'Baynana', migratzaileen ahotsa

Errefuxiatu siriarren talde batek komunikabide bat sortu du Interneten, ikuspegi propioa emateko

Aldizkariaren erredakzioa, Madrilen. Utzitako gela batetik lan egiten dute. BAYNANA.
jakes goikoetxea
2021eko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Okba Mohamedek Baxar al-Assad Siriako presidentearen armadak botatako bonben pean ikasi zuen kazetaritza. Zer gertatzen ari zen munduari kontatzea: aurrena, sare sozialen bidez; gero, bertako komunikabideen bitartez. Gerra eta kalea izan zituen fakultate. Lekuko zuzena zen, Siria hegoaldeko Daraan bizi baitzen. Mohamedek 16 urte baino ez zituen kazetari lanean hasi zenean.

2018ko uztailean abiatu zuen Siria uzteko bidaia: «Al-Assadek eta Errusiak eraso gordina eta luzea egin zuten hiria hartzeko, Armada Askearen kontra». Baina, Errusiaren eta Armada Askearen akordio bat baliatuz, Siria iparraldera joan ahal izan zuten, autobusetan, errusiarrek babestuta. Han, egoera ez zen ona, gerra giroa zegoen, eta Turkiara joatea erabaki zuen. Mendietan barrena, mafien esku. «Izugarria izan zen».

Siriatik ateratzerako, hura eta beste hainbat kazetari harremanetan zeuden CPJ Kazetariak Babesteko Batzordearekin. Haien bidez, Siriako 29 kazetari Europan sartu ahal izan ziren: Alemanian, Espainian eta Frantzian.

Okba Mohamed 2019ko maiatzean iritsi zen Espainiara, Madrilera, beste hiru kazetarirekin batera: Ayham Ghareeb, Moussa Al-Jamaat eta Muhammad Subat. Denak Daraakoak.

Lau kazetari, gerratik ihesi, herrialde arrotz batean galduta. Gerrarik ez, baina zailtasunez inguratuta: iheslarientzako zentro batean bizi izan ziren denboraldi batean; ez zekiten gaztelaniaz; ez zuten beharrezko informazio praktikoa arabieraz lortzen, eta migratzaileen kontrako mezuez eta jarreraz jabetu ziren.

Espainian egonda ere, kazetaritzan aritzeko apustua egin zuten: «Sirian, hiru edo lau urtean, gerra betean, kazetaritza egin eta gero, ez genion kazetaritza egiteari utziko».

Beste era bateko kazetaritza egin nahi zuten, ordea, besteak beste, arabieraz informatzeko eta migratzaileei eta iheslariei ahotsa emateko. «Komunikabideek hitz egiten dute migratzaileez, baina nor hobeto migratzaileei eta iheslariei buruz hitz egiteko, gu geu baino?», galdetu eta, aldi berean, erantzun du Okba Mohamedek.

«Gure artean»

Baynana Interneteko aldizkaria sortu zuten, porCausa fundazioaren laguntzarekin. «Gure artean» esan nahi du baynana hitzak. Lau kazetari siriarrek eta Andrea Olea kazetari espainiarrak —hura da koordinatzailea— osatzen dute erredakzioa. Utzitako gela bat, ordenagailu eramangarri batzuk, kamera bat eta lanerako gogoa: horiek dira Baynana-ren azpiegiturak.

Proiektu berritzailea da, iheslariek sortu dutelako, eta gaztelaniaz eta arabieraz idazten dutelako. Ez horregatik bakarrik, ordea. Gaitegia ikusi besterik ez dago: Saudi Arabiak Real Madrilen bidez bere irudia garbitu nahi duela, migratzaileen zailtasunak etxeak alokatzeko, Israelgo Mossadek galdekatutako kazetari palestinar baten lekukotza...

Komunikabide gehienetan migratzaileei buruzko kontakizuna mugetakoa da: muga zeharkatzea lortzen dutenak eta lortzen ez dutenak. Zer gertatzen da, ordea, gero? Zein da migratzaile horien bizimodua? Zer pentsatzen dute? Baynana-n migratzaileen egoera eta zailtasunak salatzen dituzte. «Hala ere, aurrera egitea lortzen duten migratzaile asko daude; istorio positibo asko daude», nabarmendu du Okba Mohamedek: «Baina oso gutxitan hitz egiten da haietaz».

Kazetaritza egitea zaila zen Sirian, eta zaila da Madrilen ere. Sirian, gerra betean lan egiten zutelako; Madrilen, komunikabideen eskaintza zabalaren eta krisi gordinaren erdian zaila delako lekua egitea eta proiektu iraunkor eta bideragarri bat sortzea. Horregatik, finantzaketa kolektiborako egitasmo bat abiatu dute Goteo.org webgunean. 22.780 euro bildu nahi zituzten gutxienez, eta 28.000 euro baino gehiago jaso dituzte, 465 laguntzaileri esker. Hala ere, 78.000 eurora hurbildu nahi dute diru bilketaren bigarren txandan, hurrengo hiru asteetan.

Baynana ez da haien bizibidea; beste lan batzuk egin behar dituzte. Mohamedek freelance lana egiten du. Bildutako diruak lagunduko die soldataren bat jasotzeko, azpiegiturak hobetzeko eta kazetaritza egiteko: Ceutara joateko eta hango migratzaileen egoera kontatzeko, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.