Saio batzuk ekoizten ari dira Appleren telebista zerbitzua abiatzeko 2019an

Oprah Winfreyrekin, Reese Witherspoonekin eta Steven Spielbergekin ituna egin du Applek

Reese Witherspoonek eta Oprah Winfreyk zenbait saio ekoitziko dituzte Applerentzat. FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE.
Edu Lartzanguren.
2018ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Urte asko darama Apple konpainiak arazo bitxi batekin: zer egin gehiegizko likideziarekin? 2008ko krisiak galarazi egin zion egitasmo handietan inbertitzea, eta, bitartean, produktuengatik eskuraturiko dirua pilatuz joan da Kaliforniako enpresaren kontuetan. Azkenean, topatu du diruaz nola libratu: telebista plataforma moduko bat abiatuko du konpainiak datorren urtean, eta dagoeneko ari dira horretan eskainiko diren saioak grabatzen. Aurten bakarrik, ia mila milioi euro gastatuko ditu Applek, eta izen handiko zuzendariak, aktoreak eta ekoizleak fitxatu ditu.

Gehiago da Appleren asmoez ezagutzen ez dena zabaldu dena baino. Duela urtebete Sony Pictures taldeko bi exekutibo kontratatu zituen konpainiak, zerbitzua eratzeko: Jamie Erlicht eta Zack Van Amburg. Geroztik, gutxienez 18 telesail original erosi ditu. Urrian, ituna sinatu zuen Reese Witherspoon eta Jennifer Anistonekin, lehenaren Hello Sunshineekoiztetxeak egingo duen telesail baten bi denboraldi erosteko. Ez dago informazio handirik egitasmoaren inguruan: bakarrik telebistan goizeko magazinean lan egiten duten pertsonaien ingurukoa dela istorioa, eta sasoi bakoitzak hamar atal izango dituela.

Steven Spielberg dago Applek fitxaturikoen artean. Hark 1980ko hamarkadan sortu zuen Amazing Stories misterio telesailaren bertsio berria ekoitziko dute. Hamar atal egitea hitzartu dute, eta, hainbat iturriren arabera, ia bost milioi euroko aurrekontua izango du ordu erdiko atal bakoitzak.

Ekainean, Oprah Winfreyrekin kontratua sinatu zuela zabaldu zuen Applek berak. Aurkezlea eta OWN Network katearen sortzailea da Winfrey, eta, Appleren arabera, «hainbat urterako» hitzarmena egin dute. «Elkarrekin, Winfreyk eta Applek saio originalak sortuko dituzte mundu osoko ikus-entzuleekin bat egiteko ahalmen paregabea bateratuta», esan zuen Applek, ohar batean.

Zer motatako plataforma?

Saioak ekoizteko lana egiten ari dira dagoeneko, baina oraindik zalantza handia dago Apple telebistaren inguruan: nola zabalduko ditu edukiak?

Hainbat aukera daude. Applek dagoeneko badu Apple TV izeneko gailu bat. Telebista bati lotuz gero, ikus-entzunezko edukiak eskaintzen ditu horren bitartez. Horrez gain, telebista aplikazio bat du iOS sistema eragilean. Apple Music zerbitzua du, musika eta bideoa streaming bidez zabaltzeko. Baliteke Applek hori erabiltzea telebista saioak eskaintzeko; izan ere, orain horren bidez dabil telebistarako egin dituen probak zabaltzen —Carpool Karaoke eta Planet of the Apps saioak tartean—.

Edonola ere, lehia latzean sartu da sagarraren konpainia. Netflix plataformak ia 7.000 milioi euro gastatu asmo ditu aurten telebistarako saioak ekoizten, hau da, Applek inbertitu nahi duena halako zortzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.