Albistea entzun

Anabel Arraizak aurkeztuko du aurten 'Zurriolako butaka' saioa

Sei hedabidek emango dute Donostiako Zinemaldiko euskal ekoizpenen berri, ostiraletik aurrera. (Bideoa albistearen amaieran).
Urtzi Urkizu, Nerea Lizarralde, Ximun Karrere, Ines Arrue eta Gaizka Izagirre, Anabel Arraizaren inguruan.
Urtzi Urkizu, Nerea Lizarralde, Ximun Karrere, Ines Arrue eta Gaizka Izagirre, Anabel Arraizaren inguruan. GORKA RUBIO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren -

2018ko irailak 18 - Donostia

Donostiako Zinemaldia ikusteko besaulkiak handitzen jarraituko du aurten ere. Ostiralean hasiko da jaialdia, eta, aurreko sei urteetan bezala, BERRIAk Zurriolako butaka saioa egingo du egunero Kursaaletik. Beste hedabide batzuekin elkarlanean aritzen da BERRIA, eta, aurten, Kanaldude batu da elkarlanera. Sei komunikabidetako ordezkariek saioa aurkeztu zuten atzo, Donostian. Euskal zinemarekin izaniko lotura estua ez dela galduko agindu dute bultzatzaileek. Izan ere, Euskal Herrian ekoitzitako filmen zuzendariak, aktoreak eta ekoizleak elkarrizketatuko dituzte egunero, Kursaaletik.

Anabel Arraizak aurkeztuko du Zurriolako butaka. Hamaika telebistan Euskaltzale eta Ajoarriero saioak aurkeztu ditu azkeneko hilabeteetan. «Zinemagintza barrutik ezagutzen dut», esan zuen atzo Arraizak, aurkezpenean. Izan ere, Mirentxu Purroyk zuzenduriko Denboraren gibelean (1993) filmean aritu zen aktore, eta Jone, igo zerura (Joseba Salegi, 2000) lanean protagonistarena egin zuen, besteak beste. Edonola ere, zinemara joaten denean «ikusle arrunt» bihurtzen dela zehaztu du. «Beraz, profesional ez direnentzat ere arituko naiz saioan».

Kanaldudek indarrak batu izana da aurtengo berrikuntza nagusietako bat. Orain arte inork egin ez duen zubi lana gauzatu nahi du telebistak. Izan ere, Donostiako Zinemaldia Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan «oso urrutitik bizi dutela» esan zuen Kanaldudeko kudeatzaile Ximun Karrerek, atzoko aurkezpenean. «Gure asmoa gerturatzea da». Izan ere, euskarazko filmek interes handia pizten dute iparraldeko ikusleen artean, eta «zinema-gelak betetzen dituzte». Batez ere, euskarazko lan horien berri zabalduko du Kanaldudek Zurriolako butaka saioaren bitartez.

Kritika ez da faltako

Urtzi Urkizu BERRIAko kazetariak eta saioko zuzendariak Izar azpian atala estreinatuko du. Iritzi tarte bat izango dela aurreratu du, «apur bat zirikatzailea». Urkizuk gaineratu duenez, «xelebrekeria pertsonalak» kontatuko ditu tartean. «Umore pixka bat jartzen saiatuko naiz».

Irutxuloko Hitza-k Donostiarekin lotutako Zinemaldia landuko du, eta Parte Zaharreko eraikin okupatuan egingo duten zinemaldi alternatiboaren berri emango dute, Nerea Lizarraldek atzo esan zuenez. Gaztezulo-ko kazetariek Euskal Herriko filmen kritikak egingo dituzte, eta jaialdiko giroaren berri emango dute.

«Kalitatean pauso bat eman nahi dugu aurten», esan du Urkizuk. «Zinemaldiaren inguruko euskarazko telebista saio bakarra izanda, egite hutsa nahikoa zen lehen urteetan. Baina, orain, ikusita Euskal Herriko hogei ekoizpen daudela eta euskal zinemagintzako urteko estreinaldirik garrantzitsuak hemen egiten direla, kalitate handiagoarekin eman nahi dugu horren berri».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Zifren eta datuen inperialismoaren menpe bizi gara»

Gorka Erostarbe Leunda

Krisi garai erabatekoa; pentsatzeko tarterik ere uzten ez duena. Hartu du denbora hori Iñigo Martinezek, eta egungo inertziak auzitan jarri ditu 'Mandamentu hipermodernoak' lanean.
Pantailak Euskaraz ekimeneko kideak, manifestua aurkezten, gaur Durangon. ©BERRIA

Euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko manifestu bat aurkeztu dute

Urtzi Urkizu

Pantailak Euskaraz taldeak plazaratu du testua, ikus-entzunezkoen arloko eta euskalgintzako zenbait eragileren ekarpenekin. Sektore desberdinetako 35 eragilek eman diote atxikimendua manifestuari. Atzo egin zuten agiriaren aurkezpena.

Kataluniako Heura enpresaren haragi tankerako pintxo beganoak jateko aukera dago azokan, Irunen. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Betiko txistorra ematen du ba!

Urtzi Urkizu

Beganismoari ikusgarritasuna ematen dion jaialdia egiten ari dira asteburuan Irunen, Ficoban: Be Veggie. Askotariko produktu eta zerbitzuak daude 70 erakusmahaitan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.