Euskaraz ari diren hedabideek 103 milioi euroren sarrerak dituzte

Iñaki Zabaleta, EHUko HEKA ikerketa taldearen izenean, Europako hizkuntza gutxituen hedabideei buruz aritu da, Atlantan

Iñaki Zabaleta hitzaldia ematen Atlantan, Hizkuntzalaritza Aplikatuko Amerikako Elkartearen kongresuan. EHU.
urtzi urkizu
2019ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Euskarak ez duela dirurik ematen. Horra zabalduta dagoen uste bat, baina EHUko HEKA Europar Hizkuntza Gutxituetako Hedabideak eta Kazetaritza Ikerketa Taldearen datuek ezeztatu dutena: euskarazko komunikabideek (ETB1 barne) urtean duten bolumen ekonomikoa —diru sarreren batura, alegia— 103 milioi eurokoa da. Euskaraz ari diren hedabideekin batera, katalanez, galegoz, irlanderaz, gaelikoaz, bretoieraz, korsikeraz, frisieraz eta samieraz ari direnak aztertu ditu ikerketa taldeak. Martxoan, urteetan egindako azterketaren berri eman zuen Iñaki Zabaleta EHUko irakasleak Atlantan (AEB), Hizkuntzalaritza Aplikatuko Amerikako Elkartearen urteko kongresuan. Hizkuntza gutxituetan ari diren hedabide horien guztien urteko bolumen ekonomikoa 1.219 milioi euro da —712 milioi katalanezkoei dagokie—.

Zabaletak nabarmendu du kongresu hori «oso garrantzitsua» dela. «Osoko hizlari izateko haiek gonbidatu behar zaituzte, eta orain arte soilik Europako lau herrialdetako hizlariek parte hartu dute». Nazio Batuek Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtea izendatu dute 2019, eta horrek badu eragina gonbidapenean. «1.500 hizkuntzalari bildu ziren kongresuan. Atlantan parte hartzea guretzat hemezortzi urtean egindako lanaren aitortza izan zen. Pozgarria izan da».

577 kazetari euskaraz

Hitzaldian «onespen handia» jaso zuen Zabaletak. «Oso-oso ondo joan zen, balorazio ona egin zuten kongresuan zirenek».

Komunikabide sistema propio minimo bat duten hizkuntza gutxituak ikertu ditu urteotan HEKA taldeak. Haien errealitatea plazaratu zuen Zabaletak AEBetan. «Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunak bost multzotan sailkatzen ditu hizkuntzak. Minoritatetasun kontzeptua lausoa da, eta ez da gauza bera hizkuntzaren minoritatea eta komunitatearena. Gutunak biak nahasten ditu, eta horrek arazoak sortzen dituela iruditzen zait».

Hainbat datu eman zituen Zabaletak bere hitzaldian: Europan 1.070 komunikabide daude hizkuntza «autoktonoan» egiten dutenak. 4.800 kazetari ari dira lanean lanaldi osoan —horietatik 577 euskarazko komunikabideetan—. Hedabide horien %87k webgunea dute, eta lautik hiruk sare sozialetan zabaltzen dituzte edukiak.

Azkeneko alor horri lotuta, Zabaletak ohartarazi du zenbait hizkuntzatan euskarri tradizionala lehenesten dutela. «Badago sektore txiki bat Interneterako jauzia eman nahi ez duena. Batez ere Galesen gertatzen da hori».

Komunikabideen garapen indizeen datuen berri eman zuen, halaber, Zabaletak. «Aztertu dugu diru sarreretatik mila eurok zenbat hiztun zerbitzatzen dituen». Indize horietan euskaldunak eta katanalak paretsu daude: euskarazko hedabideen mila eurorekin, hamar euskaldun zerbitzatzen dira. Eta katalanezko hedabideen mila eurorekin, 11 katalan. «Bestalde, kazetari euskaldun batek bi mila euskara hiztun zerbitzatzen ditu. Katalunian, 2.500 katalanezko hiztunentzako dago kazetari bat. Eta Laponian, 500 samierazko hiztunentzako dago kazetari bat». Zabaletak nabarmendu duenez, gero eta kazetari gehiago izan, orduan eta informazio eta eduki gehiago, eta kalitate hobea izango dute.

HEKA taldearen datuen arabera, hizkuntza gutxituetako hedabideetako kazetarien hirutik bik pentsatzen dute euren ogibideko roletan hizkuntzaren babesle eta laguntzaile izatea dagoela. «Horrek esan nahi du hizkuntza gutxituetako kazetaritzaren barnean ez direla bakarrik sartu behar kazetaritzaren irizpide estandarrak. Hizkuntzaren aktibismoa eta babesa sartu behar dira hor».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.