Irailaren 11ko erasoen inguruko makina bat saio emango dute

ETB1ek Mikel Reparazek zuzendutako '20 urte' erreportajea estreinatuko du bihar gauean

Mikel Reparaz kazetaria, ETBko 20 urte erreportajeko irudi batean. ETB.
urtzi urkizu
2021eko irailaren 9a
00:00
Entzun
Larunbatean beteko dira hogei urte AEBek inoizko erasorik bortitzena jaso zutenetik, eta egunotan Irailaren 11ren gaineko makina bat dokumental programatuko dute telebista kateek eta streaming bidezko plataformek.

ETBk saio berezi bat prestatu du. ETB1ek bihar estreinatuko du 20 urte izeneko erreportajea, 21:30ean —ETB2k etzi emango du, 22:15ean—. Mikel Reparaz ETBko albistegietako nazioarteko arduradunak eta Amaia Uribe ETBko AEBetako berriemaileak zenbait elkarrizketa egin dituzte: horien artean, John Boltonekin —AEBen enbaxadore ohia Nazio Batuen Erakundean—.

Irailaren 11ko atentatuen ondoriorik latzenak pairatu dituzten eremuetako bat Irak ingurua izan zen. ETB Bagdadera joan da Riyad Mohsen Salman jekea elkarrizketatzera —milizia xiitekin harremana duen talde bateko buruzagia da—. Alabaina, ETBk prestatu duen saio bereziak gertaera hura bizi izan zuten gizon eta emakumeen bizipenak eta sentimenduak jaso nahi ditu bereziki. Atentatutik bizirik irten zirenekin hitz egingo dute, horien artean Bolivar Arellano New York Post-eko argazkilaria eta Ramoon Aizarna. Baita historiaren «beste aldean» egon direnekin ere: Flayeh Al-Mayali doktorea, adibidez —Abu Ghraibeko kartzelan ia urtebetez egon zenterrorismoaz akusatuta—.

Duela 20 urte New Yorken eta Afganistanen berriemaile izan ziren Olatz Arrieta eta Maite Artola EITBko kazetariek orduko bizipenak ekarriko dituzte gogora. Halaber, AEBetako eta Irakeko zenbait gazteren lekukotzak bilduko dituzte; atentatuak izan zirenean umeak ziren, baina haien ondorioak lehen pertsonan pairatu dituzte.

Askotariko saioen artean, Iñaki Gabilondo kazetariak zenbait aditurekin hitz egingo du Movistar Pluseko #0 kateko Iñaki y...las nuevas amenazas tras el 11S saioan. Gaur emango dute, 22:00etan. Solaskideak hauek izango dira: Jacques Attali, Fernando Reinares, Lawrence Right, Pilar Cebrian, Gonzalo de Camara, Bruce Hoffman eta Manuel Navarrete. Movistar Pluseko nahieran eskaintzan, halaber, atal propio bat sortu dute Irailaren 11ko erasoen dokumentalez hornitua. Tartean da BBCren bi ataleko ekoizpen bat —egun hartan gertatutakoa herritar anonimoen grabaketekin osatu dute—.

Historia kanalak larunbatean 11-S-Especial 20 años programazio berezia eskainiko du, 18:00etan hasita, eta zenbait dokumental izango dira ikusgai erasoen gaineko ertz desberdinekin.

Apple TV Plus plataformak larunbatean AEBetako Etxe Zurian atentatuak nola bizi izan zituzten kontatzen duen dokumentala estreinatuko du. Netflixek Turning Point: 9/11 and the War on Terror bost ataleko dokumental saioa estreinatu du; 1979an Sobietar Batasunak Afganistan inbaditu zuen garaian abiatzen da lana

Ikus-entzunezko gutxik jarri dute arreta Pentagonoak jaso zuen erasoan: bada 2016ko dokumental interesgarri bat Pentagonoaren aurkako erasoaren irudiak eta lekukotzak biltzen dituena —National Geographicen eskaintzan ikus daiteke, baita Movistar Plusen ere—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.