Prentsa askatasunak «atzerantz» egin du munduan

Mugarik Gabeko Kazetarien arabera, gero eta herrialde gehiagotan da arriskutsua kazetaritza egitea, eta kazetariekiko gorrotoa areagotu da

Christophe Deloire, Mugarik Gabeko Kazetarien idazkari nagusia. JOSE MENDEZ / EFE.
urtzi urkizu
2019ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Gero eta herrialde gutxiago dira seguruak kazetaritza egiteko, eta gero eta herrialde gehiagotan ezartzen dute gobernuek komunikabideen kontrola. Prentsa askatasunak «atzerantz» egin du. Hala ondorioztatu dute Mugarik Gabeko Kazetariek, prentsa askatasunaren munduko zerrendarekin batera argitaratu duten txosten batean. Kazetariekiko jazarpena areagotu egin dela ohartarazi dute, baita herrialde askotan buruzagi politikoek kazetariekiko transmititzen duten gorrotoa ere. «Eta gorroto horrek sarritan indarkeria eragiten du; horrek prentsaren arriskuak areagotzen ditu», diote Mugarik Gabeko Kazetariek. «Historian zehar irabazitako askatasunekin konprometituta dauden emakumeentzat eta gizonentzat, premiazkoa da beldurraren mekanika bukatzea», esan du Christophe Deloirek, Mugarik Gabeko Kazetarien idazkari nagusiak.

Prentsa askatasunaren munduko zerrendan, aurreneko tokian Norvegia dago —hirugarren urtea da prentsa askatasunean osasuntsuen dagoen herrialdetzat jotzen dutena—. Bigarren tokian Finlandia dago, eta hirugarrenean, Suedia.

Zerrendako azken tokian, Turkmenistan dago —iaz Ipar Korea zegoen postu horretan, eta orain azken-aurrekoa da—.

Afrikako bi herrialdetan egoera nabarmen hobetu dela azpimarratu dute Mugarik Gabeko Kazetariek: Etiopiak 40 herrialde aurreratu ditu iaztik hona, eta 110. tokian dago orain; eta Gambiak 30 herrialde aurreratu ditu, eta 92. postuan da.

AEBetan, heriotza mehatxuak

Mugarik Gabeko Kazetarien txostenak arreta berezia jarri du Ameriketako Estatu Batuetako egoeran. «Gero eta etsaikeria handiagoa dago prentsaren aurka, Donald Trump presidentearen adierazpenez harago», jaso dute txostenean. «Kazetari estatubatuarrei ez dizkiete inoiz egin azkeneko urtean bezainbeste heriotza mehatxu». Horren ondorioz, zenbait kazetarik segurtasun enpresak kontratatu dituzte.

Europan, oro har, egoera ere ez da ona: kazetariak hil dituzte Maltan, Eslovakian eta Bulgarian; eraso egin diete Serbian eta Montenegron; eta Hungariako Gobernuan dagoen alderdi politikoak—Fidesz kontserbadoreak— komunikabideak «mespretxatzen» ditu.

Frantzia zerrendako 32. tokian dago. Mugarik Gabeko Kazetariek larritzat jo dituzte Jaka Horien manifestazioetan kazetariek jasandako erasoak. Espainia 29. tokian dago —aurreko urtearekin alderatuz bi postu hobetu ditu—. Katalunia kazetarientzat «lurralde gatazkatsua» dela uste dute Mugarik Gabeko Kazetariek, baina 2017. urtearekin alderatuz egoera hobetu dela ondorioztatu dute. Larritzat jo dute Balearretan udazkenean gertatu zena: epaile batek bi kazetariren sakelakoak eta materiala bahitzea agindu zuen, ustez Cursach auziaren sekretuak agerrarazteagatik. Mugarik Gabeko Kazetariek kezka azaldu dute ez dutelako mozal legearen erreformarik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.