Zenbait hedabidek bertatik bertara emango dituzte Baionako jaiak

ETB1ek udaletxeko balkoitik emango du gaur hasiera ekitaldia, Maitena Salinasek aurkeztuta

Baionako hiru auzoak irudikatzeko hiru giltzak botako dituzte gaur, herriko etxeko balkoitik. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Edu Lartzanguren.
2018ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Gaurtik igandera, zarata eta algara nagusi izango dira Lapurdiko hiriburuan, eta euskarazko hedabideek gertutik jarraituko diote han gertatuko denari. ETB1ek zuzenean emango du gaur jaiak abiatzeko ekitaldia, Baionako udaletxeko balkoitik. BERRIA-k lau orri eskainiko dizkio egunero ospakizunari, eta Euskal Irratiek tarte bereziak eskainiko dituzte.

Maitena Salinasek aurkeztuko du gaur, 21:30etik aurrera, jaiak abiatzeko ekitaldia. Herriko Etxeko balkoian ez da bakarrik egongo: aldamenean izango ditu Pantxika Maitia eta Andde Irosbehere kazetariak. Leon Erregea 22:00etan aterako da herriko etxeko balkoira, eta, ohiturari jarraiki, hiru giltza botako ditu. Baionako hiru auzoen ikur dira giltzak. Bitartean, Askatasunaren plazan egongo da Jaione Carpintero, elkarrizketak egiten eta han egingo diren ekitaldien berri ematen.

Lau orri egunero

BERRIA-k zabal emango du Baionako festen berri. Nora Arbelbide, Eihartze Aramendia eta Imanol Eppherre kazetariak murgilduko dira jaietan, kontakizuna barrutik egiteko.

Haurren egunaren berri emango dute, Baionako elkarteetako eta jaietako beste protagonistak elkarrizketatuko dituzte, aurten jaietan sartzea kobratzeko jarriko dute sistemak eragingo dituen gorabeheren kronika egingo dute, eta festa alternatiboetan zer egin duten eta nolako giroa egon den kontatuko dute.

Euskal Irratietako Marga Forestier kazetariak gaur gaueko ekitaldiari jarraituko dio Baionako Herriko Etxean, eta biharko albistegietan entzun ahalko da haren kronika.

Ostegunean eta ostiralean, Itzalean saio berezia egingo dute jaietatik, 12:00-13:00 artean, Marie-Agnes Gorostiagak gidatuta. Baionako gizarteko ordezkariak elkarrizketatuko dituzte, bai eta jai egitarauarekin loturiko pertsonaiak ere. Zizpa gaztetxeko gazteek ahotsa izango dute Euskal Irratietan. Asteburuan, berriz, Ihintza Arrieta kazetaria ibiliko da Baionan, zuzeneko loturak egiten.

Lehentasuna emango diete Patxa plazan Baionako Gazte Asanbladak egingo dituen ekitaldiei, hau da, festa alternatiboei. Kristof Arotzarena Gure Irratiko esatariak esan du Patxa plazako Euskal Herriko taldeen kontzertuen berri emango dutela, baina egitarauofizialari ere erreparatuko diotela.

Euskal Laborarien Batasunak bertako kalitatezko janaria saltzeko jarriko duen gunetik ere arituko dira saioan.

Jaietan sartzeko ordaintzeko sistemari ere jarraituko diote. Ostiraletik igandera, zortzi euro ordaindu beharko dute Baionan erroldaturik ez daudenek. Ostiralean hasiko dira dirua eskatzen, goizeko 10:00etan, eta han egongo dira esatariak. Ordaindu beharko dutenen iritziak jasoko dituzte. «Animazio saio bat izango da, baina gai horiek sartu egin behar dira», esan du Arotzarenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.