Satira horixkaren arrakasta

Mundu osoan 600 atal emititu ondoren, 'The Simpsons' umorezko telesail ezagunak 30 urte bete ditu apirilean. Telebistako saio luzeenetariko bat da. Arrakasta handia izan du toki askotan, besteak beste, AEBetako gaur-gaurko gaiak hurbiletik jorratu dituzten pertsonaiei esker.

MATT GROENING.
2017ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
Gutxi izango dira egun Springfieldeko familiaren gorabeherak ezagutzen ez dituztenak. Eta ez da harritzekoa: dagoeneko hogeita hamar urtedaramatzate mundu osoko hainbat txokotan agertzen, eta 100 saritik gora jaso dituzte. Marrazki bizidunak izan arren, oro har, helduentzako umorezko telesaila da; eta, horretarako, gaur-gaurko gaiak jorratzen dituzte, askotan kritika zorrotzak eginez. AEBetako gizartearen satiratzat hartzen dira Springfield herri asmatuan gertaturikoak, eta errealitatearekin ahalik eta hobekiena lotzeko, besteak beste, telesailak iraun duen 28 denboraldietan, ezin konta ahala pertsonaia famatu azaldu dira. Simpsonen erara betiere, noski.

Aurten, 30 urte dira The Simpsons lehen aldiz telebistan azaldu zela. Dena den, telesail soila zena unibertso oso bihurtu da. Jolas parke bat, bideo jokoak, komikiak, film bat... Telesailaren merchandising-a ere oso arrakastatsua izan da. Egia da, ziurrenik, telesailak ez duela garai batean zeukan fama, baina hori orain existitzen diren telesail kopuru itzelarengatik da. Matt Groening marrazkilari estatubatuarrak pertsonaia nagusiak hamabost minutuan diseinatu ondoren, 1987an emititu zen The Simpsons-en lehen atala, AEBetako Fox katean. The Tracey Ullman Show-eko atal gisa sortu zen The Simpsons, eta, lehen emisioan,Marge eta Homer Simpson azaldu ziren, euren seme-alabak oheratzen.

Film labur animatu horiek hainbesterako arrakasta izan zuten, non bi urte geroago euren programa propioa sortu zuten. Lehen denboraldietako ataletan, nabaria da irudiak desberdinak direla, baina oraingo umorea eta haria hasierako denboraldietakoak bezalakoak direla hainbat adituk. Edozein kasutan, 600 atal baino gehiagotan pertsonaia gehienak bere horretan mantendu dira, eta nahiz eta denboraldi desberdinetako atalak tartekatu, zaila da jakitea noizkoa den bakoitza, ez baitute egitura lineal bat jarraitzen.

«Simpsondarrak gure paisaia kulturala izan dira, beti egon dira hor, behintzat nire belaunaldiko jendearentzat, bai eta gazteagoentzat ere», dio Xabier Landabidea Deustuko Unibertsitate irakasle eta ikerlariak eta telesailaren jarraitzaileak. Uste dut errepikapenekez dutelakalterik egiten. «Hainbat aldiz ikus dezakezu atal bera, eta, halere, barre eginarazten dizu». Haren iritziz, baliteke «esangura soziala» galtzea, baina bestelako gauzak ere «irabazten» dituzte. «Nahiz eta AEBetako klase ertainaren satira bat izan, euskaldunok, ikusi dugunean, telesaileanislatuta ikusi dugu geure burua gauza askotan, nahiz eta ez izan gure gizartea hor ageri dena».

Telesail «atenporala»

«Erreferentzialtasun ideia unibertsal bat» lortu dute simpsondarrek, Landabidearen hitzetan. «Pertsona bakoitzak bere parametroetatik irakurriko du seriea, eta gero bere esanahiak erantsiko dizkio». Telesailaren izaera «kaustikoa» ere nabarmendu du. «Nolabait, mundu guztia da fartsa bat Simpsonen munduan». Bat dator harekin Quim Casas zinema kritikaria. «Azaltzen den ustelkeria ez da politikoa bakarrik, ekonomikoa ere bada, gizartearena... Finean, telesailak gai polemiko guztiak ukitu ditu».

Casasek 70 telesail inguru aztertu ditu La vida va en serie liburuan; halako programen zale amorratua da. The Simpson-ek, baina, beste telesailekin alderatuta, abantaila nagusi bat duela uste du: atenporala izatea. «Lost edo Breaking Bad-en, adibidez, badakizu zer gertatzen den denboraldi bakoitzean, baina Simpsonetan nozio hori galdu egiten duzu». Gainera, iruditzen zaio adin tarte oso zabal batentzako telesail bat dela. «Ongi funtzionatzen du adin eta publiko desberdinekin, eta hori telesailak duen meritu handienetako bat da, nolabait».

Telesailaren kritika gaitasunaz ere aritu da Casas. Haren arabera, batez ere «hasieran» izan zuten eragina The Simpsons-eko pertsonaiek, gaur-gaurko gaiekin lotura zuten iruzkinen bidez. «1980ko hamarkadan ez zegoen halako telesailik, eta harrigarria zen kritikak egitea. Orain, askoz telesail gehiago daudenez, agian publikoa ohitu egin da halako satira edo kritikara». Dena den, ez du uste kritika maila «leundu» denik, ezta tonua aldatu denik ere.

Asier Blas politologo eta EHUko irakasleak uste du hainbat arlo jartzen dituztela zalantzan The Simpson-en gertatzen direnek: AEBetako bipartidismoa, zuzeneko demokrazia, hautesleak, elitismoa, hipokrisia... «Simpsonek sistema politikoa kritikatzen dute, baina argi ikusten da baita pertsonaia bakoitzari egiten zaion kritika ere». Hark unibertsitatean maiz erabiltzen ditu telesailaren zatiak, gazteengana heltzeko «lagungarriak» zaizkiolako, politikaz aritzeko.

Bi AEBen «kontrajartzea»

Blasek telesailean sarri ikusten duen zerbait herri batzarrak dira, eta adierazi du horren bidez zuzeneko demokrazia salatzen dutela. «Askotan, erabaki zentzugabeak hartzen dituzte, edo baztertzaileak, baita indarkeriara jotzen dutenak ere».

Pertsonaia zehatzei dagokionez, Lisa eta haren aita Homerrek «bi AEBak» markatzen dituztela uste du, hain zuzen ere, AEBetan topa daitezkeen bi sentsibilitate politikoak: «Muturrak islatzen dituzte, eta, nolabait ere, errazagoa izaten da muturrak kontrajartzea».

Haren irudiko, Homerrek AEBetako garai bateko «langile klasea» irudikatzen du. «Langilea da, familia dauka... ordenatua da». Hala, errepublikanoen ordezkaria Homer litzateke; eta demokratena, berriz, Lisa. Landabideak Homerren gaitasun «subertsiboa» ere gogoratu du, hainbat egoeratan aurkitzen duelako bere burua zenbait ataletan.

Hasiera batean, «zentzudunena» Lisa dela iruditu arren, Blasi iruditzen zaio telesailean kritika «gogorra» egiten zaiola Lisari, haren hipokrisia azpimarratuta. «Lisak AEBetako aita fundatzaileak miresten ditu. Ataletako batean, Washingtonerako bidaia egiten dute simpsondarrek, eta hor azaleratzen dira mito horren atzean dauden gezur guztiak: nola aita fundatzaileak esklabistak izan ziren, nola tratatzen zuten jendea... eta nolako sistema politikoa den AEBetakoa, azken finean».

Erlijioak ere «zentraltasun handia» duela pentsatzen du Blasek, AEBetako klase ertaina irudikatzen dutelako, herri txiki batekoa. «Erlijioa oso garrantzitsua da, oro har, AEBetan; hori ez da ezer berria. Eta telesailean Elizak jokatzen duen rola ez da sinesmen arlokoa bakarrik; komunitatea saretzeko modua da». Modu horretan, hor azal daitezkeen «moral bikoitzak» nabarmendu ditu Blasek: «Oso ondo irudikatzen dute Elizaren rol puritanoa, batez ere Eliza protestantearena». Marge Simpson da ideologia hori hobekien islatzen duen pertsonaia, haren arabera.

Blasek ez du uste erlijioari kritika handirik egiten zaionik, ezta Landabideak ere. «Springfieldeko pertsonaiek badituzte beren fede krisiak, baina egia da beti nolabaiteko bukle batean amaitzen dutela: fedea galdu ondoren, zerbait ona gertatzen zaie, eta horrek fedea berreskuratzea eragiten du». Hori kontuan hartuta, ez du pentsatzen erlijioa zalantzan jartzen duen saio bat denik, gaia sarritan jorratu arren.

Egunerokotasuna ongi islatzen duelako ez ezik, telesailean ageri diren benetako pertsonaiak erejotzen ditu Casasek arrakastaren gakotzat: aktoreak, abeslariak, politikariak, idazleak, kirolariak... «Ez dira onak soilik mundu politiko, sozial eta erlijiosoa islatzen dutenak: star system-aren irudikapena ere primerakoa da». Iruditzen zaio beti egon direla gertatzen den guztiari begira, gero «modu sarkastiko edo omenezkoan» islatzeko: «Denboraldi guztietan agertu diren mundu errealeko pertsonaia kopuruari erreparatuta, irudipena dut The Simpsons jende ezagunaren populartasunaren barometroa izan dela».

Casasek aipatu duenez, telesailean egungo zein aspaldiko artistak agertu dira. «Gogoan dut Anne Hathaway ikusi nuela behin, baina baita Elizabeth Taylor, Alec Baldwin, Elton John, Larry King...». Horietaz gainera, Daniel Clowes eta Art Spiegelman komikilariak ere nabarmendu ditu: «Komiki marrazkilari underground-etatik hasita, pop eta rock izar handietara; denek izan dute euren aukera».

Ikuspen profetikoa?

The Simpsons-i sarri egotzi izan zaion gauzetako bat da errealitatean gerora gertatu diren gauzak «aurreikusi» ahal izatea. Esate baterako, Donald Trumpek AEBetako hauteskundeak irabazi izana. Hori «fan fenomenoaren ondorio» bat dela dio Blasek. «1980ko hamarkadan jada galdetzen zitzaion Trumpi horretaz. Gizarteko zurrumurru mordoa eramaten dituzte telesailera, normala da batzuetan betetzea».

Landabidea ere antzera mintzatu da: «Kointzidentziak topatu nahi dituenak beti topatuko ditu, ez da harritzekoa batzuetan asmatzea; hori, edo errealitatea gero eta simpsondarragoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.