Maite Iturbek eskatu du EITBren aurrekontua %20 handitzeko

Euskaraz hamabi orduko produkzioa egiteko eta errepikapenak saihesteko litzateke dirua
Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusia, atzo, Eusko Legebiltzarrean.
Maite Iturbe EITBko zuzendari nagusia, atzo, Eusko Legebiltzarrean. EUSKO LEGEBILTZARRA

Urtzi Urkizu -

2019ko urriak 10
EITBri baliabide gehiago ematea beharrezkoa dela nabarmendu zuen atzo taldeko zuzendari nagusi Maite Iturbek, Eusko Legebiltzarreko kontrol batzordean. Aurrekontua %20 handitzeko proposatu du. «Funtsezkoa da euskarazko hedabideentzako finantzaketa handitzea: arratsaldean euskarazko errepikapenak saihesteko, fikzio gehiago egiteko, eduki guztiak Interneten jartzeko, euskaraz Interneterako eduki propioak sortzeko, albistegietan eduki bereizgarriak sortzeko eta haurrentzako eta gazteentzako eduki gehiago egiteko». Iturberen arabera, egunean euskaraz hamabi orduko produkzioa egiteko behar da aurrekontuaren igoera.

EH Bilduk proposamen bat egina du ETB1eko aurrekontua %10 handitzeko. Talde horretako legebiltzarkide Jasone Agirre gustura azaldu zen Iturberen eskaerarekin: «Eskatu duzuen igoeran bi heren euskarazko edukientzat izango litzateke, eta horretan ados gaude».

EITBko zuzendari nagusiak nabarmendu zuen kritikaren eta publikoaren babesa duten saioak behar direla. «Fikzioa estrategikoa da, interes handiko eremua».

Bestalde, 2021-2024 kontratu programari begira, honako proposamen hau jarri zuen mahai gainean Iturbek: «ETB1 katearen indartzearen ostean, plantea daiteke euskarazko saio batzuk ETB2n ematea, gaztelaniazko azpidatziekin». Edonola ere, aipatu zuen legebiltzarreko lantaldeak eskatu dituen ikerketek ondorioztatu dutela herritarrak euskarazko katea eta gaztelaniazkoa bereiztearen alde daudela.

Karrera profesionala

Euskarazko edukiak sustatzearen aldeko azalpenekin ez zuten kexurik azaldu talde politikoetako ordezkariek. Aldiz, Iturbek kritika ugari jaso zituen karrera profesionala sustatzeko legebiltzarrak aho batez onartutako proposamenaren inguruan mintzatu zenean. Izan ere, EITBko zuzendari nagusiak aitortu zuen ezin izan dutela akordiorik lortu sindikatuekin ardura postuak karrera profesionalaren arabera izendatzeko, eta haiei egotzi zien errua. «Sindikatuentzat ez da lehentasunezkoa karrera profesionalaren legez besteko proposamena betetzea», esan zuen.

Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkide Edurne Garciak hala esan zuen: «Iturbek askotan botatzen die errua besteei legebiltzarreko mandatuak ez betetzeko». EH Bilduko Agirre ere gogor mintzatu zitzaion: «Legebiltzarrari errespetu barik ari zarete erresistitzen. Esku hutsik etorri zara berriz ere».

Iturbek esan zuen arazoak izaten dituztela langileek ardurak bere gain hartzeko. ELAk, berriz, adierazi du ETBn soilik behin egin dutela sail baten arduraduna betetzeko barne deialdia —Gizarte sailean—. «Inoiz ez editoreetan eta koordinatzailetan». Sindikatuak salatu du ez dela existitzen karrera profesionala. «Eta ez dago hori iraultzeko proposamenik zuzendaritzaren aldetik .

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna