Albistea entzun

Aldekoak esan du EITBk datozen aldaketei aurre egin behar diela

EITBren 40. urteurreneko ekitaldia egin dute, Bilbon. Politika, kultura, gizartea eta ekonomia arloetako 300 gonbidatu inguru bertaratu dira
Iñaki Zarraoa, Alberto Surio, Josu Ortuondo, Maite Iturbe, Jose Maria Gorordo eta Andoni Ortuzar EITBko zuzendari nagusi ohiak eta Andoni Aldekoa gaur egungo zuzendari nagusia, atzo, Bilbon.
Iñaki Zarraoa, Alberto Surio, Josu Ortuondo, Maite Iturbe, Jose Maria Gorordo eta Andoni Ortuzar EITBko zuzendari nagusi ohiak eta Andoni Aldekoa gaur egungo zuzendari nagusia, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2022ko maiatzak 17

Ostiralean 40 urte beteko dira EITB sortzeko legea onartu zenetik. Eta EITBk urteurrena ospatzeko ekitaldi instituzionala egin zuen atzo Bilboko Guggenheim museoan, 300 gonbidaturen aurrean. Legearen testuak jaso zuen «euskararen sustapena eta zabalkundea bereziki kontuan hartuko dituela EITBk»; berrogei urteotan, ez da berritu. Azaroaren 23an, 40 urte beteko dira Euskadi Irratiak lehen emankizunak hasi zituenetik. Abenduaren 31n beteko dira, berriz, 40 urte ETBk lehen saioei ekin zienetik.

Ekitaldiko aurkezleak Nerea Reparaz eta Joxe Mari Iriondo izan ziren. Ondotik, Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak hartu zuen hitza: «Bihotzetik eta profesionaltasunez egindako proiektua da EITB, berezko izaera duena. Sortu zenetik, euskara, kultura, euskal frame-a eta zerbitzu publikoa dira bere betebehar nagusiak». Gaur egun EITB «Euskadiko komunikazio talde nagusia» dela nabarmendu zuen. «Europan eta munduan eskaintza elebiduna duen kasu bakarra da EITB taldea», gaineratu zuen.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, berriz, EITBren «aitzindaritza» goraipatu zuen: «EITB aitzindari izan zen kontu askotan; urtebeteko epean Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta ETB sortu ziren, eta gu konektatuta gelditu ginen. Aitzindaritza egon zen erakundea eratzeko eta hilabete gutxi batzuetan lehen emankizunak eskaintzeko aitzindaria, mota guztietako saioak munduan erosteko eta bertan ekoizteko, Euskadin ikus-entzunezkoen industria berri bat sustatzeko, euskara saio guztietara ekartzeko eta munduan bizi diren euskaldun guztiei EITBren txoria eramateko».

Urkulluk EITBko langileei eskerrak eman zizkien egindako lanagatik: «Informazioaren eta entretenimenduaren bidez, gure hizkuntza eta kultura, gure bizimodua eta nortasuna indartu duzue. Emozioen bidez, gehiago batu gaituzue». Urkulluk, halaber, 1936tik aurrera Radio Euskadiren lehen pausoetan aritu zirenak gogoratu zituen. Baita EITB sortzeko legean lanean aritu zirenak ere.

Aldekoa aurrera begira jarri zen, bestalde: «Kontsumo eta hedabide digital berrien aurrean, euskal ikus-entzunezkoen eta euskarazko edukien bermea izan behar du EITBk. Gure komunikabideak euskal gizartearentzat erreferentzia izanik, informazioan eta zerbitzu publikoan, gazteekin konektatuz, munduari euskal leihoa irekiz eta EITB proiektuaren iraunkortasuna bermatuz». Aldekoak nabarmendu zuen erronka nagusia aldaketa bizkorrei aurre egitea izango dela.

Programazio berezia

Guggenheimeko ekitaldian izan ziren irratiaren eta telebistaren sorreran parte hartu zutenetako batzuk, EITBko zuzendari nagusi izandakoak, baita ETBko zuzendari, Euskadi Irratiko eta Radio Euskadiko zuzendariak izandakoak ere. Han izan ziren Eusko Jaurlaritzako sailburu izandakoak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Eusko Legebiltzarreko taldeetako bozeramaileak, Eusko Legebiltzarreko zein Nafarroako Parlamentuko presidenteak, beste hedabide batzuetako ordezkariak eta euskal gizarteko askotariko eragileen ordezkariak ere.

Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik ETBko oroitzapen bereziak aurkeztu zituzten, modu umoretsuan. Gainera, Xabier Otaoleak 40. urteurrenerako sortu duen fanfarrea estreinatu zuen Euskadiko Orkestrak —musika pieza horrek lau hamarkadatan telebistan eta irratian entzun diren doinu ezagunak hartu ditu oinarri—. Andoni Aresti dantza eskolakoen koreografia batek lagundu zuen emanaldi hori. Olatz Salvadorrek eta Mattin Saldiasek ere parte hartu zuten, bi kanta joz.

Beste alde batetik, urteurrenaren bueltan izango dira kontu gehiago: ONCEren ostegun honetako kupoiak EITBren 40. urteurrenaren irudia du; EHUren udako ikastaroetan, Irratia eta Telebista Europan 2030 eta EITB 40 jardunaldia egingo dute uztailaren 22an; eta urriaren 15ean, Bizi EITB jaia ospatuko dute.

Atzo hasi eta aste honetan, bestalde, ETBko programetan eta Euskadi Irratiko zein Radio Euskadiko irratsaioetan urteurrena izango dute hizpide. Euskadi Irratian «denboraren makina» jarriko dute martxan Albiste Faktoria-n, hamarkadaz hamarkada entzundako sintoniak berreskuratuz —atzo hasi ziren horretan—. EITB.eus-en, urteurrenari eskainitako webgune berezi bat sortu dute. Ostiralean, argazkiz eta bideoz osatutako kronologia bat estreinatuko dute. Ezustekoak ere iritsiko dira.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Taldea. Eltziegoko dantzariak, jantzi tradizionalekin. ©BERRIA

Bost dantza ziklo bakarrean

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria

Irailaren 7tik 11ra ospatzen dira Eltziegoko festak, eta irailaren 8an egiten dituzte Ama Birjinaren omenezko dantzak. Bost dantzaz osatutako dantza ziklo oso bat da Eltziegoko dantza. Zortzi dantzarik dantzatu ohi dute, Katximorro pertsonaia lagun dutela.

 ©GOTZON ARANBURU / FOKU

«Furgoneta bidaiariei lana erraztea da helburua»

Ane Insausti Barandiaran

Furgonetan bidaiatzen dutenek sarri «kalitate eskaseko» elikagaiak jaten dituztela uste du Alberdik. Janaria nola garraiatu eta kontserbatu azalduko du, besteak beste, tailer batean.
Erromes bat, Donejakue bidean Donostia eta Orio arteko zatia egiten. ©BERRIA

Erromesak 'Done Euri' bidean

Jakes Goikoetxea

Ez da beste Donejakue bide batzuk bezain ezaguna eta jendetsua, baina erromes askok Kostaldeko bidea aukeratzen dute, paisaiagatik eta eguraldiagatik.
Hainbat ekitaldi egingo dituzte udan Txillida Lekun. ©JON URBE / FOKU

Eguzki izpiak eskulturen artera

Miren Mujika Telleria

Txillida Lekuko udako egitarauak artea, yoga, zinema, musika eta dantza biltzen ditu. Jaialdi handien egoitza ere izango da, hala nola Jazzaldiarena eta Musika Hamabostaldiarena

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...