Albistea entzun

Atzerriko plataformek ez dute kuotarik bete beharko

Espainiako ikus-entzunezkoen lege berria onartu du Espainiako Ministroen Kontseiluak. ERCk zuzenketak aurkeztuko ditu
Netflix Euskaraz herri mugimenduaren agerraldia, Durangon, apirilaren 17an.
Netflix Euskaraz herri mugimenduaren agerraldia, Durangon, apirilaren 17an. ENDIKA PORTILLO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2021eko abenduak 1

Netflixek, Disney Plusek, HBO Maxek eta Amazon Prime Videok ez dute edukiaren %6 gutxienez euskaraz, katalanez edo galegoz izan beharko. Espainiako Ministroen Kontseiluak Ikus-entzunezko Lege Orokor berria onartu zuen atzo —behin-behineko testua, bederen—. Plataformei kuotak ezartzea adostu zuen ERCk Espainiako Gobernuarekin, baina soilik Filmin, FlixOle eta tankerakoei ezarriko diete legez, hau da, Espainian, Herrialde Katalanetan, Galizian edo Hego Euskal Herrian sortuak diren zerbitzuei.

Hala baieztatu dio, behintzat, Espainiako Gobernuak albiste agentzia bati: Netflixek, Amazon Prime Videok, Disney Plusek eta HBO Maxek, besteak beste, ez dute legez edukiaren %6 gutxienez euskaraz, katalanez edo galegoz izan beharko.

ERCk iragarri du zuzenketak aurkeztuko dituela. Testua ez da behin betikoa, eta, subiranisten arabera, «gutxiengoak soilik» adostu zituzten. Espainiako Gobernuak ERCren babesa behar du aurrekontuak onartzeko. Ikusteko dago zertan gelditzen den ikus-entzunezko lege berria, eta nola eragiten dion euskarazko, katalanezko eta galegozko edukiei.

Joan den astean honela azaldu zuen akordioa ERCk: «Netflixen egongo diren ehun filmetik 30ek Europan ekoitziak izan beharko dute; horietatik, erdiak, estatuko hizkuntzan (gazteleraz); horietatik %40, katalanez, euskaraz edo galegoz. Hau da, Europako pelikulen %20k gutxienez katalanez, euskaraz edo galegoz eskuragarri egon beharko dute. Eskaintzen den edukia hizkuntza koofizial batean eskuragarri badago, itzulita edo azpidatzita, eskaintzan gehitu beharko da derrigorrez». Baina baliteke paper errea izatea hori guztia.

Kataluniako aktore eta bikoizleen AADP elkarteak eta Plataforma per la Llenguak lehendik ere uste zuten «murritza» zela akordioa, plataformak soilik bikoiztuak eta azpidatziak dauden edukiak sartzera behartuko lukeelako legeak, «teknikoki posible denean», eta horrek aitzakiak emango dizkielako plataformei. Euskalgintzaren Kontseiluak, Galiziako eta Kataluniako beste eragile batzuekin batera, auziaren gaineko analisi bateratua egingo du gaur.

Bestalde, Espainiako Kongresuan, PSOEren eta Unidas Podemosen gobernuaren aurka gogor jo du Mireia Vehi CUPeko diputatuak: «Nola da posible gobernu batek ez balio izatea atzerriko enpresa handiei legeak betearazteko?». Streaming plataforma horiekin gogorra izateko eskatu du, kuotak bete ditzaten.

Bikoizleen bi errealitate

Egoera horretan, duela egun batzuk, Kataluniako DUB bikoizle taldeak agerraldi bat egin zuen, hamar eguneko epean negoziazio bidez baldintzak hobetzen ez baziren greban hasiko zirela mehatxu eginez. Handik gutxira, TV3 telebistako zuzendaritzak bilera batera deitu zituen bikoizleak. CCMA Kataluniako hedabide publikoen korporazioak baldintza berriak ezarri dizkio TV3i, eta bikoizleen eskaerak aintzat hartuko dituzte. Hala, katalanezko bikoizketarako aurrekontua %30 handituko da, eta kontratazioetarako sei estudiori emango diete lana. Bikoizketa zerbitzuen kontratazioetan, mekanismo bereziak ere ezarriko dituzte: auditoriak, zaintza zerbitzuak eta bikoizketa planak. Aurreko baldintzetan, desagerraraziak zituzten mekanismo horiek.

Kalitate eskakizunak ere sartu dituzte eskakizun pleguan. Bikoizle katalanak oro har gustura daude baldintza berriekin. Baina AADP elkarteak ohartarazi du kezka duela zenbait zerbitzu azpikontratatu egin daitezkeelako.

Kataluniako Generalitateko Kultura Sailaren bikoizketarako aurrekontua aurten 6,3 milioi eurokoa izan da —ia hiru milioi euro handitu zen iazkoarekin alderatuta—. %30 inguru haziko da datorren urtean.

Kataluniako bikoizleek lortutakoaren harira, Bieuse elkarteko bikoizleek —hiru urte dira greba hasi zutela— uste dute sei estudio kontratatzeak lanaren «kalitatea» eta «aniztasuna» bermatzen duela. ETBk estudio bakar bati ematen dio lana egun: Bilboko Mixer enpresari. Baldintzetan, bestalde, Bieuse kooperatibari iruditzen zaio katalanek kalitate eskakizunak lortu dituztela: «Katalunian bikoizketarako eskakizun plegua lanbideak benetako balioa izan dezan aldatu dute, kalitate linguistiko eta artistikoa lehenetsiz, tarifen igoera eta lan kantitatearen gehitzearekin batera. Duintasunez lan egiteko moduko baldintza ekonomikoak hobetu dituzte». Aldarrikapen horiek berak ditu elkarteak. «Bieusen beti eskatu duguna da, baina erakundeen gaiarekiko ukazioa amaigabea da».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA

«Agirrek esandakoak egia direla frogatu dut»

Amaia Igartua Aristondo

Aurreneko lehendakariaren erbestea eta jazarpena kontatu ditu Niebelek argitaratu berri duen liburuan: 'A la caza del primer lehendakari'. Dokumentazio lan sakon baten emaitza da obra.
 ©BERRIA

Makina bat sortzaile

Iker Tubia

Adimen artifiziala erabiliz olerki liburu bat argitaratu du Beñat Erezuma ingeniariak. Teknologia hori kultur sorkuntzan sartua da, dagoeneko, eta adituek uste dute lagungarri izan daitekeela artistentzat. Hala ere, gizakiaren eskua beharrezkoa da sorkuntza prozesua burutzeko.

<em>Vampire academy</em> telesaileko eszenak grabatuko dituzte zazpi egunez Donostiako Miramar jauregian. ©URTZI URKIZU

Banpiroak Miramarren dira

Urtzi Urkizu

Universal Erriberrin ari da grabatzen 'Vampire academy' telesaila, eta asteon Donostian da

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.