko du», dio TV3ek.

Saio berezia Hamaikan

TV3en ez ezik, Hamaika telebistan ere ikusi ahalko da gaur arratsaldean Bartzelonako manifestazioa. Beñat Zarrabeitiak aurkeztuko du saio berezia, 17:00etatik 19:00etara. Solaskideen artean, besteak beste, Elsa Pamparacuatro analista politikoa eta Gorka Mostajo EGIko kidea egongo dira. TV3eko irudiak emango dituzte.

ETB1eko Ahoz aho saioan ere manifestazioko irudiak eskainiko dituzte. Eli Zunzunegi eta Olatz Simon berriemaileekin batera, Bartzelonan Ander Errasti filosofia politikoko doktorea arituko da analista gisa. Bilbon, EITBko platoan, solaskideak Iñaki Galdos, Galder del Campo eta Itziar Nogueras izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.