Euskal hedabideen neurketa digitala adosteko lehen urratsak egin dituzte

Beha proiektuaren aurreneko emaitzak aurkeztu ditu Libe Mimenzak: «Bidea elkarrekin hasi dugu»

Libe Mimenza Euskal Hedabideen Behategiko koordinatzailea, Beharen emaitzak aurkezten, atzo. GOTZON ARANBURU / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Donostia
2022ko irailaren 14a
00:00
Entzun
«Bidea hasi dugula, eta hasi dugula elkarrekin. Proiektu honen ekarpena izango da abiapuntura iristeko urratsak egitea. Identifikatu ditugu datu iturriak, ordenatu egingo ditugu, eguneratu, ongi konfiguratu, denetan gauza batzuk berdin jarri, eta pedagogia lana egin datuen kultura zabaltzeko». Hori da Euskal Hedabideen Behategiak burututako Beha proiektuaren lehen faseak utzi dituen ondorio nagusienetako bat, proiektuaren arduradun Libe Mimenza ikerlariak azaldu duenez.

Horixe baita Beharen funtsa:euskarazko komunikazio espazioaren audientzia digitala neurtzeko sistema bat ezartzea, eta audiometria sistema propio baterantz urratsak egitea. Eta egin dituzte lehen urratsak, eta horien berri eman du Mimenzak, Donostiako Miramar Jauregian, Euskal Hedabideen Behategiak antolatutako Euskal hedabideen audientzia digitala: metrika adostuen garaia izeneko udako ikastaroan.

Izaera, mota eta hedapen geografiko ezberdinetako zortzi komunikazio proiekturekin egin dute lan lehen fase horretan: BERRIA, Hamaika TB, Kanaldude, Euskalerria Irratia, Elhuyar, Gaztezulo, Anboto eta Alea. 2021eko apirilean hasi ziren proiektuarekin, lehen fasea amaitu dute ia, eta bigarrenari ekingo diote. Fase pilotu bat da egin dutena Hekimen elkarteko zortzi komunikabide horiekin, eta lagin horrekin joango dira gero gainontzekoetara—66 baitira guztira Hekimenen—. Eta zer da funtsean egin dutena? Euskarazko hedabide horiek euren audientzia digitala neurtzeko dituzten sistemak ebaluatu dituzte —«nola ari dira neurtzen euskal hedabideak gaur egun digitala den hori?»—, sistema hori eguneratu dute, eta neurketa eredu komun bat sortu dute —lehen proposamen bat da osatu dutena—.

«Berezia» baita testuingurua, eta «aproposa» garaia: Google Analytics 4 sortu dute, Universal Analytics atzera gelditu da, cookie-rik gabeko ingurune digital bat dator... eta euskarazko hedabideek hartu behar dute tokia eta hartu behar dituzte erabakiak. Elkarrizketak egin dituzte zortzi hedabide horiekin, sartu dira haien paneletan ebaluazioa egin ahal izateko, analitika plan komun baterako proposamena idatzi dute, eta inkesta bidez hasi dira beste hedabideen egoera aztertzen.

Mimenzak azaldu du «diagnostikoa» zein izan den: hedabide horietan dituzten analitika aldagaiak «oso oinarrizkoak» direla, neurketarako maiztasun «ezberdinak» dituztela, arduraduna edo lantaldea ez dela denetan berdina, eta neurketa digitalerako plan bakarra dagoela egina hedabide horietan. «Zailtasunak» ere topatu dituzte: ezagutzan —«formazioa behar dute»—, denboran —«ez dira iristen»— eta baliabideetan —«giza baliabideak zein diru baliabideak»—.

Diagnostiko eta eguneratze faseen ostean jaso dituzten lehen datuak «sendoak» direla dio Mimenzak, eta adinaren, sexuaren, gailuen eta hizkuntzaren arabera egindako audientziaren neurketaren lagin bat aurkeztu du —txostena osorik aurrerago emango dute—. Neurketa plan bat eta inplementazio plan bat ere osatu dituzte, eta planteamendu tekniko bat ere bai horri guztiari lotuta.

Hausnartuz amaitu du Mimenzak, eta aro bat «amaitu» egin dela esan: «Gazteak sare sozialen bidez informatzen dira, hori da gaurko aroa». Dioenez, ordea, «txip zaharrekin» funtzionatzen da oraindik: «Arazo bat konpontzeko lehen urratsa arazoa onartzea da. Hori partekatzen badugu, jada asko da. Esperimentatzen hasi behar dugu. Bideak hartu egin behar dira. Sistema eragilea birkonfiguratu. Txipa aldatzeak esan nahi du kazetaritza ulertzeko modua aldatzea, komunikabideak ulertzeko modua aldatzea; analisia, ikerketa eta neurketa ulertzeko modua aldatzea. Paralisia urratu behar dugu, zeren paralisi puntu batean gaude».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.