Albistea entzun

Guillermo Roak gidatuko du 'Ekosfera' saioa, gaurtik hasita

Euskadi Irratiko programak Donostiako Kristinaenean hasiko du denboraldia. Klima aldaketa izango dute gaur mintzagai nagusia
Guillermo Roa esatariak <em>Ekosfera</em> aurkeztuko du Euskadi Irratian, <em>Norteko ferrokarrilla</em>-rekin jarraitzeaz gain.
Guillermo Roa esatariak Ekosfera aurkeztuko du Euskadi Irratian, Norteko ferrokarrilla-rekin jarraitzeaz gain. EITB Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2020ko urriak 7 - Hernani

Euskadi Irratiko Ekosfera irratsaioak urtebeteko etena izan du, iazko ekainean Jokin Aldazabalek erretiroa hartu eta gero —bederatzi urtez aritu zen programa gidatzen euskarazko katean—. Udan, Marijo Deograciasek, programa berreskuratu, eta sei atal aurkeztu ditu. Baina, irailean, Deogracias Baipasa magazinera joan da, eta Euskadi Irratiak Elhuyar Fundazioari proposatu dio Ekosfera-ren ekoizpena bere gain hartzea. Horren ondorioz, Guillermo Roak Ekosfera gidatuko du gaurtik aurrera: asteazkenero emango dute, 22:00etan; eta errepikapena, igandeetan, 15:00etan. Futbol partidak dauden asteazkenetan, Euskadi Irratia Plus zerbitzuan entzun ahalko da saioa, streaming bidez.

Denboraldiko lehen atala Donostiako Cristina Enea fundazioko erakusketa areto batean egingo dute. Klima aldaketa izango da gaurko programako mintzagai nagusia. «Gai zabalena eta garrantzitsuena hartu, eta horrekin hastea erabaki dugu», esan du Roak. Ekosfera-k beti landu izan ditu ekologia, ingurumena eta energiarekin lotutako gaiak, baina baita natura ere. Fisikako gaiak ere bai, tarteka. «Gai horiei guztiei helduko diegu datozen asteetan, baina klima aldaketarekin hastea egokitzat jo dugu».

Gaurko saioan, Elisa Sainz de Munieta BC3 taldeko ikerlaria eta Iñaki Antiguedad EHUko Hidrologia irakaslea gonbidatuko dituzte. Horrez gain, Cristina Enea Fundazioko zuzendari Txema Hernandez elkarrizketatuko du Roak. «Klima aldaketaren ondorioak Donostialdean nola planteatzen diren azalduko du Hernandezek». Esatariak nabarmendu du orokorretik tokikora pasatuko direla klima aldaketa aztertzeko orduan. «Antiguedadek, gainera, gaia uraren ikuspuntutik aztertuko du». Datozen hilabeteetan, klima aldaketaren ondorioetan lanean ari diren aditu gehiago gonbidatuko dituzte programaa.

Ekosfera-ko kolaboratzaileen artean aurten denetarik izango dituztela iragarri du esatariak: biologoak, fisikariak...

Era berean, Roak nabarmendu du Ekosfera-ren bidea ez dela ezerezetik abiatuko. «Aldazabalek zituen kolaboratzaile ugari baliatuko ditugu. Deograciasek ere ondare txiki bat utzi dit, formatu berri bat jarri baitu martxan udan. Bietatik edango dut, eta nire estiloa eta tonua ere emango diot saioari».

Ingurumena beste saioetan

Roak, gainera, Norteko ferrokarrilla zientzia eta teknologiari buruzko irratsaioa gidatuko du aurrerantzean ere —Elhuyarren saioa ostiraletan ematen du Euskadi Irratiak, 22:00etan; eta larunbatetan errepikatzen du, 15:00etan—. «Bi saioak egitea erronka da, gai guztiak ondo dokumentatu beharrekoak baitira», aipatu du esatariak. «Nahiko genuke, era berean, Ekosfera-ko gaietatik tira egin eta EITBko beste espazio eta formatu batzuetara zabaldu: EITBko webguneko albisteetara edo telebistako arratsaldetako magazinetara». Euskadi Irratiak berak ohartarazi du aurrerantzean «azpimarra berezia» egingo duela klima aldaketa, jasangarritasuna eta garapen estrategia berrien inplementazioarekin lotura duten gaiekin, baina ez soilik Ekosfera-n, baizik eta albistegietan eta gainontzeko irratsaioetan ere bai. Bidenabar, EITBk hitzarmen bat sinatu du klima aldaketa ikertzen duen BC3 zentroarekin.

Roak susmoa du Ekosfera eta Norteko ferrokarrilla programen kontsumoan, gero eta indar handiagoa dutela podcast gisa. «Entzule batentzat emisio ordua ez bada erosoa, nahieran entzutera joango da. Baina bestela ere gai oso aproposak dira podcast moduan entzuteko».

Nahiz eta Ekosfera eman ez den hilabeteetan ekologiarekin lotutako gaiak Norteko ferrokarrillean landu dituzten, Roari garrantzitsua iruditzen zaio irratsaioa bera berpiztu izana. «Irratiak astean propio bi ordu zientziarekin lotutako gaiak ekoiztea nahiko ondo dago».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

 ©MONIKA DEL VALLE / @FOKU

«Euskaraldia oso neorrealista da»

Urtzi Urkizu

ETB1ek 'Dailobit' saioaren bigarren atala emango du gaur, Euskaraldian izandako bizipenekin. Rutak Leire Palaciosekin batera aurkezten du programa. «Naturaltasunez agertzen saiatzen naiz».
Filip Albor, Amaia Karrere eta Arantxa Hirigoien, <em>Ttinka</em> disko-liburuaren egileak. ©MATHIEU HARANBURU/ BELARRI

«Ikusi dut gauza gutirekin anitz pasarazten ahal dela»

Ainize Madariaga

'Ttinka' disko-liburua plazaratu du Hirigoienek, Filip Albor eta Amaia Karrerekin batera.Ttipitik «on» denez kantuak eta ipuinak euskaraz entzutea, haurren beharretara egokitu dute obra.
Jon Zabaleta, HernaniKomik azokan emandako Joseph Camino saria eskuetan duela. ©JON URBE / FOKU

«Marrazteak goizero jaikitzen laguntzen dit»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Trazu ezberdin asko dituen bineta erraldoi bat da Zabaletaren bizitza, marrazkiz zirriborratu duena. Hernani bere jaioterrian saritu dute, eta euskal komikiari egindako ekarpena aitortu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...