Hamaikak memoria historikoari buruzko atal berriak emango ditu

Astelehenean hasiko da 'Hezurren memoria' saioko sorta berria, eta abendura arte iraungo du

Andosillako herritarren lekukotzak jasoko dituzte Hezurren memoria saioko atal berrietako batean. IÑAKI LASA.
urtzi urkizu
2019ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Nafarroako memoria historikoa lantzeko ahalegin sendoa egin du aurten Hamaika telebistak. Apirilean, Hezurren memoria saioa estreinatu zuen euskarazko kate horrek, eta, datorren astelehenetik aurrera, atal berriak emitituko ditu (21:00). Abendura arte iraungo du programak. Orotara 32 atal izango ditu bildumak, bereziki 1933tik 1945era Nafarroan gertatu zena gogoratzeko.

Iñaki Lasa saioko zuzendari eta aurkezleak nabarmendu du atal berrietan hainbat herritako istorioak oroituko eta aztertuko dituztela. Hasteko, Andosillako kasinoaren istorioa kontatuko dute. «Errepublikanoek eraiki zuten kasinoa, eta gerra garaian falangistek eskuratu zuten. Besteak beste, kartzela gisa erabili zuten. Atal berean, Jose Mendezen inguruan arituko gara: fusilatzera eraman zuten, baina azkenean ez zuten hil», azaldu du Lasak.

Beste atal batean, Sanjurjo tertzioan gertatu zena kontatuko dute. «Nola eta zergatik sortu zuten azalduko dugu, eta han ziren nafarrekin zer gertatu zen». Mendabiako gertaeren berri ere emango dute. Hango bi alkate hil egin zituzten faxistek, eta haien senideak elkarrizketatuko dituzte.

Programa egiteko, 150 elkarrizketa baino gehiago grabatu dituzte Lasak eta haren lantaldeak. Erreferentetzat hartu dute Navarra 1936. De la esperanza al terror liburua (Nafarroa 1936. Itxaropenetik izura).

Atal sorta berrian, besteak beste, Benito Mussoliniren armada Tafallara iritsi zeneko pasadizoak, Pitillasko alkatearen senideek egindako lanak eta 1978an hobiak husteko sortu zen mugimendua jasoko dituzte.

Lasaren iritziz, Nafarroan gertatutakoa jakiteko 32 atal edo erreportaje egitea nahikoa izan daiteke. «Baina iruditzen zait oso interesgarria litzatekeela bilduma beraren barnean Euskal Herriko gainerako herrialdeetan antzeko zerbait egitea, gure historia bere osoan dokumentatua eduki ahal izateko».

'Hiri baratzea', 'Lotsagabe'...

Hamaika telebistak emankizun berri gehiago ere izango ditu uda honetan, errepikapenez harago. Hiri baratzea saioak —Anabel Arraizak aurkezten du— ostiral honetan hasiko du bigarren atal sorta. Ostiralero emango dute, 21:00etan.

Nafarroan egiten dute Lotsagabe saioa ere: Nafarroako hainbat alorretako emakumeen inguruan aritzen dira bertan. Ainhoa Bayanok eta Arantxa Areizagak egiten dute programa, eta abuztuaren 7tik aurrera atal berriak emango dituzte.

Aurreko urteetan bezala, bestalde, Hamaika telebistak programa bereziak egingo ditu Donostiako Aste Nagusian eta Bilboko Aste Nagusian. Gipuzkoako hiriburuko jaien programa abuztuaren 12tik 16ra emitituko dute, egunero, 21:30ean. Eta Bizkaiko hiriburuko festetakoa, abuztuaren 17tik 24ra, ordu berean.

Gurean Gaur albistegia irailaren 2an itzuliko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.