Grebak eragin eta oihartzun handia izango du komunikabideetan

Papereko BERRIA ez da argitaratuko bihar, eta EITBn gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte

Biharko greba orokorrari buruzko afixa, Iruñeko kaleetan. IÑIGO URIZ / FOKU.
jakes goikoetxea
Donostia
2020ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun

Biharko greba orokorrak eragin zuzena izango du Euskal Herriko hainbat komunikabidetan. Horietako langile askok bat egin dute Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak Lan, pentsio, bizitza duina lelopean deitutako mobilizazio egunarekin, eta grebari buruzkoa izango da bihar landuko duten informazio guztia.

Grebaren eragina nabaria izango da kioskoetako eskaintzan: ez da BERRIArik izango. Ez da euskarazko egunkaririk argitaratuko paperean, Berria Taldeko langileen batzarrak hala erabakita.

Etzi, berriz, argitaratuko da papereko BERRIA, grebari buruzko informazio zabalarekin. Era berean, Berria.eus webguneak grebaren berri bakarrik emango du bihar, eta gai hori soilik landuko du sare sozialen bidez, Twitterren, Facebooken, Telegramen eta Instagramen. Webguneak zuzeneko kontaketa egingo du goizean goizetik eta egun osoan.

EITB Euskal Irrati-Telebistari dagokionez, hango iturriek ez dute argitu nahi izan zein izango den grebaren eragina eta biharko eskaintza informatiboa. LABeko ordezkariek, baina, baieztatu dute gutxieneko zerbitzuak baino ez direla izango, bai irratietan, bai telebistetan eta baita Eitb.eus-en ere.

ETBren kasuan, albistegiak izango dira egunean bertan landutako eskaintza bakarra, Gaur egun ETB1en eta Teleberri ETB2n. Sindikatuak bat datoz egunean albistegiak soilik lantzearekin, baina ez albistegi arruntak egitearekin.

Musika edo programak

Horrez gain, badute beste desadostasun bat EITBko zuzendaritzarekin. «Guk musika edo koloretako doitze irudia jartzeko eskatzen dugu», Andoni Basaberen esanetan. LABeko ordezkaria eta ETBko Zentro Arteko Batzordeko burua da Basabe. Ezberdina baita albistegien artean musika edo doitze irudia eskaintzea, ezohiko eguna eta programazioa dela erakutsiz, edota ohiko programak emititzea, aldez aurretik grabatuak badira ere. «Enpresak normaltasun itxura eman nahi du», Basaberen iritziz.

Horren kontra borroka egiteko prest daude. Salaketak jartzeko. «Arrazoia ematen digute beti». Kontua da salaketa horiei buruzko erabakiak greba egin eta hilabeteetara iristen direla.

Grebak eragina izango luke ETB2ko gaurko El Conquis saioan, greba gaur gauerdian hasten baita, eta El Conquis, berriz, 00:30ean bukatu.

EITBren irratien kasuan, gutxieneko zerbitzuak hitzartu dituzte zuzendaritzarekin, eta albistegiak eta musika baino ez dituzte eskainiko, LABeko ordezkarien esanetan, EITBko bost irratiek: Euskadi Irratiak, Radio Euskadik, Radio Vitoriak, EITB Musikak eta Gazteak.

'Hokoke' Hamaika TBn

Hamaika telebistako langileek bat egin dute greba deialdiarekin. «Greba aktiboa» egingo dute: grebari buruzko albistegi bereziak eskainiko dituzte bihar (10:30ean, 15:30ean eta 20:30ean), eta eguneko programazioa greba eguneko aldarrikapenekin zerikusia duten edukiekin osatuko dute.

Gauerdian Hokoke dokumentala estreinatuko dute, Huerta de Peraltako langileen borrokari eta garaipenari buruzko ikus-entzunezko lana.

Euskalerria Irratiak aste osoa darama grebari buruzko programazio berezia eskaintzen, grebak salatzen dituen egoerak ikusarazten: prekaritatea, pentsio apalak... Grebaren kontaketa bertatik bertara egingo dute bihar. Grebari eskainiko dizkiote albistegiak eta informazio programak. Albistegi berezi bat ere egingo dute Iruñeko Gaztelu plazatik, 13:30ean, goizean gertatutakoa biltzeko. Arratsaldean greba egingo dute Euskalerria Irratiko langileek.

Grebari buruzko informazio asko ari da zabaltzen sare sozialetan. #U30GrebaOrokorra da Twitterren mezuak jakinarazteko gehien erabiltzen ari den traola.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.