Gutxieneko soldata adinako DSBEa nahi du Eskubide Sozialen Gutunak

«Kalitatezko babes sistema publikoaren aldeko» herri ekinaldi legegilea aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean. 10.000 sinadura behar dituzte

Eskubide Sozialen Gutuneko ordezkariak, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
«Kalitatezko babes sistema publiko eta sozial baten aldeko» herri ekinaldi legegile bat aurkeztu du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak Eusko Legebiltzarrean. Tramitazioa otsailean hasi zuen, eta apiril bukaeran jaso zuen legebiltzarreko mahaiaren oniritzia. Orain, sinadurak biltzeko kanpaina abiatu dute: abuztuaren 30erako, 10.000 babesetik gora lortu beharko dituzte. Ekinaldiaren helburua da Eusko Legebiltzarreko DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren legean eta etxebizitza legean aldaketak egitea, «pobreziari eta gizarte bazterketari aurre egiteko».

DSBEaren zenbatekoa handitzeko eskatu du Eskubide Sozialen Gutunak, pentsio txikiak eta soldata murritzak osatzeko. Lanbide arteko gutxieneko soldata hartu nahi dute erreferentzia modura. Hala, lagun bakarreko elkarbizitza unitateak gutxieneko soldataren pareko errenta jasoko luke; bi lagunek osatutakoak, soldataren %150; eta hiru lagunek edo gehiagok osatutako unitateek, soldataren %200. Gainera, etxebizitza bakoitzean elkarrekin bizi diren familia unitate guztiak kontuan hartzeko ere eskatu dute; hau da, ez dadila errenta apaldu familia unitate bat baino gehiago bizi direlako etxe berean.

Errenta jasotzeko gutxieneko adina 23 urtetik 18ra jaitsi nahi dute. Eta premiazko egoeretan adingabeek ere jasotzeko aukera sartu nahi dute legean. Erroldatuta egin beharreko denbora berriro ere urtebetekoa izatea proposatuko dute.

Larrialdi sozialeko laguntzak eskubide subjektiboa izan behar direla uste dute. Horrek aldaketa handia ekarriko luke: laguntza jasotzea ez litzateke aurrekontuen mende egongo, bete beharrekoa izango litzateke. Izan ere, gaur egun laguntzak banatzeari uzten dio administrazioak dirua amaitzen zaionean.

Etxebizitza legeak aitortzen du etxebizitza eskubidea subjektiboa dela. Baina Novalek salatu du ez dela betetzen. «Honen ordez balizko laguntza ekonomiko bat ematen du Jaurlaritzak, alokairua ordaintzeko. Ekinaldi legegilearen arabera, alokairu errenta ezingo da izan diru sarreren %15 baino gehiago, etxebizitza berean bizi diren lagunen diru sarrerak, orotara, DSBE bestekoak edo apalagoak direnean.

Eztabaidatzen lehena

EAJk eta PSE-EEk ere lege proiektua aurkeztu dute DSBEa jasotzeko baldintzak aldatzeko. ELA sindikatuko arlo sozialeko arduradun Mikel Novalek ohartarazi du Gutuneko kideek lehenago erregistratu zutela euren herri ekinaldi legegilea, eta lehenengo eurena eztabaidatu behar duela legebiltzarrak. Oraingoz «ezkerreko alderdiekin» bildu direla esan du Novalek, baina ez dakite haien babesik izango duten.

Era berean, salatu du Nafarroako Parlamentuko mahaiak atzera bota diela antzeko edukiak dituen beste herri ekinaldi legegile bat, hura onartzeak Nafarroako Gobernuaren gastuak handituko lituzkeela argudiatuta. «Demokraziaren kontrako erabakia da. Zertarako balio du Nafarroan herri ekinaldi legegileak?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.