Hiru hilabetean berrituko dute RTVEren zuzendaritza, lehiaketaz

Madrilgo Kongresuko eta Senatuko mahaietan aho batez erabaki dute prozesua desblokeatzea

ERCko Joan Tarda, EAJko Aitor Esteban eta Mikel Legardarekin, atzo, Espainiako Kongresuan. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
Edu Lartzanguren.
2018ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Espainiako irrati-telebista publikoaren zuzendaritza berritzeko sugetzarra amaitzear dago. Bederatzi hilabetez blokeatuta egon da prozesua, PP eta beste taldeen arteko botere lehia gogorraren harira. Madrilgo Kongresuko eta Senatuko mahaiek aho batez erabaki zuten atzo zuzendaritza aukeratzeko lehiaketa publikoa abiatzea. Prozesuak hiru hilabete iraungo du. PSOEk eta Podemosek berriki aukeraturiko zuzendaritzak tarte horretan bakarrik izango du agintea.

Baliteke prozesua bukatuta egotea udaren amaierarako, abuztua ere lanerako hartu baitu atzoko erabakiak. Edonola ere, RTVEko Kontseilu berria «urrirako edo azarorako» eratuko dela esan zuen atzo Noelia Verak. Unidos Podemosen RTVE kontrolatzeko legebiltzarreko ordezkaria da Vera. Lehiaketa publikoa izango denez, «baldintza batzuk eta ikus-entzunezkoen kudeaketan ibilbide egiaztatuta» duen orok «libre» izango du aurkeztea, Veraren arabera. Aditu batzorde batek eman behar dio oniritzia hautagai bakoitzari.

Ezin behin-behinekoa osatu

Atzo Espainiako Kongresuan gertatuak argi erakusten du noraino dagoen politizatuta irrati telebista publikoaren zuzendaritza izendatzeko prozesua. Talde guztiek egoera atakatik atera behar dela argi ikusi arren, ez ziren gauza izan adosteko nork gidatuko duen behin-behineko kontseilua. Senatuak proposaturiko hautagaien artean, lau ordezkari izendatu behar zituen Kongresuak atzo. PSOEk, Unidos Podemosek eta EAJk lau hautagai eraman zituzten, eta PPk, beste hiru. Baina inork ez zuen lortu beharrezko bi hereneko gehiengorik. Beraz, orain bigarren itzulian hautatu beharko ditu Kongresuak lau ordezkariak, gehiengo sinplez.

Espainiako Gobernu berriak lege dekretua ebatzi zuen ekainean, RTVE behin-behinean gobernatzeko. Horrek hamabost eguneko epea eman zuen RTVEko administrazio kontseiluko hamar kide berriak aukeratzeko—sei Kongresuak eta lau Senatuak—. Joan zen asteazkenean, RTVEko administrazio kontseiluko sei kideak izendatu zituen Kongresuak, PSOE, Unidos Podemos, EAJ, ERC eta PDeCAT alderdien aldeko botoekin. Tartean ziren Juan Jose Baños Loinaz Noticias taldeko zuzendari nagusia —Deia-ko zuzendaria izan zen 1996tik 2005era—, Rosa Maria Artal, Cristina Fallaras, Concepcion Cascajosa, Victor Sampedro eta Tomas Fernando Flores. PPk helegitea jarri zion gobernuaren dekretuari Espainiako Auzitegi Konstituzionalean.

Krisi sakona du Espainiako irrati telebista publikoak, ekonomikoa eta sinesgarritasunekoa, batez ere albistegietan salaturiko manipulazio politikoak eraginda.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.