Bisaia berriak, lelo berberak

Saxoniako bozetan Alemaniako ordezkaritza parlamentario nagusia galdu du NPD alderdi neonaziak, AfD euroeszeptikoaren mesedetan

Frauke Petry, AfDren Saxoniarako hautagaia. 14 diputatu lortu dituzte. R. J. / EFE.
Samara Velte.
2014ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Oraindik ere Alemaniako eskuin muturraren gotorleku da Saxonia estatu federatua. Igandeko bozetan ezkerra bigarren geratu zen —botoen %18,9 lortu zituen Die Linke alderdiak—, CDU Batasun Kristau Demokrataren atzetik —%39,2—. Sozialdemokratek ez dute arrakasta handirik izan ohi Alemania ekialdeko estatu horretan, eta orain ere botoen %12,4baino ez dituzte bildu, aurrekoan baino bi puntu gehiago; eta Berdeak ere ozta-ozta sartu dira legebiltzarrean. Aldaketa beheko esferetan gertatu da: NDP alderdi neonaziak landerretan zeukan ordezkaritza parlamentario nagusia galdu du, eta AfD Alemaniarentzako Alternatiba euroeszeptiko eta kontserbadoreak beretu ditu eskuin muturreko botoak. Orain arte gobernuan egondako liberalak ere parlamentutik at geratu dira.

Alemaniako paisaia politikoan eragin gutxi duen alderdia da NPD: baditu hainbat udal ordezkari, baina, hortik gora, bi parlamentu federaletara baino ez da sartu, eta Europakoan diputatu bat dauka. Alemanian, ordea, aise pizten da alarma marroia, talde antifaxistek neonazien gorakadari deitu ohi dioten moduan. 200ean hartu zuten ikara handiena: 36 urtez parlamentuetatik at egon ostean, Saxonian botoen %9 bildu zituen NPDk, ia sozialdemokratek bezainbeste; eta, ondorioz, hurrengo bost urteetan aski zalaparta sortu zuten dozena bat diputatu irabazi zituen.

Talde parlamentarioa izateak ez dakartza soilik proiekzio publiko handiagoa eta erreferentziazko sareak eratzeko gaitasuna. Diputatuen dietak ordaintzeko dirua ez ezik, urtero 1,4 milioi euro ere jasotzen zituen alderdiak Saxoniako parlamentuari esker. Horiekin bulegoak, materiala eta 30 langileren soldatak ordaintzen zituzten. Haietako askori neonazi sare klandestinoekin harremana izatea leporatu diete, eta, horrexegatik, abian da aspalditik NPD legez kanpo uzteko egitasmo bat gainerako landerren artean.

Gizartean zeresan handiena pizten duten gaiez jabetu eta argumentazio manikeo eta xenofoboak eskainiz lortu du gizartearen zati handi samar batek aditzea. Duela bost urte, etorkinei oinarrizko langabezia saria ordaintzearen aurkako kanpaina egin zuen, hain zuzen ere, mendebaldeko estatu federalen aldean baztertuta sentitu ohi den Saxonian.

Neonaziak eta populistak

Hainbaten ustez, ordea, NPDri igaro zaio garai oparoena, eta hemendik aurrera gainbehera baino ez datorkio. Denborarekin, arazoz eta desadostasunez jositako familia baten itxura eman du alderdiak, eta diputatuek titulu gehiago eragin dituzte euren bitxikeria pertsonalengatik, politikan betetzen duten funtzioarengatik baino. Beste alderdietako politikariek ere ez diote sekula garrantzi handirik eman. Igandeko bozen ostetik, alderdia debekatzeko prozesua bera beharrezkoa ote den zalantzan jarri du Thomas Strobl CDUko bigarrenak: «Aldaketa pozgarria gertatu da, bide egokian. Ondorioa da NPD politikoki garaitu behar dela, eta ez Auzitegi Konstituzionalean».

Baina alderdia ahulduta ere, ez da desagertu eskuin muturraren mamua. Neonaziek eta xenofoboek oraindik Saxonian dute indargunea, eta sare sendoa eratu dute 1990eko hamarkadaz geroztik. Estatu federal horretako udaletan eta eskualde mailako instituzioetan 110 hautetsi dituzte, eta beste lekuetan baino presentzia handiagoa dute gizartean. Iaz asilo politikoa eskatu zuten 400 etorkini babesa ematearen aurkako protesta bat antolatu zuten Schneeberg herrian, eta herritar ugarik ez ezik, hainbat talde neonazik ere hartu zuten parte.

NDPk galdu dituen eskuin muturreko boto-emaile horiek beste alderdi baten inguruan bildu dira orain. AfD Alemaniarentzako Alternatibak etekina atera die NDPren irudia lohitu duten eskandaluei, eta eskuin muturrekoentzako alternatiba garbiago baten gisan aurkeztu du bere burua. Diskurtso ofizialean etengabe ahalegintzen da NPDtik urruntzen, baina, praktikan, gaiak eta argudioak lapurtu dizkie neonaziei: etorkinen ustezko kriminalitatea eta gizarte zerbitzuetako iruzurraren inguruko auziekin egin du kanpaina, eta botoen %10 lortu ditu. Hemendik aurrera, hamalau diputatu izango ditu parlamentuan, NPDk orain arte zeuzkanak baino gehiago. Eskuin muturreko bi alderdiek pilatu dutena batuta, beraz, nekez esan daiteke iritziok indarra galdu dutenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.