Emakumeek %40ko presentzia dute euskarazko albisteetan

Emakumeek Hego Euskal Herriko eta euskarazko hedabideetan zer agerpen duten aztertu du EHUko ikerlari talde batek

Emakumezkoek presentzia handiagoa dute euskarazko ikus-entzunezkoetan, prentsan baino. BERRIA.
Olatz Esteban Ezkati.
2021eko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Emakumeek presentzia handiagoa dute euskarazko hedabideetan, mundu osoko datuen aldean: horixe ondorioztatu du Hego Euskal Herriko eta euskarazko komunikabideetan emakumeek duten errepresentazioa neurtzen aritu den Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlari talde batek. Global Media Monitoring Project proiektuak mundu osoko monitorizazioa egin ohi du bost urtero, eta 2020an, lehen aldiz, euskal hedabideak txertatu ahal izan dituzte.

Tania Arriaga, Itxaso Fernandez, Arantza Gutierrez, Marian Gonzalez eta Andoni Iturbek eraman dute aurrera Emakumeen presentzia euskal hedabideetan ikerlana: duela egun gutxi argitaratu zuten, Behategiaren 2020ko urtekariaren barnean. Lan taldeak berezko monitorizazio bat sortu du Hego Euskal Herriko hedabideen eta bereziki euskarazkoen egoera aztertzeko.

Arreta berezia jarri dute euskarazko komunikabideetan, Gutierrezen eta Fernandezen esanetan, hizkuntza «emakumearen presentziaren baldintzatzaile» ote den ikertzeko asmoz. Gara, ETB1eko Gaur egun albistegia, Argia, Euskadi Irratia, Euskalerria Irratia, BERRIA, Hala Bedi eta Naiz komunikabideak sartu dituzte lagin horretan.

Batezbestekotik gora

Mundu osoko datuei erreparatuz gero, 2020an albistegietan ageri zirenetatik %24 ziren emakumezkoak: 2010etik mantendu egin da datu hori, eta lehen ikerketatik -1995ekoa- zazpi puntu soilik egin du gora. Gutierrezek azaldu du kasu batzuetan okerrera ere egin duela. Hego Euskal Herriko hedabideetan, ordea, handiagoa da emakumeen presentzia; %35,4 dira, eta are handiagoa da euskarazkoetan: %40rainokoa.

Batez besteko datuekin alderatuta, 26 puntuko aldea dago, baina, datuak baikorrak diren arren, zuhur agertu da Gutierrez: «Emakume gehiago daude, eta parekotasunera hurbiltzen da, baina ikusi dugu hedabide batzuetan asteburuetan emakumeen presentzia jaitsi egiten dela».

Halaber, presentzia handiagoa da ikus-entzunezko komunikabideetan, %39,2, prentsan baino, %35,7, eta irudiarekin loturik egon daitekeela azaldu du Gutierrezek: irudia agerikoa denean, emakume gehiago agertu ohi dira.

Datuak aztertzeaz gain, emakume horiek zer-nolako rolak izaten dituzten izan dute ardatz nagusietako bat, eta ondorioa argi dute: emakumeak iritzi emaile edo esperientzia pertsonalen narratzaile gisa ageri dira; gizonak, berriz, aditu edo espezialista moduan. Hori adierazten dute euskarazko hedabideetako datuek: herritarren iritzian, %70 dira emakumezkoak, eta adituetan, %40. Are gehiago, albisteen %34an soilik dira emakumezkoak subjektu: objektibizaziorako eta biktimizaziorako joera nabarmena da. «Askotan ez dira aintzat hartzen; gizonek objektu moduan hitz egiten dute emakumeez», dio Gutierrezek.

Azken urteetan ugaritzen ari dira emakume adituen direktorioak, komunikabideek hara jo dezaten, eta baita zenbait komunikabidetan genero ikuspuntua txertatzeko lehentasuna ere. Kazetari batzuek «borroka handia» egin duten arren hedabideetan hori modu sistematikoan lantzeko, kasu askotan kazetariaren sentsibilizazioaren esku dagoela uste du Gutierrezek. Beste gako bat ere eman du ikerlariak: emakumeei zertarako deitzen dieten. «Emakumeez, feminismoaz edo gai femeninoez hitz egiteko deitzen dituzte normalean». Nabarmendu du alor horretan oraindik ere pedagogia egin beharra dagoela.

Ikerlanaren hirugarren zutarria kazetariak izan dira. Euskarazko komunikabideetan, sinatzaileen generoaren arteko aldea oso urria da: %42,7 dira emakumezkoak, eta %43,7 gizonak. Alabaina, prentsa idatzian, sinadurarik gabeko berriek ez dute aukerarik ematen errealitatea bere osotasunean aztertzeko. Ikerlariek ondorioztatu dutenez, hizkuntza faktore ezinbestekoa da datuok ulertzeko. Europa osoan eginiko ikerketa batek argitu du hizkuntza gutxituetako hedabideetan, oro har, emakumeen presentzia nahiko parekidea dela. Arrazoia: lan-baldintzak kaskarragoak izan ohi dira komunikabide handietan baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.