Filminek 'Altsasu (gau hura)' lana estreinatuko du hilaren 22an

Lau urtez auzia aztertzen ibili ondoren, Docs Barcelona jaialdian aurkeztuko dute Altsasuko auziaren inguruko dokumentala

Altsasuko auziaren egutegia jarraitu du ikus-entzunezkoak, protagonisten jarraipena eginda. MARMOKA FILMS.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
«Pertsona baten eguneroko bizitzara gerturatzen zarenean konturatzen zara lurrikara txiki batek zenbat geruza eta sukaldeko baldosa pitzatu ditzakeen». Hala dio Amets Arzallus bertsolari eta kazetariak (Hendaia, Lapurdi, 1983). 2016ko urriaren 15ean Altsasuko (Nafarroa) Koxka tabernan izandako istiluak jazo berritan, behaketa eta ikerketa lanetan hasi zen Marc Parramon dokumentalgilea (Manlleu, Katalunia, 1977). Gai politiko eta sozialen inguruko ikus-entzunezkoak egin ohi ditu Parramonek, eta, laguntza eske, Arzallusengana jo zuen: «Parramonek konplize bat behar zuen berarekin batera Altsasuko kasuaren jarraipena egingo zuena; laguntzen hasi nintzen, eta, azkenean, bion artean osatu dugu dokumentala, bakoitzak bere alorretik». Lau urteko jarraipenaren ondoren, Docs Barcelona jaialdian aurkeztuko dute Altsasu (gau hura) dokumentala hilaren 22an, eta egun berean jarriko dute ikusgai Filmin ordainpeko plataforman.



Kronologikoki jarraitutako haria da dokumentalaren oinarria. «Harrapaturik bizi izan diren eta oraindik ere hala bizi diren pertsonen urteetako jarraipena da ikus-entzunezkoa», azaldu du Arzallusek. Zehazki, zero unea deitzen dutena da dokumentalaren abiapuntua, «gertaera jazo zeneko gau hura», eta, hari horretatik tiraka, Altsasuko auziaren egutegia jarraitu du ikus-entzunezkoak, istorio horren parte diren gazteen jarraipena eginez.

Horrez gainera, agerian dauden bi errealitate mahai gainean jarri nahi izan dituzte: «Bi hari erakutsi nahi izan ditugu: egunkarietan hizki larriz datorrena eta pertsona horien egunerokoetan hizki txikiz datorrena». Izan ere, Altsasuko auziaren kasuan, bi hari horien arteko kontrastea «izugarria» dela nabarmendu du Arzallusek. Emaitza, berriz, honako hau: «Egunkari handien eta eguneroko txikien konparazioaren behaketa jarraitua da dokumentala».

Ikus-entzunezkoa osatu arteko prozesua «ikasketa prozesu bat» izan da, Arzallusen kasuan. Baina, aldi berean, errealitatera modu «sakonago» batean hurbiltzeko balio izan du dokumentala egin arteko prozesuak: «Euskal gatazkaz harago, testuinguru global bat du Altsasuko auziak: gehiegikeria polizialen eta judizialen aurrean, herritar arruntaren biluztasuna unibertsala da, zoritxarrez». Ondorioz, euren ustetan, «funtsezkoa» da ikus-entzunezkoa «gure mugez haratago» zabaltzea. «Orain, gainera, Europan kokatuta dago borroka judiziala, eta, alde horretik ere, garrantzitsua da zabalpena ematea», gehitu du.

Hedapena lortzeko, finantzaketa kolektiboko diru bilketa kanpaina bat martxan jarri zuten apiril amaieran, eta herritarren aldetik jaso duten erantzuna «izugarria» izan da: «Auzi honek muga ideologikoak zein geografikoak gainditu zituen, eta oraindik ere, agerikoa da elkartasun sare horrek duen indarra». Dirua biltzeko kanpaina zabalik dago oraindik ere Verkami plataforman; dagoeneko, gainditu dute hasieran finkatutako 25.000 euroko langa.

Egunak zenbatzen

Prozesu «luzea» izan bada ere, ikus-entzunezkoa estreinatzeko «gogoz» daude bi egileak. «Prozesua uste baino gehiago luzatu bada ere, gogoa dugu egindako lana jendearekin kontrastatzeko eta beren iritzia ezagutzeko», azpimarratu du Arzallusek. Horren ondoren iritsiko da ikus-entzunezkoa Euskal Herrira. Hala ere, oraindik ez dute estreinaldirako datarik finkatu.

Datorren asteartean hasi eta hilaren 30era bitartean egingo dute Docs Barcelona zinema jaialdia. 24. aldian, 33 herrialdetako 33 dokumental luze eta 11 film labur ikusteko aukera egongo da. Balandrau, infern glacat dokumentalarekin emango diote hasiera, baina, horrez gain, beste hainbat ikus-entzunezko ikusteko aukera egongo da. Besteak beste, Lobster soup, Les enfants terribles eta The last forest dokumentalak. Osasun larrialdiaren eraginez, gainera, dokumentaletako batzuk Internet bidez ikusteko aukera egongo da Filmin plataforman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.