BERRIAk 3.500 euro inguru lortu ditu Zaporeak elkartearentzat

Gaur da azkeneko eguna diru ekarpenak egiteko. Moriako dokumentala ikusgai dago sarean

Moriako erretratuak dokumentalaren fotograma bat. BERRIAren webgunean ikus daiteke. BERRIA.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko azaroaren 17a
00:00
Entzun

Orain arte landu gabeko egitasmo batean murgildu da BERRIA azkeneko egunetan: Moriako errefuxiatuen kanpalekuari (Lesbos uhartea, Grezia) buruzko dokumental bat estreinatu du, eta diru bilketa bat antolatu du Zaporeak elkarteari laguntzeko. Sei egunean 3.500 euro inguru bildu dituzte; gaur 21:00etan itxiko da diru bilketaren kanpaina. Bideoa ikusteko orrialde berean egin liteke ekarpena; bada botoi bat formulario bat irekitzen duena, eta hor posible du bakoitzak nahi duen diru kopurua ematea Zaporeak elkarteari.

Irailaren hasieran, sute handi bat izan zen Moriako kanpalekuan. Iñaki Agirre kazetaria han zegoen ekainetik, eta bideo batzuk grabatzen jardun zuen egun haietan. BERRIAk, horren ostean, proposatu zion bideoz erretratu batzuk egitea, erakusteko Morian bizi zirenen errealitatea nolakoa den, errefuxiatuak zeintzuk diren, zenbakien atzean zer pertsona dauden erakusteko. Bost errefuxiaturen erretratuak egin zituen kazetariak bideo formatuan, eta BERRIAk atalka eman zituen webgunean. Baina BERRIAk ikusi zuen material horiek merezi zutela zabalpen handiago bat, eta, orduan, Zaporeak elkarteari proposatu zion atal horiekin dokumental bat osatzea, eta ekitaldi bat egitea. Modu horretan, Moriako egoeraren berri emateko eta Zaporeak elkartea han egiten ari den lana ezagutarazteko, ahal zela, ekitaldi hori aprobetxatu nahi zuten elkartearentzat diru apur bat biltzeko.

Mahai inguru bat ere bai

Koronabirusaren osasun larrialdiak eraginda, ia ezinezko bihurtu da aurrez aurreko ekitaldiak antolatzea. Horrenbestez, egunkariak eta Zaporeak elkarteak azkenean erabaki zuten Internet bidez saiatzea. Horrela, Agirrek dokumentala ekoitzi du, BERRIAren laguntzarekin. Lara Madinabeitia Berria Telebistako bideogileak lagundu dio edizioan, eta Andoni Imaz BERRIAko kazetariak jarri du off-eko ahotsa.

Joan den astean, Moriako erretratuak dokumentala estreinatzearekin batera, mahai inguru bat egin zuten, Moriako egoera hobeto aztertzeko. Zuzenean ezin izan zen egin, baina elkartu zituzten Agirre bera, Irati Azkue (Zaporeak elkartea), Jone Urionaguena (SOS Arrazakeria) eta Josune Mendigutxia (Irungo Harrera Sarea). Dokumentalarekin batera, mahai ingurua jarri zuten ikusgai Interneten. Moriako egoeraz ez ezik, migratzaileek Euskal Herrira iristean izan ohi dituzten arazoez ere aritu ziren solaskideak, Mikel Peruarena Ansa BERRIAko editorearen gidaritzapean. Bai dokumentala bai mahai ingurua BerriaTBn ikus daitezke.

Irati Azkuek, bestalde, esan du BERRIAren egitasmoa bozgorailu gisa «oso une indartsuan» iritsi dela. «Ezin une egokiagoa da Zaporeaken proiektua azaleratzeko eta migranteek bizi duten egoera mahai gainean jartzeko», gaineratu du Zaporeakeko kideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.