SOSLAIA. Albert Woodfox

43 urte preso eta bakartuta

Adrian Garcia.
2015eko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Albert Woodfoxek AEBetako hainbat espetxetan bakartuta eman ditu azken 43 urteak, baina epaile batek agindu du presoa baldintzarik gabe askatzeko eta haren aurka egitekoak ziren hirugarren auzia bertan behera uzteko, «epaiketa justu bat egiteko konfiantza faltagatik». Haren abokatuak eman dio albistea: «Ez dago pozik, ezta irrikaz ere. Harrituta dago».

1972. urtean kondenatu zuten Woodfox, beste bi lagunekin batera —Robert Kingekin eta Herman Wallacekin—, Louisianako presondegian preso zeudela espetxe funtzionario bat hiltzea egotzita. Bi aldiz kondenatu zuten, baina beste horrenbestetan baliogabetu zituzten epaiak, epaimahaikideak hautatzerakoan beltzak baztertu zituztelako.

Angolako hirurak gisa ezagutarazi zituzten bakartutako presoak, Louisianako Estatuko presondegiari hala deitzen baitiote, ondoan zegoen esklaboen lur sailari erreferentzia eginez. Hirurek beti defendatu dute errugabe direla, eta salatu dute espetxean Pantera Beltzak erakundearen atal bat sortzeagatik mendekua hartu eta funtzionarioaren hilketan nahastu zituztela. Armekin lapurreta egiteagatik zeuden preso.

Woodfox da oraindik ere kartzelan dagoen bakarra. King 2001ean errugabetu eta askatu zuten, 29 urte bakartuta eman ostean. Wallace 2013an askatu zuten, 41 urteko zigorra jasota; handik egun gutxira hil zen, minbiziak jota.

Woodfoxek osasun arazo larriak ditu: C hepatitisa eta diabetesa diagnostikatu dizkiote. Haren abokatuak ez daki ziur noiz askatuko duten, Louisianako fiskal nagusia jada hasi baita trabak jartzen. Bitartean, bakartuta segitzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.