Mipcom azoka indartsua izan da, 2019koaren parera iritsi gabe

Cannesko azokan 11.000 profesional elkartu dira asteon. Euskal Herriko hainbat ekoizlek banatzaileekin bilerak egiteko baliatu dute

Iaz baino profesional gehiago bildu dira aurten Cannesko Mipcom ikus-entzunezkoen azokan. SEBASTIEN NOGIER / EFE.
urtzi urkizu
2022ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Nahiz eta ez den pandemia aurreko urtearen datuetara iritsi, Cannesko (Okzitania) Mipcom ikus-entzunezkoen azokak antolatzaileen aurreikuspenak gainditu ditu: sektoreko 11.000 profesional baino gehiago izan dira aste honetan nazioarteko topaketan. 2019. urtean, ikus-entzunezko enpresen 13.500 ordezkari joan ziren Okzitaniako kostaldeko hirian urtero egiten den azokara.

Euskal Herriko ekoizle batek ere aipatu du aurten iaz baino «jende gehiago» ibili dela. Eiken ikus-entzunezko klusterraren laguntzarekin, Expressive Media Project, New Digital Media, Pausoka eta Prime Time Media ekoiztetxeetako euskal ekoizleak izan dira Cannesen; ETBko zuzendaritzako ordezkariak ere han izan dira.

New Digital Mediako ordezkariek Tupper Club eta Trio de ases ETB2ko saioak erakutsi dizkiete nazioarteko zenbait banatzaile eta kateri. Ekoiztetxe horrek berak Altxa txapela formatua sartu du katalogoan —lehen sektoreko ekoizle txikien eta haien produktuen gaineko saioa da—.

Pausoka ekoiztetxeak Irabazi arte telesaila eta SOS Kantak arriskuan sartu ditu, besteak beste, Basque Audiovisual katalogoan; eta Prime Time Media ekoiztetxeak, Baserria eta Gailurra Xtrem ETB1en emandako reality-ak. Ekoiztetxeetako iturriek esan dute bilera interesgarriak izan dituztela, baina ez dute akordiorik itxi oraino. «SOS Kantak arriskuan formatuak oso harrera ona izan du. Aste batzuk barru jakingo dugu norbaitek erosten ote duen», esan du Pausokako Xabier Zabaletak.

India eta Kanada

38. Mipcom azoka atzo amaitu zen, eta arreta berezia jarri dute Indiako ikus-entzunezkoetan, eta zenbait mahai inguru egin dituzte herrialde horretan sektoreak bizi duen egoeraz. Indian 900 telebista kate eta 80 streaming plataforma baino gehiago daude. Luze gabe Indiako merkatuak nazioartean indar handia hartu dezakeela iradoki dute.

Kanadako ekoiztetxeetako ordezkariek eta sortzaileek ere presentzia nabarmena izan dute azokan. Esate baterako, Xavier Dolan Quebeceko zinemagileak—Mommy, Heartbeats— bere aurreneko telesaila aurkeztu du: La nuit où Laurier Gaudreault s'est réveille. Michel Marc Boucharden izen bereko antzezlan batean oinarrituta dago, eta Kanadan azaroaren 24an estreinatuko dute. Suspensezko istorio bat kontatzen du, 1990eko hamarkadan girotutakoa.

Azokako beste izar distiratsu bat Cara Delevingne aktore eta modeloa izan da. Planet Sex dokumental saioa aurkeztu du Cannesen: Freemantlek ekoitzi du lana, BBC Three eta Hulurekin batera. Bertan, mundu osoko askotariko pertsonekin hitz egingo du Delevingnek haien sexualitateaz. Sei ataleko dokumental saioa da, eta gaien artean generoa, emakumeen sexualitatea, sexu joerak, monogamia eta pornografia daude.

Mipcom azokaren barne, bestalde, Diversify TV Excellence Awards sariak banatzen dituzte, aniztasuna hobekien islatzen duten saioei aitortza egiteko. LGBTIQ+ kategorian Kanadako Sort of saioak eraman du saria. LA (A Queer History) dokumentala ere saritu dute. Kanadako beste lan bati eman diote arraza eta etniaren irudikatze onenaren kategoriako saria: Pour toi Flora saioari. Herrialde bereko Proud To Be Me programa (CBC katea) saritu dute haur programazioari lotutako sarietan. Beste alde batetik, Buyer's Award saria Japoniako Truth suspensezko telesailari eman diote. Hideo Nakata da zuzendaria.

TF1 kateak Marie Antoinette telesaila aurkeztu du Cannesen, Frantziako azkeneko erreginaren inguruko fikzioa. AEBetako PBS kate publikoari saldu diote telesaila.

Emily Blunt aktorea ere Mipcomen izan da, The English telesaila aurkezten. Hugo Blick da gidoilari eta zuzendaria, eta 1890eko hamarkadan girotuta dago.

Mipcomeko zuzendari Lucy Smithek gogorarazi du sektoreko eremu batzuk ez direla lehen bezain handiak, «pandemia hasi zenetik Txina ez delako bere herrialdetik atera, eta Errusiak ez duelako parte hartzen».

Apirilean, MipTV azokaren 60. aldia egingo dute Cannesen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.