Euskarazko hedabideak Euskaraldian murgilduko dira

BERRIAk luze eta zabal emango du Euskaraldiaren berri. ETB1ek 'Dailobit' saioa emango du hilaren 27an eta abenduaren 4an

Ahobizi eta belarriprest txapak janzteko aukera izango da datozen egunetan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
urtzi urkizu
2022ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Ahobizi ala belarriprest, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozialari ekingo diote milaka herritarrek bihar. Abenduaren 2ra bitartean, euskararen erabilera handitzeko ahalegina egingo dute Euskal Herriko herri, auzo eta hirietan. Euskaraldia antolatzen den hirugarren aldia da, eta oraingoan ere Euskal Herriko komunikabideek adi jarraituko dute euskararen aldeko ariketak ematen duena.

BERRIAk Euskaraldiaren jarraipen zabala egingo du: Euskal Herria sailean, egunero gai bat landuko dute, elkarrizketa edo erreportaje formatuan, eta hainbat adituren gogoetak erantsiko dituzte. Berria telebistan, hiru bideo hiztegi sareratuko dituzte, eta bestelako bideoak egingo dituzte. Euskaraldiaren hasieran eta amaieran, kokapen eta balorazio bideo bana egingo dute.

Bost probintzietako hiriburuetan, Euskaraldia hastera doala iragartzeko ekitaldiak egingo dituzte gaur, eta horien berri emango dute BERRIAn. ETB1eko Biba zuek! magazinak Donostiako ekitaldiaren berri emango du. Euskal Irratiek, berriz, Baionako Zizpa gaztetxean egingo den abiatze ekitaldia jarraituko dute. Bihar goizean, berriz, Xan Aire hizkuntza aditua elkarrizketatuko dute Euskal Irratietan (Gure Irratia, Antxeta Irratia, Irulegiko Irratia eta Xiberoko Botza).

Iruñeko Euskalerria Irratiak, bestetik, emanaldi berezia egingo du gaur goizean Laban, zuzenean: 09:00etan, Metropoli forala saioa hirugarren Euskaraldiariari eskainia egongo da, eta euskaltegietako eta hizkuntz eskolako ikasleak egongo dira Laban, emankizuna nola egiten duten ikusten. Broken Brothers Band taldeak zuzenean joko du.

Euskaraldiak berak —Euskaltzaleen Topaguneak antolatzen du— ariketaren nondik norakoen berri emango du sare sozialetan: Twitterren, Instagramen eta Facebooken. Euskaraldia.eus webgunean kontsulta daiteke herri bakoitzean ahobizi eta belarriprest txapak non jaso.

Euskaraldiak, gainera, podcast bat sortu du: Zapla! EITB Podkast atarian entzun daitezke aurreneko hiru atalak. Hizkuntza ohiturak aldatu nahi dituzten herritarrei tresnak eskaintzeko sortu dute podcasta. Laugarren atala estreinatzea besterik ez zaie falta, hiztunen praktikarako gune babestuen ingurukoa.

ETB1ek Dailobit izeneko saio bereziak emango ditu, hilaren 27an eta abenduaren 4an. Leire Palacios eta Alessandro Rutta kazetariek gidatuko dute programa, eta Euskaraldiak batzen dituen istorioak eta bizipen pertsonalak gerturatuko dizkiete ikus-entzuleei. Saio horren hirugarren atala, Durangoko Azokari buruzkoa, abenduaren 11n emango dute.

ETB1eko Biba zuek! saioan, Marta Elvirak Euskaraldiari eskainitako tartea ikusi ahalko da, eta, horrez gain, solasaldiak eta erreportajeak emango dituzte. Hitzokei saioak egitasmoaren inguruko eduki bereziren bat prestatuko du egunero.

Euskadi Irratian, Euskaraldiaren jarraipena egiteaz gain, txapekin jolastuko dute: rol desberdinak dituzten pertsonen istorioak eta ariguneetako adibide zehatzak kontatuko dituzte magazinetan.

Iparraldeko Euskal Hedabideak sareak —Ipar Euskal Herriko Hitza, Herria, Kanaldude, Kazeta eta Euskal Irratiak—, bestalde, zuzeneko emankizun berezi bat egingo du abenduaren 3an, Baionako merkatu plazan. Euskara, hedabideetatik karrikara izenburupean, gonbidatu ugari izango dituzte, eta Euskaraldiak eman duenaren balantzea egingo dute.

Pantailaldia, bihar arte

Euskaraldiaren aurreko egunetarako, Pantailak Euskaraz mugimenduak Pantailaldia antolatu du aurrenekoz. Euskarazko ikus-entzunezkoak sustatzeko egitasmoa aurreko ostiralean hasi zen, eta bihar amaituko da. 370 herritarrek baino gehiagok eman dute izena Pantailaldian, nahiz eta Pantailak Euskaraz-ek zailtasunak izan dituen —Twitterrek kontua bertan behera utzi zion, hackeatua izan eta gero, eta haien webgunea ez dabil egunotan—. Bost boluntario Pantailaldiko esperientziaren berri ematen ari dira sare sozialetan eta hedabideetan: Andoni Solorzano, Itziar Luri, Mitxel Elortza, Nagore Irizar eta Ioritz Gonzalez. Gaztealdia ere egiten ari dira egunotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.