Gazteak proiektu transmedia bat abiarazi du: 'Daniel |A|'

Fikziozkoa da, eta hiru podcast eta sei ataleko websail bat ditu. Webgunea martxan da jada; sare sozialetan zabalduko dituzte edukiak

Daniel |A| websailaren grabaketa. Azken grabaketak kontzertu batean egingo dituzte. EITB.
urtzi urkizu
2021eko irailaren 10a
00:00
Entzun
Gazteei zuzendutako proiektu transmedia berezi bat abiarazi du Gaztea irratiak: Daniel |A|. Ekoizpen berritzaile horrek munduan beren lekuaren bila ari diren gazteei buruzko istorio bat azalduko du, bide askotatik: hiru podcastek, sei ataletako serie digital batek, sare sozialetako edukiak eta kontzertu batek osatuko dute egitasmoa.

Nora Alberdik zuzenduko du websail digitala, Mikel Ayllonen gidoiarekin. Aktore protagonistak hauek dira: Leire Ormazabal, Iholdi Beristain, Gabriel Ocina eta Irati Agirreazkuenaga. Websaila hilaren 26an estreinatuko dute, eta egunero atal bat izango da ikusgai Gaztearen Youtube kanalean eta Eitb.eus-en. Hamar minutuko sei atalek osatzen dute seriea.

Unibertsitatean hasi eta berehala, Danielak (Leire Ormazabal) atzerrira alde egitea erabakiko du nortasun krisi sakon baten ondorioz. Hiru urteren ondoren, Bilbora itzuliko da, aitaren etxera, eta bere bizitzari ekingo dio berriro, baina beste abiapuntu batetik: orain, Daniel da. Alde egin aurretik ikusi zuen azken pertsonarekin, Ipar (Iholdi Beristain) bere ikaskidearekin, topo egingo du berriro. Elkarrekin, langabezian geratuko den Danielaren aitari (Gabriel Ocina) laguntzeko plan bat prestatuko dute: banku baten lapurreta.

Gazteen mundutik abiatuz eraikitako istorioa da; genero identitatea eta gai sozialak jorratzen ditu. Danielen istorioak onarpenaren inguruko mezu bat helarazten du: nork bere burua eta errealitatea onartzen jakitea.

Xabier Doncel Gazteako zuzendariak azaldu du proiektu berritzaileak egiteko asmotan daudela. «Gazteek kontsumitzeko beste era bat behar dutela ikusten genuen, eta horretan ari gara proiektu berri honekin».

Daniel |A| transmedia kontakizuna izango da. Aste honetatik aurrera, egitasmoak webgune propioa izango du, eta hartan entzun eta ikusi ahal izango dira proiektua osatuko duten atal guztiak.

Lehenengo podcasta atzo argitaratu zuten, eta hurrengo bi podcastak astean behin izango dira entzungai, igandeetan.

Hilaren 23an, serie digitalaren azkeneko atalean gertatuko den kontzertu bat errealitatera ekarriko dute. Iparrek (Iholdi Beristain) istorioko protagonistetako batek, beste musika taldeekin batera, publikoari irekia izango den emanaldi bat egingo du, eta han filmatuko dituzte fikzioaren azken eszenak. Gazteak kontzerturako sarrerak zozkatuko ditu, eta streaming bidez ikusteko aukera egongo da, Eitb.eus-en. «Kontzertuak errealitatea eta fikzioa nahastuko ditu», iragarri du Doncelek.

Gaztearen sare sozialetan ere izango da Daniel |A| seriearen berri jasotzeko aukera. Eduki bereziak eta ondoren ikusi eta entzungo denaren aurrerapenak zabalduko dituzte.

Proiektua «esperimentu bat» dela nabarmendu du Doncelek. «Ahalegin handia eskatu digu, eta uste dugu gazteen kontsumoak bide horretatik joko duela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.