Kazetariek lan egiteko oztopoak dituzte munduko 130 herrialdetan

Mugarik Gabeko Kazetarien zerrendaren arabera, Norvegia da tokirik onena kazetaritza egiteko, eta Eritrea da herrialderik okerrena

Pakistango kazetari batzuk prentsa askatasunaren aldeko mobilizazio batean, iaz, Islamabaden. SOHAIL SHAHZAD / EFE.
urtzi urkizu
2021eko apirilaren 21a
00:00
Entzun
«Kazetaritza da desinformazioaren aurkako txertorik onena»: hala dio Mugarik Gabeko Kazetarien idazkari nagusi Christophe Deloirek. «Baina, zoritxarrez, haren ekoizpena eta banaketa blokeatu egiten dute sarri, faktore politiko, ekonomiko eta teknologikoengatik». Kazetarien eta prentsa askatasunaren defentsan ari da Mugarik Gabeko Kazetariak nazioarteko gobernuz kanpoko erakundea. Idazkari nagusiak ohartarazi du desinformazioaren biraltasunak mugak gainditzen dituela, bai plataforma digitalen bai sare sozialen bitartez. Erakundeak munduko zerrenda osatzen du urtero, eta, horren arabera, lau herrialdetatik hiruk egoera txarra dute.

Aurreko urteetan bezala, Eskandinaviako herrialdeak dira egoera osasuntsuena dutenak prentsa askatasunari dagokionez: Norvegia dago lehen tokian; Finlandia bigarrenean; Suedia hirugarrenean, eta Danimarka laugarrenean. Costa Rica bosgarren tokian dago, eta, hain zuzen ere, Erdialdeko Amerikako zenbait herrialdetan jazarriak diren kazetariek babesa jaso dute han.

Azkeneko tokietan, berriz, 170. tokitik 180.era, hauek daude: Saudi Arabia, Kuba, Laos, Siria, Iran, Vietnam, Djibuti, Txina, Turkmenistan, Ipar Korea, eta, azken tokian, Eritrea.

Zerrendako lehen hamabi tokietan daudenak jotzen dituzte soilik informazioaren egoera ona duten herrialde gisa. Alemania atera egin da hortik, 13. tokira jaitsi baita bi postu galduta; osasun larrialdiko neurrien aurkako mobilizazio negazionistetan, kazetarien aurkako erasoak egin dituzte, eta horrek isla izan du Alemaniak zerrendan duen tokian. Ameriketako Estatu Batuak 44. tokian daude: US Press Freedom Tracker taldearen arabera, 130 kazetari atxilotu zituzten iaz, eta ia 400 eraso egon ziren.

Brasilgo egoerak nabarmen egin du okerrera. Lau postu egin du behera, eta zerrenda gorrian sartu da. Mugarik Gabeko Kazetarien txostenean jaso dutenez, Brasilen ohikoak bihurtu dira kazetarien aurkako isekak, estigmatizazioak eta umiltze publikoak. Eremu gorrian daude baita ere Mexiko (143. postuan) eta Errusia (150.enean).

Eritreako hamar kazetarik urteak daramatzate preso, eta horrekin kezka azaldu du Mugarik Gabeko Kazetariak erakundeak; salatu duenez, gobernuak kontainer batzuetan ditu gatibu kazetari horiek, basamortuan, eta ez du haien egoeraren berri ematen.

Zerrendan postu gehien galdu dituen herrialdea, edonola ere, Malaysia izan da: 101.etik 119.era jaitsi da. Izan ere, gobernuak albiste faltsuen aurka onartu duen lege berriak bide eman dio «egiaren bere bertsioa inposatzeko».

Europako kazetarien aurkako zenbait eraso zerrendatu dituzte Mugarik Gabeko Kazetariek: Serbian, Ana Lalic kazetaria «modu basatian» atxilotu zuten bere etxean, ospitale batean erreportaje bat egin eta gero; Kosovon, KoSSev hedabide digitaleko Tatjana Lazarevic «modu arbitrarioan» atxilotu zuten kalean, eta Grezian, autoritateek «indarkeriaz» galarazi dute zenbait kazetari migratzaileekin harremanetan jartzea. Hain zuzen ere, Espainian ere zailtasun handiak jarri dituzte itsasoz iristen ari ziren migratzaileei argazkiak ateratzeko. Edith Rodriguez Cachera Mugarik Gabeko Kazetarien ordezkariak nabarmendu du argazkilariek ezin izan dutela haien lana egin Kanaria uharteetara iristen ari ziren migratzaileekin. «Espainian, bereziki kezkatu gaitu erakundeen gardentasun faltak», gaineratu du. Espainia 29. tokian dago, aurreko urtean bezala, eta Frantzia, 34. tokian, iazko moduan.

Mugarik Gabeko Kazetarien Espainiako presidente Alfonso Armadak salatu du prentsaren aurkako «gorroto diskurtsoa» munduko herrialde askotan zabaldu dela. Kasu askotan, eskuin muturreko ideologia duten taldeak ari dira gorroto hori sustatzen. Rodriguez Cacherak Vox alderdi politikoaren jardunaz ohartarazi du: «Voxek hedabideekiko eta kazetariekiko duen jokabidea kezkagarria da. Kazetariak seinalatzen dituzten alderdi politikoek beldurtu egiten gaituzte».

Frantzian, gobernuak «ordena publikorako» neurriak ezarri zituen, eta argazkilariei polizien irudiak hartzea mugatu. Horren aurkako manifestazioetan, kazetarien eta argazkilarien aurkako erasoak izan ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.