Uigurren etniako 71 kazetari preso ditu Txinako Gobernuak

Mugarik Gabeko Kazetariek salatu dute informazio eskubidearen kontrako «errepresio gogorra» dagoela gaur egun Txinan

Uigurrek jasaten duten errepresioaren aurkako manifestazio bat, Hong Kongen, 2019ko abenduan. JEROME FAVRE / EFE.
urtzi urkizu
2021eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Mugarik Gabeko Kazetariek plazaratu duten txosten baten arabera, Txinan 127 kazetari daude espetxeetan preso, eta horietatik erdiak baino gehiago uigur etniakoak dira: 71 kazetari, hain zuzen ere. Asiako herrialdearen ipar-mendebaldean bizi dira uigurrak, gehienak Sinkiang probintzian —badira uigurrak Kazakhstanen, Kirgizistanen eta Uzbekistanen ere, baina Txinan bizi direnek jasaten dute jazarpenik handiena —. Milaka uigur dituzte kontzentrazio esparruetan gatibu; Txinako Gobernuaren arabera, «terrorismoari aurre egiteko» eta uigurrei «ahalmenak eskaintzeko» balio dute esparru horiek.

Komunitate musulmanekoak dira preso dauden kazetari uigurrak. Haien lana egiteagatik dituzte atxilo, eta Christophe Deloire Mugarik Gabeko Kazetarien presidenteak zera esan du: «Zigor oso gogorrak jarri dizkiete kazetari uigur askori, batzuei bizi guztiko zigorrak ere bai». Horrek eragina du Sinkiangen kazetari lana egiten saiatzen direnen artean. «Halako zigor gogorrak ikusita, beste kazetari batzuk beldurrez bizi dira. Horrenbestez, hedabideen kontrolean ere eragina du», gaineratu du Deloirek.

Hizkuntza propioa dute uigurrek. Kazetariez gain, idazle, artista eta irakasle ugari daude espetxeetan preso edo kontzentrazio esparruetan gatibu. Munduko zenbait herrialdetan diasporako uigurrek protestak egin dituzte azkeneko urteetan. Joan den apirilean, Erresuma Batuko Komunen Ganberak genozidiotzat eta gizateriaren aurkako krimentzat jo zituen Txinak uigurren kontra egiten dituenak. Manifestazio bat egin zuten Londresen orduko hartan dozenaka uigurrek. AEBetan, Suedian eta Alemanian uigurren komunitate jendetsuak bizi dira. Mundu osoan 20 milioi inguru dira.

Mugarik Gabeko Kazetariek salatu dutenez, Txinako beste toki batzuetan ere agintariak gogor ari dira jokatzen informazio eskubidearen aurka: Hong Kongen, adibidez, hamabi kazetari eta prentsa askatasunaren ekintzaile atxilotu egin dituzte, eta bizi guztiko zigorrak jasotzeko mehatxupean daude orain.

Kazetari elkartearen txostenaren arabera, prentsa txartelak lortu edo berritu nahi dituzten kazetariek etorkizunean 90 orduko «formakuntza ikastaro» bat bete beharko dute. Era berean, kazetariek aplikazio bat behar dute izan haien sakelakoan, eta autoritateek dute aplikazio horren kontrola.

«Txinan oso gutxik egiten diote aurre zentsurari», ohartarazi du Deloirek. Gaineratu du azkeneko urteetan ikerketa kazetaritza garatzen ari zela Asiako herrialde handian. «Baina ikerketa kazetaritza hori erdira jaitsi da, eta toki batzuetan erabat desagertu da». Mugarik Gabeko Kazetarien presidenteak deia egin die munduko demokraziei, «estrategia egokiak identifika ditzaten eta Txinako Gobernua atzeraraz dezaten politika errepresiboekin jarraitu ez dezan». Atzerriko zenbait hedabideren berriemaileak ere—txinatar jatorrikoak— atxilotuta daude, eta espioitza leporatzen diete autoritateek; tartean daude Gui Minhai, Yang Hengjun eta Cheng Lei. 2020. urtean, hemezortzi atzerriko berriemailek irten behar izan zuten Txinatik.

Mugarik Gabeko Kazetarien prentsa askatasunaren zerrendan, 180 herrialdetik 177.a da Txina. Ez dago beste herrialderik hainbeste kazetari preso dituenik.

Deloirek uste du Txinak bere horretan jarraitzen badu herritarrek prentsa askatasunaren itxaropena gal dezaketela eta beste herrialde batzuek eredu «anker» hori imitatuko dutela.

Palestinakoek ezin bidaiatu

Mugarik Gabeko Kazetariek, Euro-Med erakundearen laguntzarekin, beste txosten bat plazaratu dute egunotan, Palestinako kazetarien egoerari buruzkoa. Elkartearen datuen arabera, 21 kazetari palestinarri atzerrira bidaiatzeko debekua ezarri diete. Horien artean da Majdoleen Hassona: ezin izan da joan Mugarik Gabeko Kazetarien prentsa askatasunaren saria jasotzera; Israelgo autoritateen arabera, «segurtasun arrazoiengatik». Sami Abu Salem kazetaria Gazan dago 2016tik, eta ez diote Zisjordaniara joaten uzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.