Albistea entzun

Series Mania jaialdiko edukiak Iparraldean ikusgai, sarean

Lillera joan gabe, lehian diren telesailak ikusi ahalko dira plataforma batean. Martxoaren 17tik 24ra egingo dute nazioarteko jaialdia
Toni Collette aktorea, <em>The Power</em> telesailaren irudi batean. Sari nagusia irabazteko hautagaietako bat da Lillen.
Toni Collette aktorea, The Power telesailaren irudi batean. Sari nagusia irabazteko hautagaietako bat da Lillen. AMAZON Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2023ko otsailak 9

Canneseries jaialdiarekin batera, munduan prestigiorik handiena duen telesailen jaialdia da Series Mania. Lillen (Frantzia) ospatzen da, eta aurten martxoaren 17tik 24ra egingo dute. Hara joan gabe ere, hainbat telesail eta zuzeneko ekitaldi Interneteko plataforma batean ikusi ahalko dira Lapurdin, Nafarroa Beherean, Zuberoan, Korsikan eta Frantzian. Seriesmaniaplus.com atarian izena eman behar da horretarako. Martxoaren 16an hasiko dira edukiak eskaintzen.

Nazioarteko lehia nagusian, urteko fikziorik esanguratsuenetako bat bihur daitekeena hautatu dute: Amazon Prime Videoren The Power. Naomi Aldermanen eleberri arrakastatsu batean dago oinarrituta. Zientzia fikziozkoa da istorioa: zenbat herrialdetako neska nerabe batzuek jendea elektrokutatu dezakete hatzekin ukituta. Aktore protagonistak Toni Collette, Alice Eve, John Leguizamo eta Auli'i Cravalho dira. Jaialdia amaitu eta egun gutxira iritsiko da Amazoneko katalogora.

Horrez gain, Nerea Castrok (Bilbo, 1975) idatzitako telesail bat lehiatuko da Lillen: Mentiras pasajeras (Paramount Plus). Blanca Andres Gomez eta Pol Cortecans dira beste bi gidoilariak. Trama hau da: Luciak (Elena Anaya) goi teknologiako enpresa batean egiten du lan. Kargu hobea eman behar zioten egunean, industria espioitza leporatuko diote. Castro bizkaitarrak hamabost urte daramatza Madrilen lanean, fikzio ugaritan zuzendari laguntzaile lanak egiten, baita gidoiak idazten ere.

Nazioartean arreta piztuko duen beste telesail bat Les gouttes de Dieu da. Frantziako telebista publikoak, Japoniako Huluk eta Apple TV Plusek koprodukzioan egin dute. Izen bereko mangan oinarrituta dago, eta 2009an lehen telesail bat estreinatu zuen Nippon TV kateak. Arranditsuagoa da bertsio berria. Tomohisa Yamashita kantari japoniarrak jokatzen du rol protagonista, eta Lillera joatekoa da.

Nazioarteko lehia nagusian beste honako hauek dira hautagaiak: De Grâce (Arte, Frantzia); Red Skie (Reshet 13, Israel); Milky Way (Mega TV, Grezia); The Actor (Filimo, Iran); eta Fortress (Norvegia).

Lehiaz kanpo, beste telesail batzuen mundu mailako estreinaldiak egingo dituzte: lehen egunean, esaterako, Amazon Prime Videoren Greek Salad proiektatuko dute —Cedric Klapisch aktore eta zinemagilearena da—; eta itxiera galan, Netflixen Transantlatic emango dute —Unorthodox arrakastatsuaren Anna Wingerrek sortu du, eta kazetari baten istorioa kontatzen du—.

Nazioarteko lehian, epaimahaiko presidentea Lisa Joy gidoilari eta ekoizlea izango da —Westworld telesaila sortu zuen—.

Joana da Westworld-en garaia HBO Maxen. Plataforma horretara Succesion telesailaren denboraldi berria iritsiko da martxoaren 27an, eta astebete lehenago, fikzio horretako aktore Brian Coxek hitzaldi bat emango du Lillen —Interneteko plataforman ere ikusi ahalko dira halako hitzaldi batzuk—. TF1 kateko zuzendari nagusi Rodolphe Belmerrek emango du hitzaldietako bat, eta Sky Studioseko Cecile Frotek beste bat.

Jaialdian ikusi ahalko den Afrikako telesail bakarra, berriz, Black Santiago Club izango da. Beninen eta Senegalen grabatu dute.

Madani umoristaren fikzioa

Series Manian beste estreinaldi aipagarri batzuk egongo dira. Tartean, Nawell Madani umoristak sortu duen lehen telesaila: Jusqui'ci tout va bien. Familiaz, sosoritateaz eta emakume arrazializatuek hedabideetan tokia egiteko duten borrokaz hausnartzen du fikzioak. Jaialdiaren ostean, Netflixek bere katalogoan jarriko du.

Hego Koreako Duty after school, berriz, k-drama bat da, eta fantasia asko sartu dute istorioetan. Paramount Plus plataformaren Rabbit Hole telesailak zeresana emango du —Kiefer Sutherland da aktore protagonista espioitza istorio batean—.

Filmin plataformak ekoitzitako Autodefensa telesaila ere proiektatuko dute, martxoaren 23an. Umore bitxiko lan hori Hego Euskal Herrian ikusgai dago azaroaren 29tik. Katalanez eta gaztelaniaz grabatua dago, eta sortzaile eta aktoreak Berta Prieto eta Belen Barenys dira.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Eneko Sagardoi aktorea ©Oskar Matxin / Foku

Eneko Sagardoi Roland Emmerichen telesail batean ari da lanean

Urtzi Urkizu

Gladiadoreen gaineko telesail bat da: Those about to Die. Ekoizpen erraldoi bat da eta Erromako Cinecitta estudioetan ari dira grabatzen. «Sinestea kostatzen zait oraindik», esan dio BERRIAri Sagardoik.

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Kultura parte-hartzaileak dira bide eraldatzaileak»

Urtzi Urkizu

Historialaria da Aierdi. Aniztasuna eta generoa lantzen ditu formakuntza saioetan, hezkuntzan zein erakunde eta enpresetan. «Bizipenei balioa eman, eta horietatik abiatzen gara eraldaketarako».
Ataungo Barandiaran museoan elkartutako emakumeak, atzo. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Lihoaren txirikordak

Enekoitz Telleria Sarriegi

Makrame ikastaro berezia egin dute Ataungo Barandiaran museoan, lihoa erabiliz. Landare hori zuntz bihurtu arteko prozesuaren eta Euskal Herrian izan duen garrantziaren berri izan dute.

 ©GORKA RUBIO / @FOKU

«Ez gara gelditzen; gu oraindik hor gaude, lehen lerroan»

Ane Insausti Barandiaran

Lasarteko emakumezkoen lehen saskibaloi taldeko kidea izan zen Zumeta, eta han sortu zen Urrezko Neskak taldea. Geroztik, ikuskizun ugari egiten dituzte elkarrekin. Ibilketa nordikoan eta abesbatzan ere aritzen da: «Ez gara etxean egotekoak».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...