'The Crown'-ek lortu du garaikur gehien Emmy sarietan

Zazpi sari eskuratu ditu. Komedian, 'Ted Lasso' gailendu da, eta telesail laburrik onena 'The Queen's Gambit' izan da

Olivia Colman eta Josh O'Connor The Crown-eko protagonistak, telesaileko eszena batean. BERRIA.
Olatz Esteban Ezkati.
2021eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Aurrea hartua zuen izendapenen zerrendan, eta ez du huts egin. The Crown telesaila gailendu da Emmy sarietan, zazpi garaikur lortuta. Netflixen beste produkzio bat ere izan da onenen artean: The Queen's Gambit telesail laburra. Komedian, futbol arloko lan bat gailendu da: Ted Lasso. Ezusteko handirik ez da izan pandemia garaira egokitutako lehen alfonbra gorrian.

Igande gauean izan ziren Emmy sariak, eta aurten, iaz ez bezala, alfonbra gorria eta pantaila txikiko izarrak itzuli ziren Los Angelesko kaleetara (AEB). Betiere, edukiera murriztuta eta pandemiaren neurrietara egokituta: seiehun gonbidatu baino ez zituen izan ekitaldiak, eta sarituetako batzuek distantziatik jaso behar izan zituzten garaikurrak.

Telebistako saririk entzutetsuenak ikus-entzunezkoen bilakaeraren isla dira, eta horietan ere streaming plataformek aurrea hartu diote telebista tradizionalari. Aurtengo sariek protagonista argiaizan dute: Netflix. Gehien erabiltzen den plataforma gailendu da, bi ekoizpen arrakastatsuri esker, eta, lehen aldiz, sari esanguratsuenetariko bi jaso ditu: drama lanik onenarena eta telesail laburrik onenarena. Orotara, hamar sari handi lortu ditu.

Dramazko lanen artean ez du lehiakiderik izan The Crown-ek.Buckingham Palaceko gorabeheren laugarren denboraldiak gorenean jarri du telesaila, Diana Galeskoaren iritsierarekin. Telesail onena izateaz gain, zuzendari (Jessica Hobs) eta gidoilari (Peter Morgan) onenaren garaikurrak ere jaso zituen. Aktoreen lana ere aski goraipatua izan zen. Emakumezko eta gizonezko aktore protagonista onenaren sariak jaso zituzten Josh O'Connor eta Olivia Colmanek. Baita bigarren mailako Tobias Menzis eta Gillian Andersonek ere.

Ezustekorik ez komedian

Komediak bazuen faboritoa, eta sari banaketan ez zen ezustekorik izan. Ted Lasso telesailak irabazi zuen lanik onenaren garaikurra. Futbolaz ideiarik ez duen entrenatzailearen baikortasunak eta goxotasunak ikusleak eta kritikak erakarri ditu lehen denboraldiarekin. Are, Lassorena egiten duen Jason Sudeikis aktorearen lana goraipatu zuten aktore onenaren sariarekin, baita bigarren mailako aktoreena ere (Brett Goldstein eta Hannah Waddingham). Emakumezko aktore protagonista onenaren saria, berriz, Hacks laneko protagonistarentzat izan zen, Jean Smartentzat. HBO Max-en telesail horrek eraman zituen gidoi (Lucia Aniello, Paul W. Downs, Jen Statsky) eta zuzendari (Lucia Aniello) onenaren sariak ere.

Ted Lasso-ren arrakastak gorenean jarri du Apple Tv+ plataforma: ez ditu bi urte bete, eta telebista arloko saririk esanguratsuenetarikoak eskuratu ditu. Txanponaren beste aldea Disney+ plataformarentzat izan zen. TheMandalorian telesaila faboritoen artean zegoen, 24 izendapenekin, baina ez zuen sari nabarmenik eskuratu. Ez eta WandaVision lanak ere.

Beth Harmon xake jokalari bikainaren jokaldiek eta bizitzako gorabeherek ikusleak liluratu zituzten, eta baita epaimahaikideak ere. Izan ere, telesail laburrik onenaren saria jaso zuen The Queen's Gambit-ek. Ez zen izan, baina, jaso zuen garaikur bakarra, Scott Frank zuzendariaren lana ere saritua izan baitzen.

Askorentzat esperotako aktore onenaren saria, berriz, ez zen Anya Taylor Joyrentzat izan. Kate Winsletek jaso zuen, Mare of Easttown telesailean eginiko lanagatik. Mare Seehan detektibearen azalean sartu da Winselt. Pennsylvaniako hiri txiki batean gertaturiko hilketa bat ikertzen hasiko da Seehan, bere bizitza gain behera doan bitartean.

Drama eta misterioa uztartzen dituen HBOren lan laburrak beste bi garaikur jaso zituen: bigarren mailako aktorerik onenen sariak, Evan Peters eta Julianne Nicholsonentzat. Sari handienen zerrendan sartzea lortu zuen Halston Netflixen telesail laburrak ere.

Roy Halston Frowick 70eko hamarkadako moda diseinatzailearen bizitzan oinarrituriko lana da, eta Ewan MacGregorrek antzezten du Halstonen rola. Hain zuzen ere, berak lortu zuen aktorerik onenaren saria igandeko ekitaldian, eta, hala, gaua borobildu zitzaion garaipen zerrendan buru izan zen plataformari, Netflixi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.