Kalean egoteko ahalegina indartuko du Euskalerria irratiak sasoi berrian

«Nafarroa errealaren» berri ematea dute xede. Mikel Bujandak erretiroa hartuko du ekainean

Euskalerria irratiko lantaldeak atzo eman zion hasiera denboraldi berriari. BERRIA.
ainara arratibel gascon
2019ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Abian da Euskalerria irratiaren denboraldi berria; 32.a, hain zuzen. Euskarazko irratiaren diala pizten duen entzuleak «azalean eta mamian» antzemango ditu berritasunak, Juan Kruz Lakasta esatariak azaldu duenez. Horrekin batera, azken denboraldietanegin dituzten apustuei eutsiko diete, albistegiak indartuz, eta urte osoan hainbat saio Irrintzi Dorreko estudiotik kanpo eginez. Halaber, Osasuna Espainiako Lehen Mailara itzultzearekin batera, nafarrek Sadarren jokatuko dituzten norgehiagoken zuzeneko kontaketa egingo dute, Iñaki Berastegi eta Eñaut Agirrebengoa kazetarien eskutik. Denboraldi berezia izango da Euskalerria irratiarenzat, Mikel Bujanda sortzaile eta zuzendariak erretiroa hartuko baitu ekainean.

Azalari dagokionez,sintonia, eta indikatibo «nahiko klasikoak» izan ditu sorreratik Euskalerria irratiak. «Iker Bengoetxeak berriak egin dizkigu. Musika ez ezik, umorea eta ahotsa ere sartuditugu horietan».

Mamiari erreparatuz, berriz, Euskalerria irratiak zortzi ordu inguruko programazio propioa eskaintzen segituko du, hiru saio nagusien bidez: Metropoli Forala (08:30-11:00) eta Irrintzi Dorrea(15:00-18:00) magazinak eta Iruñerrian Gaur albistegia(13:30-14:00). Entretenimendua eta informazioa uztartuz, Lakastak argi du zein den beraien helburua: «Nafarroaren errealitate instituzionalaren berri ematetik harago, Nafarroa errealaren berri eman nahi dugu, jendearengandik gertu egon. Bertako informazioaren bidez arlo horretan zerbait gehiago eman dezakegula uste dut».

Hori lortzeko asmoz «ahalegin berezia» egin nahi dute kalean egoteko. «Bai estudiotik kanpo programak eginez, baita kolaboratzaileekin kalean egonda». Estudiotikkanpoko lehen zuzeneko emanaldia irailaren 27an egingo dute. Metropoli Forala saioa Nabarreriatik egingo dute, Aldapako San Fermin festak baitira. «Festez hitz egiteko aprobetxatuko dugu, baina baita ere Alde Zaharreko herritarrei eta elkarteei ahotsa emateko. Haien aldarrikapenak eta errealitatea sakonago ezagutu nahi ditugu».

Behin baino gehiagotan egin dituzte halako saioak Iruñerrian, baina horretan ere beste urrats bat egingo dute. «Aurtengo Nafarroa Oinez Tuteran izango denez, handik programa bat egitea da asmoa».

180 kolaboratzaile

Kalean egoteko ahalegin horretan, eguerdiko albistegia indartu dute. Iaz, Euskadi Irratian eta Radio Euskadin lanean aritutako Haritz Pascual batu zitzaien; oraingo honetan, berriz, Ane Eslava BERRIAko kazetaria. «Oso pozik gaude kazetari gazteak, eta gure proiektua ondo ulertu eta harekin bat egingo dutenak, erakartzeko ahalmena izaten ari garelako. Guretzat, hori ez da erraza izaten. Baina asmatzen ari garela uste dut».

Kolaboratzaileei dagokienez, aurten ere sare zabala izango dute. 180 inguru izango dira, bai banakakoak zein elkarteak. «Ahalik eta ahots eta kolore gehienetako iritziei lekua egin nahi diegu». Hala, adibidez, Metropoli Forala saioan Iturramako Institutuarekin eta Gizakia Helburu fundazioarekin elkarlanean atalak egingo dituzte.

Bestalde, hainbat kolaboratzaile bueltatuko dira irratira. Tartean dira Patxi Huarte Zaldieroa komikilaria eta Ainhoa Juaniz aktorea. «Pertsona desberdinen azalean jarri, eta elkarrizketa ezinezkoak egingo dituzte, txanda- txandan elkarrizketatu eta elkarrizketatzaile paperean jarriz». Musika zuzenean egingo dute Ion Zelestinok eta Nerea Erbitik; Iker Tubia BERRIAko kazetariak, berriz, distopia bat egingo du.

Irrintzi Dorrean Miren Mindegiak, Bakarne Atxukarrok eta Maria Castejonek genero gaiak landuko dituzte, eta magazinean osasunari eta ingurumenari lotutako gaiak ere jorratuko dituzte, besteak beste.

Sare sozialak indartzen ere jarraituko dute. «Youtuben estudioan egindako hainbat elkarrizketa zintzilikatuko ditugu, eta streaming bidez horietako batzuk zuzenean eskaini».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.