Euskararen eskaera handitzeko deia, Interneten Nazioarteko Egunean

Puntueus fundazioak sakelakoak eta nabigatzaileak euskaraz konfiguratzeko eskatu du

Euskararen eskaera handitzeko deia, Interneten Nazioarteko Egunean.
Edu Lartzanguren.
2019ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Euskararen bizitasun digitala ispiluaren aurrean agiria zabaldu du Puntueus fundazioak, gaur ospatzen den Interneten Nazioarteko Egunaren harira. Euskarazko edukien eskaintza handitzeko eskatu beharrean, eskaera areagotzeko dei egin diete herritarrei eta erakundeei. Horretarako, sakelakoak eta ordenagailuak euskaraz konfiguratzeko eskatu dute. Oraindik ere, Euskal Herriko erabiltzaileen %3-5 dira bakarrik euskara nabigazio hizkuntza moduan lehenetsita daukatenak.

«Gizarteari transmititu nahi diogu gai honek duen garrantzia», esan du Puntueus fundazioko zuzendariak. Euskarazko eskaintza asko hazi da azken urteotan. Fundazioaren datuen arabera, euskarazko edukia duten Euskal Herriko webguneak 26.663 dira, guztien %16. Euskarazko Wikipedia 29. lekuan dago munduan, 350.000 artikuluen muga pasatuta. Baina hori guztia alferrikakoa da, erabiltzaile euskaldunak ez badio sistemari esaten aukeran nahiago dituela euskarazko edukiak lehenestea, fundazioaren arabera. Izan ere, gutxi egin da aurrera horretan azken urteotan.

«Duela hamar urte egin zuten kanpaina Sustatukoek eta CodeSyntax enpresetakoek; ez da ezer berria. Baina jendeari esan behar diogu ez dela itxura kontua, eta honek garrantzi handia duela». Waliñok azaldu duenez, Interneten dabilen oro «zainduta» dago, enpresa handiek kontrolatuta. «Gailuak euskaraz konfiguratzea ez da guretzat egiten dugun gauza pribatu bat; euskarari garrantzia ematen diogun ala ez, beste norbaitek ere neurtzen du». Sakelakoa edo nabigatzailea euskaraz jartzea ekintza publikoa da; beraz, eta badu eragina eskaintzan ere, Waliñoren arabera.



Administrazioaren gailuak

Alor pribatutik egin izan dira kanpainak, lehen aipatutakoa eta PuntuEUSek Kontseiluarekin eginikoa, esaterako. «Alor publikotik ere egin beharko lukete, Jaurlaritzak eta eskuduntza, irismen eta ahalmen handiagoa dutenek». Administrazioak dituen ordenagailuak aipatu ditu Waliñok: «Horiek guztiak euskaraz jarrita, asko igoko litzateke ehuneko hori. Eman beharreko urrats sinplea da».

Azken boladan atzerapauso «nabarmenak» gertatu dira utzikeria horrengatik. Esaterako, Twitterrek euskaraz zuen interfazea beta bertsioan, baina orain kendu egin du. Googlek ez du onartu orain arte publizitatea jartzea euskarazko hedabideetan, baina onartu izan du euskarazko iragarkiak jartzea erdarazkoetan. Orain, euskarazko publizitaterik ere ez du onartzen. «Beraiek milioika hiztun dituzten hizkuntzei begira ari direla lanean esan ziguten», adierazi du Waliñok. «Ez badiegu erakusten asko izan ez arren oso komunitate aktiboa garela, atzera egiten jarraituko dute».

Halere, Puntueusetik ez diote kutsu negatiborik eman nahi mezuari. «Euskarak egoera ona du ingurune digitalean, duen tamaina ikusita. Baina ez dugu lasai egon behar horregatik, ingurune digitala oso azkar aldatzen delako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.