Bertsolari Txapelketa Nagusiaz ariko da BERRIA, formatu ugaritan

Mahai inguruak egingo dituzte Twitter Spacen. Ikuspegi feminista landuko dute telebistan

Rosi Lazkano bertsolariari egindako elkarrizketa ikusi ahalko da Txapelpekoak saioko Zirelako gara atalean. BERRIA.
urtzi urkizu
Donostia
2022ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Bertsolari Txapelketa Nagusia finalaurrekoen atarian da, eta Berria telebistak hainbat formatutan emango du txapelketaren berri datozen egunetan. Txapelpekoak izenburupean, audio formatuko edukiak eta ikuspegi feminista duen telebista saio bat ekoitziko ditu BERRIAk.

Entzun podcasta:Imanol Uria Txappelako kidearekin solasean

Astelehenero, 16:00etan, Miren Mujika kazetariak mahai inguru bat gidatuko du Twitter Spacen —atzo egin zuten aurrenekoa—. Finalaurrekoak aztertuko dituzte solasaldi horretan. Bertan, Txappela elkarteko kideek eta bertso munduko pertsona esanguratsuek hartuko dute parte. Gainera, finalaurreko bakoitza amaitu ostean, Miren Mujikak balorazioa egingo du audio bidez —BERRIAren sare sozialetan eta webgunean entzun ahalko da—. Audioen formatu hori «oso bertsozaleentzat» izango dela iragarri du Berria telebistak.

Bigarren eduki mota ikuspegi feministatik landuko dute, Txapelpekoak telebista saioan. Programa hori asteazkenetan sareratuko dute, baina hainbat atalez osatua egongo da, eta astean zehar joango dira bideoak zabaltzen: Maider Galardi F. Agirre kazetariak lerroburua jarriko dio finalaurreko bakoitzari; Lupa atalean, Txappelakoek datuak emango dituzte; beste atal batean Nerea Arriola, Amaia Agirre eta Mirari Martiarena kolaboratzaileak txandaka arituko dira, bertsoaldi bat edo beste zerbait aukeratuz; beste atal batean, atzera begira jarriko dira, genealogia feminista eginez; eta Zirelako gara atalean elkarrizketak egingo dituzte.

Paperean luze eta zabal

Txapelketa hasi zenetik BERRIAko Kultura saileko orrialdeetan luze eta zabal ari dira horren berri ematen. Erreportajeak, kronikak, elkarrizketak eta analisiak argitaratzen ari dira. Miren Mujika ari da informatzen, eta Gorka Azkarate analisiak idazten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.