Donejakue bidea, pertsonaia

'3Caminos' telesaila grabatzen aritu dira Nafarroan. Amazon Prime Videok emango du, 2021ean

Astelehenean eta asteartean Leireko monasterioaren inguruan filmatzen aritu ziren. ESTUDIOS MELITON.
jakes goikoetxea
Donostia
2020ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Ez da agertoki hutsa, ez film bateko kanpoaldea, pertsonaia baizik, hezur eta haragizkoa ez bada ere. Donejakue bidea pertsonaia izango da 3Caminos (Hiru bide) telesailean. Tartean, Donejakue bidearen Euskal Herriko zatia. Asteon, Leireko monasterioan grabatzen aritu dira (Esa, Nafarroa), astelehenean eta asteartean, eta martxoan berriro itzuliko dira, Garesen eta Orreagan filmatzera. 2021. urtearen hasieran ikusi ahal izango da telesaila, Amazon Prime Videon, eta sei atal izango ditu.

Filmazio taldeak ere Donejakue bidea egingo du, grabatzen. Nafarroan hasi, Errioxan jarraitu, (Espainia) eta Galiziaraino iritsiko dira. Grabazioak luze joko du, hainbat lekutan eta hainbat alditan filmatu behar baitute. Telesaileko protagonistek istorioan hiru aldiz egingo dute Donejakue bidea, urte ezberdinetan, eta, beraz, behin baino gehiagotan grabatuko dute leku batzuetan, garai ezberdinak irudikatzeko asmoz.

Horrez gain, telesaileko pertsonaia nagusiek fikzioan hainbat jatorri dituzte, eta herrialde horietan ere grabatuko dute: Alemanian, Hego Korean, Mexikon eta Portugalen. Herrialde horietako ekoiztetxeek ere parte hartu dute proiektuan: Alemaniako Ariane Krampek, Portugalgo Cinematek, Italiako Cross Productionsek eta Hego Koreako 329 Studiosek.

Bost dira telesailaren protagonistak: Andrea Bosca (Lucca pertsonaia, marinel baten semea, Italian hazia), Veronica Echegui (Raquel, kantatzea gustatzen zaion neska bat), Alex Gonzalez (Roberto, Mexikon bizi den suhiltzaile ohi bat), Alberto Jo Lee (Yoon Soo, aitak antolatu dion bizitzatik ihesi doana) eta Anna Schimrigk (Jana, anarkista).

Hiru zuzendari

Telesailak hiru zuzendari ditu: Norberto Lopez Amado (Hernán, El príncipe), Iñaki Mercero (El tiempo entre costuras, El príncipe) eta Franciska Meletzky (El tiempo entre costuras).

Galiziako Ficcion Producciones —berak irabazi zuen lehiaketa—, Beta Films eta Amazon Prime dira ekoizleak, eta Mamen Quintas ekoizle eragilea. Produkzio taldeko kide batzuek Donejakue bidearen zati bat egin zuten, telesailerako grabazio lekuak ikusteko eta baita bidea bera ezagutzeko eta sentitzeko ere. Grabazioetarako, hainbat eliza, katedral, zubi, aterpetxe... aukeratu dituzte. «Natura telesaileko pertsonaia da», nabarmendu du Quintasek. «Bidea protagonista bat gehiago da». Eta telesaila Donejakue bidea eta haren ingurua erakusteko modua izango da.

«Bidea metafora bat da», jarraitu du Quintasek. «Guztiok egiten dugu bide bat, eta bost pertsonaia nagusiek ere beren bidea egingo dute, hazten, frustrazioekin borrokan, porrotekin... Geure bizitzaren metafora da».

Ez dute zehaztu zehazki noiz ikusi ahal izango den. 2021. urtearen hasiera aipatu dute. Ez da kasualitatea, 2021. urtea Xacobeo urtea baita, eta proiektuak Galiziako Xuntaren milioi eta erdi euroko laguntza jaso baitu. Galiziako Gobernuak agerian utzi du urte horretako ikus-entzunezko proiektu gisa bultzatu duela telesaila, Donejakue bidearen nazioarteko promozio gisa, Amazon Primeren laguntzarekin.

3Caminos ez da Donejakue bideari buruzko telesail bakarra. Koldo Serra zuzendari bilbotarrak Caminantes (Bidaztiak) telesaila filmatu du Orangerentzat. Telesail horrek berezitasun bat du: sakelako telefonoekin filmatu dute. Beldurrezko istorio bat da: gazte talde bat desagertu egingo da Donejakue bidea egiten ari dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.