Euskadi Irratiak 'Herritmiak' saioa emango du astelehenero

Hamar astez, Alaia Martinek «herridiografiak» egingo ditu. Gorka Otaegik 'Udako faktoria' aurkeztuko du datorren astetik aurrera

Euskadi Irratiaren udako programazioari hasiera emateko, argazki berezia atera zuten atzo, Donostian. EITB.
urtzi urkizu
Donostia
2020ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Euskal Herriko herriak eta haien taupadak ezagutzeko, irratsaio berri bat estreinatuko du Euskadi Irratiak datorren astelehenean: Herritmiak. Hori izango da udako programazioko berrikuntza nagusietako bat. Alaia Martinek gidatuko du saioa; nabarmendu du «herridiografiak» egiten saiatuko direla. «Giro desberdinak eramango ditugu uhinetara, eta herrien profilak askotarikoak izango dira». Aurreneko ataleko herria Itsaso (Gipuzkoa) izango da. Astelehenero emango dute saioa, 20:00etatik 21:00etara. Hamar atal izango dira, abuztuaren 31 arte. Saio bakoitzean lauzpabost elkarrizketa entzungo dira.

Era berean, Martinek azaldu du saioko kantuak herri bakoitzaren nortasunarekin lotutakoak izango direla. «Ondare fisikoa eta bizia azalduko dugu atal bakoitzean». Mikel Belasko onomastika adituak, bestalde, herri bakoitzaren izenaren inguruan dauden teoriak aztertuko ditu.

Itsasori eskainitako atalaren ostean, Lekorne (Lapurdi), Urduña (Bizkaia) eta Gorriti (Nafarroa) izango dira Herritmiak saioko hurrengo herri protagonistak.

Garbiñe Uria Euskadi Irratiko programazio arduradunak, bestalde, azaldu du «unean unekoari erantzuten» saiatuko direla. Astelehenetik aurrera, Gorka Otaegik Udako Faktoria gidatuko du (10:00-13:00). «Egingo ez diren festei ere tartea egingo diegu. Saiatuko gara, nolabait, festa entzuleen etxeetara eramaten», esan du Uriak.

Asteburuetan, Amarauna saioan, Eneko Atxa sukaldaria izango dute kolaboratzaile. «Mugaz bi aldeetara bizi diren herritarren bizipenak jasotzen saiatuko gara, gainera, Amarauna-n», iragarri du Uriak. Zeregin horretan arituko dira Lander Garro eta Thierry Biskari.

Abuztuan, Garikoitz Udabek Blai saioa gidatuko du, 12:00etatik 13:00etara.

Uda osoan, halaber, Euskal Herriko Unibertsitateko udako ikastaroen berri emango du Euskadi Irratiak.

Kirolei dagokienez, estropada guztiak zuzenean emateaz gain, ostiraletik astelehenera gauetan Tostartean saioa izango da entzungai. Frantziako Tourra zuzenean emango dute, abuztuaren 29an hasita.

Radio Euskadi, terrazan

Radio Euskadik eta Radio Vitoriak aldi bereko programazioa izango dute bai asteburuan eta baita astegunetan ere. Larunbat eta igandeetan, Por la sombra saioa itzuliko da, Gema Espinosak gidatuta, 09:00etatik 13:00etara. Abuztuaren 3tik aurrera, Mertxe Guillenek Entre calles eguneroko magazina gidatuko du, 10:00etatik 13:00etara.

Bestalde, terraza giroan murgilduko dira udako arratsaldeetan Joseba Martinen eskutik, kultura ardatz hartuta. Martinek La terraza de verano irratsaioa aurkeztuko du egunero, 15:00etatik 16:00etara —astelehenean hasiko da programa—. Literatura, musika, telebista eta zinema arloetako jendearekin solasean arituko da Martin, itsasertzeko terraza batean baleude bezala. Udako jaialdietan eta festetan eskainitako kontzertuak gogoratu, udan girotutako liburuetako pasarteak irakurri eta filmetako eszenak entzun, Euskal Herrian antolatu izan diren ekitaldiak gogora ekarri, eta udako kantak eta filmetako soinu bandak entzungo dira saioan. Eskaintza zabala prestatuko du Martinek «ezohiko» uda honetarako. La terraza de verano saioa EITB Musika irrati kanalean ere entzun ahal izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.