Brasilgo 24 komunikabide albiste faltsuen aurka batuko dira bozetan

Kazetariek Whatsappen eta beste sare sozialetan asko zabalduriko berriak aztertuko dituzte

Lula da Silva Brasilgo presidente ohiaren jarraitzaileak bildu ziren igandean, askatuko zutelakoan. HEDESON ALVES / EFE.
Edu Lartzanguren.
Donostia
2018ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Besteak beste presidentea hautatzeko hauteskundeak egingo dituzte urrian Brasilen, eta, sare sozialetan bolo-bolo zabaltzen diren albiste faltsuek eduki dezaketen eraginaren beldur, herrialdean inoiz abiatu gabeko egitasmo bat adostu dute hango hainbat hedabidek. Biral bihurturiko edukiak egiazkoak ote diren aztertuko dute 24 hedabidetako kazetariek, Comprova egitasmoaren barruan. Lehia alde batera utzi, eta desinformazioaren, zurrumurruen eta gezurren kontra borrokatuko dira elkarlanean.

Sao Paulon egin dute iragarpena, Ikerketa Kazetaritzaren Brasilgo Elkartearen (Abraji) kongresuan. Urriaren 7an egingo dute hauteskundeen lehenengo itzulia, eta kazetariek elkarrekin aztertuko dituzte bozekin zerikusia duten edukiak.

Band komunikazio talde handiaz gain, Folha de Sao Paulo, Estadao eta Jornal do Commercio egunkariek hartuko dute parte proiektuan, baita AFP agentziak, O Povo Interneteko albistegiak eta Piaui eta Veia aldizkariek ere.

Tentsio handiko bozak

Urriko bozetan, Brasilgo presidentea eta presidenteordea aukeratuko dituzte, baita legebiltzar nazionala, estatuetako gobernadoreak eta gobernadoreorde zein estatuetako legebiltzarrak ere.

Tentsio handiko bozak izango dira. Martxoan plazaraturiko galdeketa baten arabera, Luiz Inacio Lula da Silvak erraz irabaziko lituzke hauteskundeak. Baina Da Silvak ez du izango parte hartzerik, preso baitago. Bederatzi urteko kartzela zigorra ezarri diote, ustelkeria leporatuta. Da Silvak salatu egin du bere kontrako maniobra politikoa. Igandean bertan, epaile batek politikaria askatzeko agindu zuen, baina agindua bertan behera utzi zuen beste batek.

Giroa horrela, sare sozialetan zabalduriko mezuek eragin handia izan dezakete, Comprova proiektuaren bultzatzaileen arabera. Izan ere, Brasil Whatsapp aplikazioaren merkaturik handienetako bat da: iazko maiatzeko datuen arabera, sareak 120 milioi erabiltzaile zituen herrialdean.

Comprova egitasmoak brasildarrei eskatuko die Whatsappen propio eraturiko kontu batera bidaltzeko hauteskundeen inguruko zurrumurruak. Ondoren, kazetariek informazioa egiaztatuko dute, eta azterketaren emaitza argitaratuko dute Whatsapp Business enpresentzako aplikazioan. Horrez gain, Comprovak zabalduko duen webgunean argitaratuko dira, eta baita proiektuan parte hartzen duten hedabideetan ere. Ez dute edozein zurrumurru aztertuko, asko zabaltzea lortu dutenak bakarrik.

Abuztuaren 6an abiatuko da egitasmoa, webgune baten bidez. Whatsappez gain, kazetariak Twitterrekin arituko dira elkarlanean, besteak beste .
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.