«Trikitiaren ikuspegi oso zabala erakusten dute bideoek»

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak sortutako 'Kolpeka' bideoak eskaintzen hasi da Kanaldude, astelehenetan, 20:00etan

Xabi Solano Kolpeka bideoetan. KOLPEKA.
jakes goikoetxea
2022ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Bideoak, dokumentalak, ez dira berri-berriak, baina iraungitze datarik gabeko bideoak dira, trikitiaren historiari, egoerari, berrikuntzei eta sortze prozesuei buruzko testigantzak eta gogoetak biltzen baitituzte. Kolpeka da, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak bultzatuta bost gaztek egindako sei bideoko sorta. Iaz egin zituzten, elkarteak Youtubeko kanalean ikusgai jarri zituen, eta orain Kanaldude eskaintzen hasi da, astelehenetan, 20:00etan.

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko arduradunek uste zuten gazteek bazutela zer kontatua trikitiari buruz. «Horregatik», azaldu du Andoitz Antzizarrek, «bide bat zabaldu nahi izan genuen iaz: gazteek haien erara konta zezatela trikitiaz ulertzen zutena». Elkarteko idazkaria da Antzizar.

Trikitiarekin lotura zuten edo izan zuten bost gazte aukeratu zituzten; era berean, kazetaritza edo ikus-entzunezkoen ikasketak egiten ari zirenak edo egin zituztenak. Aimar Iparragirre, Sara Iriarte, Martxel Larraza, Garaia Pagola eta Ane Rekalde.

Elkarrekin bildu ziren; gazteek haien kezkak azaldu zizkieten; sei gai hitzartu zituzten; elkarteak interesgarriak izan zitezkeen pertsonen berri eman zien; materiala bildu zuten, eta grabatzen hasi ziren. «Guk hartu genuen gidaritza, baina haiek nahi zuten moduan kontatzeko askatasuna izan dute», Antzizarren arabera.

Emaitza sei kolpe izan dira, sei bideoko sorta. 22-30 minutu ingurukoak. Sei gai: emakume trikitilariak, pandero jotzaileak, trikitiak 1990eko hamarkadan izan zuen goraldia eta ordutik egindako bidea, estilo berriak lantzen ari diren sortzaileak, Aristerrazuko erromeria (Aia, Gipuzkoa) eta pieza berriak sortzeko prozesuak. Ikuspegi zabala.

Elkartea pozik dago emaitzarekin. Bideoen ekoizpena ikasketa prozesu bat izan da, bai elkartearentzat, bai gazteentzat. «Hobekuntza eta garapena nabarmena da lehen bideotik seigarrenera».

Oihartzunari dagokionez, Antzizarrek onartu du zailtasunak dituztela jendearengana iristeko. «Hala ere», zehaztu du, «poliki bada ere, izan du oihartzuna». Bideo bakoitzak 800-1.800 ikustaldi izan ditu. Kanalduderen bitartez gehiago izango dira.

Hala ere, bideoen gaitegia eta kalitatea ikusita, beste telebista kate batzuetan eskaintzeko modukoak dira. Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko ordezkariak ETBkoekin elkartu ziren Kolpeka sortu aurretik, «horrelako zerbait» eskaintzeko. «Ez zuten garbi ikusi egin zitekeenik, interesgarria izan zitekeenik... Gu prest geunden modu batera edo beste batera egiteko, baina haiek trikitia gehiago ikusten zuten folklorismoaren bidetik, guk proposatzen genuenetik baino». Antzizarrek etsipen tonuarekin hitz egin du.

ETBko atea, itxita

2019an berriz jo zuten ETBren atea, Iñaki Garmendia Laja trikitilaria hil eta gero. «Iruditzen zitzaigun Laja bazela norbait dokumental bat egiteko». Ekoiztetxe batekin harremanetan jarri, dokumentala itxuratzen hasi eta, ETBren atea jo zutenean, berriz ere ezetz erantzun zieten: «Ez zuten interesik». «Beraz», jarraitu du Antzizarrek, «gure bideari segitzea erabaki genuen».

Kanaldudek dokumentalak eskaintzeak beste aukera batzuk sortu dizkie. Tokikomekin harremanetan daude, haien kanaletan eskaintzeko.

Dokumentaletako elkarrizketatu batek baino gehiago dio trikitiak errekonozimendua falta duela. Antzizar bat dator: «Errekonozimendu soziala erabatekoa da, oinarri soziala ikaragarria da; errekonozimendu instituzionala, berriz, beste kontu bat da». Errekonozimendu musikala ere bai, musika gisa egiten duen ekarpena aintzat hartzea: «Beti ikusten gaituzte folklorismoaren ikuspegitik». Trikitia eta panderoa musikan urratzen ari diren bide berrien adibideak aipatu ditu: Huntza, Esne Beltza, Boikot, McOnak... «Folkloretik ez dute gauza handirik. Soinuaren eta panderoaren aukerak izugarriak dira. Hala ere, karteletan ez gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.