'Semafor', iritzia eta gertaerak ondo bereizten dituen hedabidea

Justin eta Ben Smithek 'Semafor.com' hedabide digitala sortu dute AEBetan. Irakurleei «gardentasuna» eskaini nahi diete

AEBetako Semafor hedabide digital berriaren azala. BERRIA.
urtzi urkizu
2022ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
«Iritziak informazioa zipriztintzen du usu. Horrez gain, analisiaren eta iritziaren arteko mugak lausoak izan ohi dira». Hala ohartarazi du Iñaki Lazkano EHUko kazetaritza irakasleak —iritzi formatuen eskolak ematen ditu—. Baieztapen horri erreparatu izan diote komunikazio arloko aditu askok. Zenbait kazetarik ere bai, AEBetako JustinSmithek —Bloomberg Media-ko kontseilari ordezkari ohiak— eta Ben Smithek—BuzzFeed News-en zuzendari ohiak—, kasurako. Bi kazetari horiek Semafor.com hedabide digitala jarri zuten martxan urriaren 20an. Oinarrizko lehen helburuen artean dute modu argian bereiztea gertaera hutsak eta kazetariek idazten dituzten analisiak eta iritziak. Gardentasuna eskaini nahi diete irakurleei, «ikuspuntu zabalak eta ikuspegi destilatuak». Irakurleei azaldu nahi diete zer dakiten, zer pentsatzen duten, eta gaiei beste leiho batzuk zabaldu.

Semafor hedabideak formatu hauek eskaintzen ditu: The News, albistearen gertaera nagusiak; The Reporter's View, hedabideko kazetariaren analisia; Room for Disagreement, kontrako argudio posibleen aurkezpena; The View From, jorratutako gaiaren inguruko ikuspegi desberdinak; eta Notable, beste toki batzuetan aurki daitezkeen artikulu onenen erreferentziak, informazioa zabaltzeko.

Lazkanori «interesgarria» iruditu zaio hedabide berri horren proposamena. «Are gehiago iritziak informazioa kutsatzen duen garaiotan». Hobetzeko tartea baduela gaineratu du EHUko irakasleak. «Artikulu erakargarriak eta egoki osatuak aurki daitezkeen arren, batzuetan albistearen segida baino ez da analisia». Eta beste batzuetan analisia «oso azalekoa» izaten dela uste du, «laburra eta sakontasun gutxikoa». Nolanahi ere, Semafor-en ekarpen interesgarrietako bat albistearen beste ikuspegiak eskaintzea dela iruditzen zaio Lazkanori. «Kontzeptua iradokitzailea da, baina nahitaezkoa da analisiak hobeto orraztea».

Semafor-ek, beste alde batetik, gaikako buletinak eskaintzen ditu. Gaietan adituak diren kazetariek lantzen dituzte buletin horiek. Ikerketa datuen arabera, gero eta garrantzi handiagoa ari dira hartzen buletinak hedabideen jarioan.

Buletinek eremu berezitua dute Semafor-en webgunean. Diseinu berritzailea du atariak, hiru zutabetan banatua: azken orduko albisteak, nabarmendutako gaiak eta buletinak.

Komunikabide berriaren sortzaileek aurkezpeneko testuan nabarmendu dute irakurleen konfiantza berreskuratu nahi dutela. «Horregatik, argitzen dugu zein diren lerroak: gertaerak, analisiak, iritziak, kontranarrazioak eta ikuspegi globalak», diote Justin eta Ben Smithek. Haien ustez, toki guztietako irakurleek ondo ulertu behar dute zerk bultzatzen dituen munduan hartzen diren erabakiak, eta irakurle bakoitzaren mugetatik kanpo zerk mugitzen duen boterea eta zerk kultura.

Lazkanoren arabera, ondo dago irakurleek bereizi ahal izatea iritzia eta informazio soila. «Baina, beharbada, irakurleek bainoago, kazetariek beraiek jakin beharko lukete hori». Kazetaritza anglosaxoian bereizketa argiago egin izan da Europako hegoaldeko herrialdeetan baino.

Adituen analisiak

Euskal Herrian komunikazio jarioak sarri «kazetaritza latindarraren» eragina izan duela ohartarazi du Lazkanok. «Eta, tamalez, sarri askotan iritziak lohitu egiten du informazioa. Hala, gertakaria hobeto interpretatzeko testuingurua eskaini ordez, ikuspegi jakin bat inposatzen dio irakurleari». EHUko irakaslearen iritziz, albistearen itzalean dauden gakoak ezagutzeko, kazetari adituen analisiak «ezinbestekoak» dira. «Edonork konta diezaguke Errusiak Ukraina inbaditu duela, baina inor gutxik zergatik; taxuz, bederen». Errealitatea uste baino konplexuagoa da irakaslearen arabera, «eta, horregatik, hura deszifratzeko kodeak eskaintzen dizkiguten kazetari adituen zeregina funtsezkoa da oso».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.