Kultur gaiek pisu handiagoa izango dute Euskal Irratietako goizetan

Sortzaileei ahotsa eman nahi diete. DJ Bullek musika saio bat egingo du ostiral arratsaldeetan

DJ Bullek kantu bilduma bat emango du ostiraletako bere saioan. BERRIA.
ainara arratibel gascon
2019ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Berritasunekin ekin diote Euskal Irratiek denboraldi berriari. Oihana Dagerre programazio arduradunak batzuk aletu ditu: «Goizeko magazinean kulturak pisu handiagoa izango du; arratsaldeko magazinak gidari eta izena aldaketa du; eta, ostiraletan, DJ Bullek ordubeteko musika saioa egingo du». Hurbileko informazioari garrantzia emango diote edukietan. «Baina aldi berean ikuspegi nazional bat ere eskaini nahi dugu, Hego eta Ipar Euskal Herriaren artean zubi lana egitea ere baita gure egiteko eta erronketako bat».

Goizeko informazio tartea, Goiz berri, 06:30etik 10:00etara izango da. «Hor gertuko informazioa eta Euskal Herri mailakoa uztartuko ditugu». Lehen hiru ordu laurdenetan tokiko informazioari eskainiko diote tartea, eta herrialde bakoitzak berea jasoko du: «Hor nabarmendu gaitezke gu, eduki propioak sartuz eta eguneroko agendatik apur bat aldenduz. Entzuleek estimatzen dute hori». 07:15etik 08:30era, berriz, Euskal Herri osoan jarriko dute atentzioa. «Hor aktualitateak gehiago baldintzatzen gaitu. Prentsa irakurketa ere egingo dugu». Ondoren, berriro ere, 10:00etara bitarte bertako informazioak hartuko du garrantzia

Horrekin batera, goizeko saioan laborantzari, kirolari eta teknologia berriei lotutako tarteak izango dituzte. «Kasu askotan kolaboratzaileek egiten dituzte, eta gure izaera parte hartzailea kontuan hartuta, denboraldi honetan are pisu handiagoa eman nahi diegu». Besteak beste, Joanes Anduezak teknologia berriei buruzko gaiak landuko ditu, Joxerra Aizpuruak zientziakoak eta Antton Kurrutxarrik historiakoak.

Goizeko saiora kultur gaiak ekarriko dituzte denboraldi honetan. «Orain arte arratsaldean lantzen genituen, Kultur Alea saioan.Baina garrantzitsua iruditzen zitzaigun goizean ere lekua egitea. Ez da kulturari lotutako albisteen kontaketa huts bat egingo duguna, baizik eta sortzaileei ahotsa eman nahi diegu, eta aktualitatea dagoen lekuan egon».Hala, aste honetan kazetari bat dute Donostiako Zinemaldian, egun osoan bertan gertatzen denaren berri emateko: Maia Muruaga. Behin goizeko magazina pasata, entzuleen artean hainbeste arrakasta duen kantu eskariak egiteko tarteari eutsiko diote ordu eta erdiz: 10:00etatik 11:30era.

Arratsaldeko magazinak izena eta gidari berria izango du. Gaur ze berri izango da haren izena (17:00-18:00): «Egunak emandakoaren errepasoa egingo dugu bertan, Arantxa Iriederrekin».

Elkarlana oinarri

Hortik aurrera, gai tematikoei buruzko programen txanda izango da. 19:00etatik 22:00etara entzun daitezke saio horiek, eta horietan ere badira berritasunak. Batetik, ostegunetan, Bertsoaren Lagunak elkartearen eskutik bertsolaritzari buruzko saioa izango da: Punttuka, Xan Alkhatek aurkeztuta (19:00). Ostiralero, berriz, DJ Bullek ordubeteko musika saioa egingo du urritik aurrera, 21:00etan: «Kantu bilduma bat eskainiko du»

Sasoi honetan Euskal Irratiek martxoan egingo diren udal hauteskundeetan jarriko dute arreta. «Guretzat oso hauteskunde garrantzitsuak dira, herritarrentzat hurbilen dauden erakundeak direlako udalak».

Bestalde, zubi lanak egiten jarraitu nahi dute Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean. «Hego Euskal Herriko hedabideekin elkarlanean jarraitu nahi dugu, bai kolaborazioen bidez, bai gure edukiak Arrosa sarearen bidez zabalduz. Kolaborazioak Durangoko azokan eta Korrikan egiten ditugu, adibidez. Uste dugu hori dela bidea, eta hor ere gure ekarpena egin dezakegula».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.