Lula espetxeratzeko arriskuan dago, bozetarako sei hilabete falta direla

Presidente ohiak asteartera arteko epea du azken helegite bat jartzeko. Lula presidentegai aurkezteko asmoa berretsi du PT alderdiak

Lularen jarraitzaileak, herenegun, Sao Paulon. FERNANDO BIZERRA JR. / EFE.
Iosu Alberdi.
2018ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Brasilek urriaren 7ko presidentetzarako hauteskundeetan jarria du begia, eta Luiz Inacio da Silva Lula presidente ohia da hautagai nagusia, inkesten arabera. Brasilgo Auzitegi Gorenak, ordea, harek eskatutako habeas corpus-a onartzea ukatu zuen atzo goizaldean, eta espetxeratzea gerturatu dio. Orain, datorren asteartera arteko epea du helegitea jartzeko, baina ebazpena aurkakoa izatea espero da. Lularen alderdiak, PT Langileen Alderdiak, ez du etsitzeko asmorik, eta presidente ohiaren hautagaitza defendatuko duela adierazi du: «Kalean eta instantzia guztietan, azken ondorioetaraino».

Eztabaida estu eta parekatua espero zen Auzitegi Gorenean, habeas corpus-a onartu edo ez erabakitzeko, hau da, Brasilgo politikari esanguratsuenetako bat espetxean sartzeko aukera onartzeko edo baztertzeko. Are gehiago armadaren presioen ostean.

Bost epailek egin zuten alde eta aurka, 11 orduko saioaren ostean, eta auzitegiko presidenteak hautsi zuen berdinketa, Brasilgo presidente ohiaren eskaerari ezezkoa emanez. Espetxeratzearen aldeko hainbat epailek azaldu zuten euren iritziaren aurkako ebazpena zela, baina jurisprudentziak hala adierazten duela; hura dela eztabaidatu beharrekoa. Izan ere, 2016ko kasu batek adierazten du bigarren instantzian kondenatutakoak preso sartu behar direla, nahiz eta beste bi helegite jartzeko aukera izan. Hori da Lularen kasua.

Orain, azken helegite bat jartzeko aukera du Lulak, presondegia eragozteko saialdian. Astearteartera arteko epea izango du horretarako. Halere, aurretik epaileek hartutako erabakiaren azalpenak jasotzeko balio du horrek, eta epaile gehienek ez dute tramiterako onartzen, zigorra atzeratzeko eskatzen dela argudiatuta. Beraz, egun gutxi barru irits daiteke Lularen aurkako espetxeratze agindua, eta presondegitik jarri beharko lituzke geratzen zaizkion bi helegiteak —bi urte inguru iraun ditzake prozesuak—. Tramiterako onartuz gero, hilabete amaieran eman dezakete errekurtsoaren ebazpena.

Lehen auzialdiko epaileak bederatzi urteko espetxe zigorrera kondenatu zuen Lula, baina hamabi urtera igo zuen zigorra bigarren auzialdikoak. Lula ustelkeria eta diru garbiketa delituengatik kondenatu dute, Petrobras enpresa publikoari lotutako Lava Jato operazioaren barruan.

Halere, asko dira diotenak Lularen hautagaitza galarazteko asmoa dagoela epaiaren atzean. Izan ere, bigarren auzialdian kondenatutakoak ezin dira hauteskundeetara aurkeztu, azken hitza Hauteskunde Auzitegiak izango duen arren. PTk, ordea, esan du ez duela asmorik beste inor aurkezteko: «Brasilgo herriak Lula bozkatzeko eskubidea du, itxaropenaren hautagaia».

Lula defendatzeko prest

Brasilgo presidente ohiaren espetxeratzearen aldekoak kalera irten dira azken egunetan, presio egiteko, baina Lulak ere babes handia jaso du, bai Brasil barrutik, bai nazioartetik.

PTk konstituzioaren aurkako erasotzat jo du Gorenaren erabakia, eta Lularen errugabetasuna defendatu eta froga gabezia salatu ditu. Bat egin dute beste hainbat alderdi eta eragilek ere, besteak beste, MST Lurrik Gabekoen Mugimenduak. Eremu publikoak okupatzeko asmoa azaldu du horrek, «protesta, gerra eta borroka» ekintza gisa. Lularen atxiloketa eragozteko herri harresi bat egitearen ideia ere mahai gainean jarri dute haren jarraitzaileek.

Nazioartetik ere iritsi dira Lularen aldeko mezuak. Latinoamerikako diputatu aurrerakoiek eta Europarlamentuko GUE/NGL ezkerra-berdeak Lulak parte hartuko lukeen hauteskunde «askeetan» jarri du Brasilgo krisi politikoaren irteera. Presidente ohiaren alde egin du Venezuelako presidente Nicolas Madurok ere, eta «indar herritarren» aurkako eskuinaren erasotzat jo du erabakia.

Bestalde, Michel Temer presidenteak herritarren %5en babesa du, Ibopek eginiko inkesta baten arabera. Temerrek 2016an hartu zuen boterea, orduko presidente eta Lularen oinordeko Dilma Rousseffen aurkako impeachment baten ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.