Xi Jinping

Mito bat nola eraiki behar den

Herritarrengan pertsonalitatearen gurtza sortzeko estrategia du Xi Jipingek. Itxuraz inprobisatuak diren eszenak eta adierazpenak hasieratik amaierara guztiz kalkulatuak dira presidentearentzat.

EFE / STR.
Olatz Urkia
Pekin
2017ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Vladimir Putin bezalaxe, askotariko gauzak egiten atera da irudietan Xi Jinping: kaskoa jantzita proiektu industrial handiak bisitatzen, umeekin zuhaitzak landatzen, futbolean jolasten eta, batez ere, landa eremuetako jendea bisitatzen. Bere pertsonalitatearen gurtzaren oinarrian dagoen ideia islatzen dute argazkiok: gizon lasai eta herrikoiarena. Duela bi urte herrialdeko sare sozialetan birala izan zen presidenteak jatetxe txinatar xume batean izan zuen bazkaria. Aulki zahar batean eserita, beste bezeroen ondoan, normal-normal, inolako kamera ofizialik gabe. Itxuraz ekintza inprobisatua zen; baina, noski, alderdiko propagandako arduradunek ongi zekiten kamerarik ez zela behar, bezeroen sakelakoek harrapatuko zutelako momentua. Itxuraz inprobisatuak diren eszenak, bada, hasieratik amaierara guztiz kalkulatuak dira; izan ere, espresio eta ahots lasaiaren atzean, litekeena da gizon kalkulatzaile bat ezkutatzea. 14 urterekin bizileku izan zuen landa eremuko kobazulotik Alderdi Komunistaren eserleku gorenera, bide luzea egin du Xi Jinpingek.

1953. urtean jaio zen, eta Mao Zedongen iraultza komunistaren heroi izan zuen aita. Haurtzaro pribilegiatua izan zuen, ideia eta istorio komunistazaleetan murgildutako giro batean. Mao erradikalizatu eta Iraultza Kulturala hasi zenean, ordea, dena aldatu zen: aita, heroi izan beharrean, iraultzaren biktima bihurtu zen; umiliatu eta torturatu egin zuten, eta familia osoa kartzelatu. 14 urteko gaztea bakarrik geratu zen hiriburuan, eta Guardia Gorriaren mehatxuak jasan zituen, landa eremura alde egin zuen arte. Garai hartan hirietako gazte asko bezalaxe, nekazariekin bizitzera joan zen, pribilegiatuen mentalitate okerra ezabatzeko.

Presidenteak berak kontatu izan du nola Liangjianheko kobazulo batean biziz eta nekazariekin lanean barneratu zuen pentsaera marxista. Alderdiak familiari egin zionagatik gorrotoa sentitu ordez, pazientzia handiz, kontaktuak egiten hasi zen gaztea, harik eta, 1974an, Alderdi Komunistako kide gisa onartu zuten arte. Haurtzaroan barneratu zuen mentalitate komunistarekin ilusioa galdu ordez, alderdiaren barruraino iristea erabaki zuen.

Bide desberdinak

Iraultza Kulturalaren basakeriak bizi izanak, baina, ez du jarrera bakar bat eragiten. Ai Wei Wei artistaren eta presidentearen aitak lagunak izan ziren duela 50 urte; biak izan ziren iraultzaren biktima, eta biek izan zuten antzeko gaztaroa. Bakoitzak, baina, bide zeharo desberdina egin du: Ai artista disidente famatuenetarikoa da; Xik, aldiz, Alderdi Komunista kontrolatzen du.

Eta are gehiago, haren erretorikan iraultzaren aztarna ilunak ikusten dituzte bere kritikoek. Xi «amets txinatarraz» mintzo da, eta agian bere amets nazionala benetan aukera onena dela sinesten du, baina ez du nahi inork amets alternatiborik edukitzerik. Adierazpen eskubideak gero eta muga gehiago ditu: Alderdi Komunista kritikatu duten disidenteetatik hasi, modu bakezalean protesta txikiak antolatu dituzten feministetaraino, gobernuz kanpoko erakundeen lana mugatzetik pasatuz.Internet guztiz kontrolatu ahal izateko, «zibersegurtasunaren legea» jarri du martxan.

Xik gertu gertutik ikusi zuen Maoren komunismoaren amaiera kaotikoa. Orain, sozialismo txinatarrari beste aukera bat emateko intentzio argia du, eta sozialismo modernoarekin Txina munduko potentzia egiteko ametsa, baina herritar askok ez dute askatasuna galdu nahi amets horren truke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.